Eusko Jaurlaritza Renferen bost linea kudeatzen hasi da jadanik

Bilbo-Urduña C3 ibilbidea hobetuz abiatu da eskuduntzaren transferentzia. Estatutua osatzeko egutegia gaurkotu egingo dute aurki: 27 transferentzia egitea falta da.

Donostiako Renfeko tren geltokia. GORKA RUBIO / FOKU
Donostiako Renfeko tren geltokia. GORKA RUBIO / FOKU
xabier martin
2025eko urtarrilaren 1a
19:00
Entzun

Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak adostu zuten moduan, gaurdanik Jaurlaritzak hartu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Renferen bost linearen kudeaketa. Hala, Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren ardura dira jadanik Bilbo inguruko lau linea garrantzitsu: Bilbo Abando-Barakaldo-Santurtzikoa (C1), Bilbo Abando-Barakaldo-Muskizekoa (C2), Bilbo Abando-Urduñakoa (C3) eta Bilbo Abando-Balmasedakoa (C4f). Horrez gain, Jaurlaritza hasi da kudeatzen ere Donostiari dagokion beste ibilbide bat: Irun-Donostia-Tolosa-Brinkolakoa.

Tren ibilbide horien kudeaketa Jaurlaritzarena da jada, baina Renfek jarraituko du horiek ustiatzen, 2027ko abendura arteko kontratua baitauka indarrean. 2028rako, lehiaketa publiko baten osteko adjudikazioak erabakiko du ordutik aurrera zerbitzuak nork ustiatuko dituen. Eskuz aldatu diren bost ibilbideetan, 22 milioi bidaia izaten dira urtero, trenen 426 joan-etorri egunero.

Transferentziak aldaketa batzuk ekarriko ditu luze gabe ibilbide horietako batzuetan, kasurako, Aiala eta Bilbo artean (C3). Antolaketa berriak zerbitzu azkarragoak eskainiko ditu Bilbora joateko; Laudio eta Bilbo artean 15 minutuko tartea baino ez du izango zerbitzuak. Karrantza eta Aranguren artean ere hobekuntzak prestatzen ari dira, Susana Garcia Mugikortasuneko sailburuak azaldu duenez. Eta urtarrilaren 7an hasita, Renfek hamasei Civis zerbitzu eskainiko ditu, geldialdi gutxiago eginez. C3 ibilbidean, berriz, asteburuko zerbitzuak indartuko dituzte, eta 76 jarriko dituzte erabiltzaileentzat, Urduña eta Bilbo hobeto lotzeko — lehen, 55 tren ibiltzen ziren—.

Horrez gain, Jaurlaritzak Renferekin adostu du Araban aldiriko zerbitzuaren beste diseinu bat martxan jartzea. Udaberriaz geroztik, zerbitzuak izango dira Miranda Ebro (Burgos, Espainia) eta Altsasu artean, goizean, eguerdian eta iluntzean, eta orain arte Gasteizen amaitzen ziren ibilbide batzuk luzatu egingo dituzte Arabako Lautadara arte.

Renfek konpromisoa hartu du zerbitzua ematen duten 44 trenetatik 25 aldatzeko. Zaharrenak erretiratu eta 25 berri sartuko dituzte 2027. urtea amaitu aurretik

Eskuduntzaren aldaketak, halaber, tren hobeak ekarriko ditu bost ibilbideetan. Renfek konpromisoa hartu du zerbitzua ematen duten 44 trenetatik 25 aldatzeko. Zaharrenak erretiratu eta 25 berri sartuko dituzte 2027. urtea amaitu aurretik. Bestalde, ADIFek tren sarea hobetzeko inbertsio plangintza bat onarturik dauka, eta, horri jarraikiz, datozen hamar urteetan 400 milioi euro baliatuko ditu helburu horrekin. 

Madrilen eta Gasteizen arteko transferentziak Jaurlaritzaren esku utzi du, era berean, tren zerbitzu horien salneurriak ezartzeko gaitasuna. Aldiriko tren horien bidaiarien eskubideak eta betebeharrak ere Gasteizek ezarriko ditu, eta baita isunen arautegia eta inspekzioak ere.

Beste lau transferentzia

Espainiako Gobernuak, Pedro Sanchez presidentea buru duela, Gernikako Estatutua 2025. urtean osatzeko konpromisoa hartua dauka, 2023ko azaroan EAJrekin sinatu zuen Sanchezen inbestidurarako akordioan jasota dagoenez. Horrek esan nahi du egiteko geratzen diren beste 27 transferentzia egin beharko lituzketela hasi berri den urtean. Madril eta Gasteiz erlojuaren aurka ari dira lanean, eta negoziatzaile taldeek azkartu egin dituzte bilerak urtarrilerako bertarako Jaurlaritzak beste lau eskuduntza berri jaso ditzan. Hauek dira eskumen horiek: atzerritarren lan baimenak, itsas salbamendua, meteorologia eta lan osasuna eta segurtasuna Barakaldoko Makineriaren Egiaztapen Zentro Nazionalean.

Estatutua atzean uzteko transferentzien kronograma bat lantzen ari da Jaurlaritza. Aurreikus daiteke Gizarte Segurantzaren eskumena izatea azkena Jaurlaritzara heltzen

Joan den urte amaierarako itxita nahi zituen Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariak transferentzia horiek, baina Valentziako (Herrialde Katalanak) uholdeek egutegian eragin dute, Mediterraneoko hondamendiari begira jarri behar izan dutelako Madrilen. Urte bukaeran, abenduaren 16an, itsasertzetako kudeaketa eta Zinemagintzaren Babeserako Funtsa eskuratu zituen Gasteizko gobernuak. Orain, Estatutuak jasotzen dituen beste 27 transferentziak egiteko egutegi berria zehazteko lanetan dabiltza gobernu biak.

Pradalesek ez du askorik luzatu nahi «Gernikako Estatutuaren karpetakoa ixteko» negoziazioa. 2023an adostutako kronograma ez da bete, eta Jaurlaritzako lehendakariak badaki estatus berriaren eztabaida zain dagoela. Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren geroa baldintzatuko duen akordio historiko baten bila hasi dira alderdiak, baina diskrezioz ari dira orain arte. Eztabaida publikoa aurten egin beharko lukete Eusko Legebiltzarrean, eta Gernikako Estatutua atzean uzteko transferentzien kronograma berri bat behar du Gasteizek. Aurreikus daiteke Gizarte Segurantzaren eskumena izatea azkena Jaurlaritzara heltzen.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.