Eusko Jaurlaritzak 1.500 gradu progresio eman ditu espetxe eskumena hartu zuenetik

Iaz 470 progresio eman zituzten, eta gaur egun presoen %30,7 hirugarren graduan daude. Jaurlaritzak aitortu du arazo bat duela espetxeetako toki kopuruarekin.

Zaballako espetxea, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO / FOKU
Iosu Alberdi.
2025eko martxoaren 4a
12:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen Sailak jakinarazi du 1.531 gradu progresio eman dituela 2021eko urrian espetxe eskumena hartu zuenetik 2024. urtea amaitu bitarte. Era berean, aitortu du zailtasunak dituztela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetara lekualdatu nahi duten presoak hartzeko, «toki faltak eraginda».

Voxen galderei erantzunez eman du Jaurlaritzak azken urteetako datuen berri. Zehaztu du eskumena bere gain hartu zuen urtean 94 gradu progresio onartu zituela Justizia Sailak, Zaballako (Araba), Basauriko (Bizkaia) eta Martuteneko (Gipuzkoa) espetxeetako tratamendu batzordeen txostenekin bat eginez. Kontuan izan behar da urte hartan hiru hilabete besterik ez zuela egin espetxeen gidaritzan. Hurrengo urteetan, berriz, egonkor mantendu da progresio kopurua: 2022an, 491 izan ziren; 2023an, 476; eta iaz, 470.

Progresio horiek jaso dituzten presoen delituen tipologiari ere erreparatu diote txostenean. Justizia Sailaren datuen arabera, progresioen %30 inguru ondarearen aurkako delituengatik zigortutakoei dagozkie; %15, osasun publikoaren aurkako delituei; eta %12, justizia administrazioaren aurkakoei. Ehuneko apalagoekin ageri dira hauek: giza hilketei, bide segurtasunari eta genero indarkeriari lotuak, besteak beste.

Aurreko agintaldian, Eusko Jaurlaritzak helburu gisa ezarri zuen presoen %40k erregimen irekian betetzea zigorrak, eta, Justizia Sailak publikatutako estatistiken arabera, ehunekoak gora egin du azken urteetan, baina ez da gerturatu ezarritako helburura. Urtarrila amaitzerako, presoen %30,7 zeuden hirugarren graduan, bi urte lehenago baino ia hiru puntu gehiago. Haiei espetxe araudiko 100.2 artikulua —bigarren gradu «malguagoa»— aplikatzen zaien presoak batu behar zaizkie, baina ez dago haien inguruko daturik.

Datu zehatzagoetara jota, urtarrila amaitu zenerako 1.702 preso zeuden Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 845 bigarren graduan, 522 hirugarrenean, hiru lehen graduan, eta 332 sailkatu gabe. Era berean, 164 lagun zeuden baldintzapean aske.

300 Euskal Herriratuta

Espainiako espetxeetatik Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzeletara lekualdatutako presoen inguruan ere eman ditu azalpenak. Azken asteetan, Voxek eta PPk eraman dute gaia Eusko Legebiltzarrera, Jaurlaritzari egotzi nahian ez duela preso guztiekin berdin jokatzen. Justizia Sailak, baina, adierazi du preso kopurua «handitzen jarraitzeko ezintasunak» bultzatu duela azken hilabeteetan Euskal Herriratzeko eskaerak ukatzera. Justizia Sailaren beraren datuen arabera, zeldako 1,18 preso daude orain Zaballan, 1,45 preso Basaurin, eta 1,61 Martutenen. Azken espetxe horrek jada ez luke martxan egon behar, baina atzerapenak izan dituzte Zubietakoa eraikitzeko lanetan.

Lekualdatzeei dagokienez, espetxe eskumena Jaurlaritzaren esku geratu zenetik, 300 preso lekualdatu dituzte Zaballara, Basaurira edo Martutenera. Haietatik 38 iritsi ziren 2021eko azken hiru hilabeteetan; 2022an, 165; 2023an, 60; eta iaz, 37. Jaurlaritzaren esanetan, beherakada hori lotua dago «zentroen gaitasun operatiboa gainditzeko» arriskuarekin, eta, argudiatu dute hiru espetxeetan sartzen den preso kopuruaren arabera hartu behar dituztela erabakiak, ezinbestean.

Maria Jesus San Jose sailburuak sinatutako erantzunaren arabera, familia lotura da eskaerak onartu edo ez erabakitzeko lehen elementua: «Lehentasuna dute seme-alabak dituztenek; gero, emaztea/senarra edo bikotekide egonkorra dutenek, gurasoak dituztenek eta, azkenik, anai-arrebak». Horren helburua, hauxe: «Birgizarteratzeko eman diezaioketen laguntza erraztea».

Halere, bestelako elementu batzuk ere baloratzen dituzte, horietako zenbait, «objektibatzen zailak». Besteak beste, adiskidetasun harremanak edo hirugarren sektoreko erakundeen harrera, Euskal Herritik kanpo daramaten denbora —«gehien daramatenek lehentasuna» dute—, bateraezintasunak eta hirugarren gradua edo espetxe baimenak jasotzeko aukerak. Halere, Jaurlaritzak zehaztu duenez, orain ez dute gaitasunik «lehen edo bigarren mailako familia lotura alegatzen dutenen eskaerak asetzeko».

HitzarmenA sinatu dute Aukerak eta La Caixa fundazioak

Maria Jesus San Josek Jaurlaritzak «gizarteratzearekin duen konpromisoa» berretsi du gaur, Aukerak agentziaren eta La Caixa fundazioaren arteko lankidetza hitzarmena berritzearekin batera. Sailburuak azaldu du haren bitartez 150 presoren «gizarteratze sozial eta laborala» sustatuko dela, lan kontratazioa ahalbidetzeko. «Askatasunaz gabetutakoen gizarteratzea eta laneratzea funtsezkoa da pertsona horiek birgaitzeko eta gizarte bidezkoagoa eta inklusiboagoa erakitzeko». Orain arte, 170 lagunek parte hartu dute biek sustatutako Reincorpora programan, eta, sailaren arabera, laneratze tasa %68 da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.