Espainiako Auzitegi Gorenak helduentzako pixoihalen zazpi ekoizle eta ekoizleen patronala zigortu zituen 2023an, kartel bat osatu eta pixoihalen prezioak hitzartzeagatik. Horrela, hainbat autonomia erkidegotako gobernuek berezko prezioa baino garestiago erosi zituzten helduentzako pixoihalak. Baita Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ere. Eusko Jaurlaritzak auzitara joko du zazpi enpresa horietatik lauren kontra, eta zehaztu du zenbat diru eskatuko dien eragindako kalteagatik: 202 milioi euro (interesak barne). Nafarroako Gobernuak ere esan zuen auzitara joko zuela.
Eusko Jaurlaritzaren erabakia gaur jakinarazi du Maria Ubarretxena bozeramaileak, gobernu kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. Lau enpresa hauei eskatuko diete dirua: Essity Spain, Laboratorios Hartmann, Paul Hartmann España eta Laboratorios Indas. Ubarretxenak nabarmendu du enpresen «lehiaren kontrako jokabideak» kalte egin diola Eusko Jaurlaritzari, gainprezio bat ordaindu behar izan baitzuen helduen pixoihalengatik. Pixoihal horiek farmazien bidez banatzen zizkieten ospitalean ez zeuden pazienteei.
Erantzunik ez
Auzitara jo aurretik, Eusko Jaurlaritzak epaiz kanpoko eskakizun bat bidali zien enpresei, kalte ordaina eskatuz. Enpresek «ez zuten erantzun edo baztertu egin zuten epaiz kanpoko akordioa», Ubarretxenaren esanetan. Orain zabaldu da auzitara jotzeko epea, eta Eusko Jaurlaritzak hala egin du. Autonomia erkidegoek guztira 1.750 milioi euro eskatuko dizkiete helduentzako pixoihalen prezioak hitzartu zituzten enpresei.
Enpresa horiek lehiaren kontrako jokabidea izan zuten hemezortzi urtean, 1996tik 2014ra. Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordeak isunak jarri zizkien prezioak hitzartu zituzten enpresei eta patronalari —60 milioi euro guztira—, baina enpresek auzitara jo zuten, eta Auzitegi Gorenak 2023an zigortu zituen, eta isunak ordainarazi zizkien.
Iruzurra agerian geratu zen enpresetako batek Merkatuen eta Lehiaren Espainiako Batzordearen barka eskeko programa baliatu zuenean. Hala, begi bistan utzi zuen zer-nolako jokabidea izan zuten helduentzako pixoihal ekoizleek hainbat urtez, eta enpresa hark isuna ordaintzea saihestu zuen.