Eusko Jaurlaritzak eta EH Bilduk akordio bat sinatu dute EAEko aurrekontuen inguruan, eta, horren ondorioz, koalizioa abstenitu egingo da abenduaren 23an horiek onartzeko egingo den bozketan. Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak sinatu dute akordioa.
Akordioan jaso dutenaren arabera, batzorde bat eratuko dute, akordioan adostutakoa betetzen dela aztertzeko. Alde bakoitzeko hiru pertsonak osatuko dute, eta lau hilabetean behin bilduko da, hartutako konpromisoak ezartzeko prozesua jarraitzeko eta horiek betetzen diren aztertzeko.
Azpiazuk berak eta EH Bilduk sare sozialetan jakinarazi dutenez, 253 milioi euroren neurriak adostu dituzte honako alor hauetarako: osasuna, klima larrialdia, ongizate energetikoa, politika soziala, I+G+B eta gazteria. Horrez gain, EH Bilduk proposatutako sei neurri politikoetatik hiru adostu dituzte.
ðŸ¤Â Eusko Jaurlaritzarekin akordioa lortu dugu: EH Bildu abstenitu egingo da EAEko aurrekontuen bozketan.
— EH Bildu (@ehbildu) December 1, 2021
253 milioi euroko neurriak itxi ditugu aurrekontu proiektua hobetzeko: osasuna, klima larrialdia, ongizate energetikoa, politika soziala, I+G+B eta gazteria. pic.twitter.com/Ycakzj0xbe
Hauek dira EH Bildurekin egindako akordioaren ondorioz Eusko Jaurlaritzak hartu dituen konpromiso politikoak:
1. Akordioan jasotakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartu du elkarrizketa sozialeko esparru guztietan eta hitzarmen kolektiboetan gutxieneko soldata bat defendatzeko eta sustatzeko, «Euskal Autonomia Erkidegoko batez besteko errentarekiko proportzionala izango dena».
2. Etxebizitzaren alorrean, alokairu pribatuaren prezioak kontrolatzeko sistema bat abian jartzeko konpromisoa hartu du Jaurlaritzak, etorkizunean Espainiako araudiak horretarako bidea ematen duenean. Gainera, Zerga Koordinaziorako Organoan etxebizitzaren alokairuaren prezioei eusteko balizko zerga neurriei buruzko txosten bat egitea proposatuko du.
3. 2022ko aurrekontuetan Eusko Jaurlaritzak %10 handituko du ikerketa, garapen eta berrikuntzarako dirua (70 milioi euro gehiago), eta urte horretatik aurrera %12 handituko du legegintzaldia bukatu bitartean, «lehenbailehen iritsi dadin gomendatutako BPGaren %3ra».
Klima larrialdiari aurre egiteko, 120 milioi
Neurri ekonomikoen artean, larrialdi klimatikoari aurre egitekoak nabarmentzen dira. 120 milioi euroren neurriak adostu dituzte akordioan. Osasunaren arloan, 30 milioi gehiago izango dira, eta gizarte politikan, hogei milioi gehiago. Ongizate energetikoaren alorrari dagozkio adostutako diruaren lau milioi euro, eta gazteen emantzipazioarenari, bi.
Akordio bat lortu dugu EH BILDUrekin, EAJ-PNVren eta PSE-EEren legebiltzarreko gehiengoa handitzen duena, Euskadiko 2022ko aurrekontuak onartzeko.
— Pedro Azpiazu (@PedroAzpiazu) December 1, 2021
Informazio gehiago: https://t.co/a0zaKywkKy#Ekonomia#Ogasuna#EuskoJaurlaritzapic.twitter.com/iKnjXPw09L
EH Bilduk iragan ostiralean erabaki zuen ez aurkeztea osoko zuzenketarik Jaurlaritzaren aurrekontuei, «elkarrizketarako borondate zintzoa» erakusteko. Eskertuta erantzun du Iñigo Urkullu lehendakariak: «Bide berri bat irekitzen da». EAJk eta PSE-EEk bestela ere ziurtatuta zituzten aurrekontuak, gehiengoa baitute Eusko Legebiltzarrean.