Hezkuntza

Eusko Jaurlaritzak %16 handituko du unibertsitateen finantzaketa

Eusko Jaurlaritzak zuzenean 1.642,4 milioi euro emango dizkie EHUri, Deustuko Unibertsitateari eta Mondragon Unibertsitateari. Agerraldian ez dute argitu unibertsitate bakoitzak zenbat jasoko duen.

EHUren fakultate bat, artxiboko irudian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko maiatzaren 30a
13:02
Entzun

Gaur jakinarazi dute datozen urteetan (2023-2026) zenbat diru jasoko duten EHU Euskal Herriko Unibertsitateak —publikoa da— eta Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak. —pribatuak dira—. Hain zuzen, gaur goizean aurkeztu dute 2023-2026 Unibertsitate Sistemaren Plana Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eta EHUko errektore Eva Ferreirak, Deustuko Unibertsitateko Juan Jose Etxeberriak eta Mondragon Unibertsitateko Vicente Atxak. Jaurlaritzak zuzenean 1.642,4 milioi euro jarriko ditu, azken planean baino %16 gehiago. Gainera, 603,8 milioi jasoko dituzte finantzaketa publiko lehiakorraren, kontratupeko diru sarreren, nazioarteko finantzaketaren eta unibertsitateen baliabide propioen bidez. Orotara, beraz, 2.246,2 milioi euro izango dira unibertsitateentzat, azken planean baino % 14,5 gehiago.

Jaurlaritzak unibertsitate denei emango die 2019-2022ko planean baino diru gehiago. Halere, batzuen eta besteen finantzaketa ez dute proportzio berean handitu: %16 handitu duet EHUren finantzaketa; Deustuko Unibertsitatekoa, %23; eta Mondragon Unibertsitatekoa, %15. Hain zuzen, Jaurlaritzak 1.330,7 milioi euro jarriko ditu EHUrentzat; 40,2 milioi Deustuko Unibertsitaterentzat; eta 32,4 milioi euro Mondragon Unibertsitatearentzat.

Urtez urte igotzen ari da pribatuen finantzaketa. Oraingo planean, Jaurlaritzak zuzenean jartzen duen diruaren %95,6 izango da unibertsitate publikoarentzat, eta %4,4 pribatuentzat. Aurreko unibertsitetate planean %95,7 izan zen publikoarentzat; 2007koan, lehenengo planean, %98,2. Unibertsitateen artean ere badago aldea. 2007tik %246 handitu da Deustuko Unibertsitateak jasotzen duen diru kopurua eta %179 Mondragon Unibertsitatearena. Aldiz, proportzioan igoera askoz apalagoa izan du EHUk: %28koa.

Diru kopuru orokorra iragartzearekin batera, planaren ardatz nagusiak ere azaldu dituzte. Hiru izango dira. Batetik, unibertsitateen eta enpresen arteko harremana sustatzea nahi dute. Bestetik, unibertsitate sistema «bikaintasun zientzia globalaren testuinguruan» jartzea. dute xede Azkenik, gizarteak beste gizarte batzuekin harreman gehiago edukitzea nahi dute unibertsitate sistemaren bidez.

Ziurtatu dute ardatz horiek ekintza zehatzetan isla izango dutela. Besteak beste, planean jasota dago Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea eraikitzea Bizkaian; eraldaketa digitala azkartzea, «unibertsitate hibrido digital-fisikoaren eredu bihurtzeko»; eta enpresekin eta Lanbide Heziketako ikastetxeekin harremanak sendotzea, «enplegagarritasuna hobetzeko».

Helburuak finkatuta

Planean zehaztu dituzte unibertsitateek 2026ra bitartean izango dituzten helburuak ere. Esaterako, nahi dute %50 igotzea gradu eta master dualen —ikasleak ikasten eta lanean aritzen dira aldi berean— eskaintza, %50 igotzea nazioarteko esperientziak eskaintzen dituzten gradu eta master titulazioak ere; ingeniaritzari eta zientziei lotutako STEM titulazioetan matrikulatutako ikasleen %52 emakumeak izatea —aurreko planean ere helburu bera jarri zuten—; eta irakasle ikertzaileen %52 emakumeak izatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.