Eusko Jaurlaritza berriari eskatu diote eskola publikoari «lehentasun osoa» emateko

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak agerraldia egin du, eta bost eskaera egin dizkiote osatzear den Eusko Jaurlaritzari. Besteak beste, «publifikazio dinamikak» bultzatzea nahi dute.

Harro
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformaren agerraldia, gaur, Durangon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
DURANGO
2024ko maiatzaren 11
14:19
Entzun

Eskola publikoaren alde topa egitea, horren aldeko apustua berresteko eta beraien eskaerak aldarrikatzeko. Horixe izan du xede gaur Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak Durangon (Bizkaia) egin duen agerraldiak. Hain zuzen, bost eskaera egin dizkiote osatzear den Eusko Jaurlaritza berriari; tartean, hauxe: eskola publikoa sistemaren ardatza izatea eta «lehentasun osoa» ematea.

30 pertsona inguru batu dira Durangon, Euskal Eskola Publikoaz Harro topagunea osatzen duten tokiko plataformetako eta eragileetako ordezkariak denak ere. Bertan, egungo testuingurua aztertu dute, baita aurrera begira egin beharreko urratsak zehaztu ere. Bukatu berria da aurre matrikulazio prozesua, eta kritiko mintzo dira topaguneko ordezkariak: «Araudiak eskola publikoaren kontra jokatzen du: eskola publikoa aukeratzeko eskubidea oztopatzen du, gehiegizko eskaintza pribatua baimentzen du, itunpeko ikastetxe askoren praktika txarrak –kuotak, zentzugabeko garraioa...— onartzen ditu...». Hala ere, goraipatu dutenez, herritar gehienek sare publikoa aukeratu dute: «Gehiengo batek eskola publikoari, denon eskolari, eutsi dio bere hautuarekin». Hori horrela, eskola publikoa defendatzen jarraituko dutela aurreratu dute, «noizbehinka kalean eta egunero ikastetxez ikastetxe».

Halaber, laster Eusko Jaurlaritza berria egongo da, eta, azaldu dutenez, hari tokatuko zaio «eskola publikoarentzat guztiz kaltegarria» den Hezkuntza Lege berria garatzea. Hori ikusirik, bost eskaera egin dizkiote gobernu berriari. Hauek dira, zehazki, Euskal Eskola Publikoaz Harroren nahiak:

eskaerak

  1. Eskola publikoa sistemaren ardatza izan behar da, eta lehentasun osoa behar du baliabideen aldetik, azpiegituretan, plantilletan eta aurrekontuetan. Gobernu batek ezin ditu parekatu bi hezkuntza sareak gauza bera balira bezala. Pribatua ez da publikoa!

  2. Hezkuntza planifikazioa eskola publikoari begira egin behar da: 0tik 18 urtera bitarteko eskaintza publiko nahikoa bermatu behar da auzo zein udalerri guztietan, eta ez da leku pribaturik eskainiko, eskaintza publiko nahikoa dagoen bitartean.

  3. Eskola publiko bakarrak, euskaldunak eta laikoak izan behar du hezkuntza politiken helburua. Egin dezagun topa!

  4. Gure hezkuntza sistemak duen arazorik larrienetarikoarekin, alegia, eskola segregazioarekin, bukatu behar da, gizarte kohesioa lortuko bada. Segregazioa hezkuntza sistemaren pribatizazioaren ondorio zuzena da. Horregatik eskola bakarra behar dugulako, gobernuari eskatzen diogu ituntzea amaitzeko era progresiboan.

  5. Pribatizazio dinamika eteteko, ikastetxeen publifikazioa ahalbidetuko lukeen araudia sortu behar da, eta publifikazio dinamikak bultzatu behar dira.

Eskaerak ez ezik, galderak ere egin dizkiote sortzear den gobernuari hartuko duen norabidearen inguruan: «Jarraituko al du irakaskuntza pribatuaren aldeko politikekin eskola publikoa zokoratzen?». Eta: «Noiz egingo da eskola publikoaren aldeko apustu sendoa? Noiz amaituko da ituntze unibertsala? Noizko hezkuntza itunen berrikusketa?».

Ekainaren 2an, Ordiziara

Dei batekin amaitu dute prentsaurrekoa: gogorarazi dute ekainaren 2an egingo dutela Euskal Eskola Publikoaren aldeko Jaia Ordizian (Gipuzkoa), eta bertan parte hartzeko eskatu dute. Gainera, Palestinaren aldeko protestetan parte hartzera ere deitu dute: «Ez ahaztu aste honetan Euskal Herrian Palestinari elkartasuna adierazteko egingo diren mobilizazioetan parte hartzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.