Eusko Jaurlaritza berrabiarazten

Aurreko Jaurlaritzak hartutako zenbait neurri moldatu ditu Pradalesek agintean den lehen hilabetean: Emakunde eta berdintasun politikak Lehendakaritzan kokatu ditu berriz, eta bihotz kirurgia Basurtun mantenduko du, besteak beste.

Imanol Pradales, gobernua aurkeztu zuen lehen ekitaldian. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Imanol Pradales, gobernua aurkeztu zuen lehen ekitaldian. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2024ko uztailaren 27a
05:00
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 21eko bozetan EAJk lortu zuen, ozta-ozta izan bazen ere, gehiengoa botoetan. Eserlekuetan 27na berdinduta geratu zen EH Bildurekin, jelkideek lau galduta. Iazko maiatzean hasi zen hauteskunde zikloaren gainbehera galgatzea lortu zuen, arnasa hartuta. Imanol Pradalesen aldeko apustua egin zuen Sabin Etxeak lehendakarigaitzarako, eta ekainaren 20an hartu zuen lema, behin Eusko Jaurlaritzako lehendakari izendatu ostean. Iñigo Urkulluren hiru legealdien ondoren, batez ere azkenengoaren ondotik, gizarteko hainbat arlotatik eragindako kritikek eraberritu beharra eskatzen zuten, berriz ere hasi beharra. Pradalesek ekainaren 22an hartu zuen aginte makila, Gernikan, Bizkaian. Biharamunean jakin zen berdintasun politikak Lehendakaritzan kokatuko zituela berriz. Aginte makila hartzearekin batera jakin zen nortzuek osatuko zuten Jaurlaritza berria. Osakidetzaren kudeaketa izan zen Urkulluren gobernuari gehien kritikatutako sailetako bat —ez da ahaztekoa pandemia baten kudeaketak eragindako higadura—, eta sail horren norabidean esanguratsuak diren aldaketa batzuk egin ditu Alberto Martinez Osasun sailburuak karguan daramatzan hilabetean: bihotz kirurgia Basurtun utziko du, eta akordioa lortu du Osakidetzan hauteskunde sindikalak egiteko, hamar urteren ostean.

Hamabost saileko Jaurlaritza ondu du Pradalesek PSE-EErekin, inoizko handiena. Oihartzun gutxiago izan duten arren, aipatzekoa da Unibertsitate eta Zientzietarako sail bat propio sortu izana, eta Juan Ignacio Perez Iglesias jarri izana sailburu, EHUko errektore ohia. Aurreko legealdian ez baitira kritika gutxi izan, batez ere unibertsitateko irakasleen prekaritateari dagozkionak. Eta alderdiko soslaien alde baino gehiago, soslai teknikoen alde egin du zenbaitetan, Energia, Trantsizio eta Jasangarritasun Saila Mikel Jauregiren esku utzita, kasurako.

Berdintasun politikak

Emakunde, Emakumearen Euskal Erakundea, eta berdintasun politikak Lehendakaritzan txertatuta egon ziren 1988tik. Urkulluren azken legealdian, ordea, gobernuan Berdintasun Saila sortu, eta zuzendaritza moduan hara eraman zuten, Justizia eta Gizarte Politiketako sailekin batera. Haserrea eragin zuen erabaki hark bai aurretik Emakundeko zuzendari izandakoen artean, bai mugimendu feministan. Eskatu zuten Lehendakaritzan kokatzeko berriz, 1995ean Pekingo Konferentzian adostutako irizpideei jarraikiz: berdintasun organoak gobernuetako lehendakaritzetan kokatu behar zirela, politika publikoetan «zentralitatea» eta «genero zeharkakotasuna» bermatzeko.

Hori gutxi ez, eta handik bi urtera Izaskun Landaida kargutik kendu zuten. Landaida 2012tik zen Emakundeko zuzendari, eta lortu zuen komunikazio kanal bat irekitzea mugimendu feministarekin. Ustekabeko kargugabetzea izan zen. Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Landaidaren lana eskertu zuen, baina esan zuen berdintasunerako bidean oraindik «erronka» handiak zeudela, eta hainbat «inertziari» aurre egin behar zitzaiela. Miren Elgarresta izendatu zuten Emakundeko zuzendari. Gipuzkoako Foru Aldundian Berdintasuneko foru zuzendari zebilen ordura arte.

Pradalesek Lehendakaritzan txertatu ditu berdintasun politikak, Emakundeko aurreko zuzendariek eta mugimendu feministak eskatu zuten moduan. Aurreko Jaurlaritzari egindako zuzenketa baten gisan uler liteke pauso hori.


Osasun sistema

Alberto Martinez Osasun sailburu jartzeak argitu zuen Osakidetza barrutik ezagutzen zuen profil baten alde egin zuela Pradalesek. Gurutzetako anestesiologiako zerbitzuburua izan da 2002tik. Martinezek lantaldea osatzeko egindako izendapenek irauli egin dute Gotzone Sagarduirena izandako saila, Osakidetzako zuzendaritza berrituta. Horren lekuko da, esaterako, Maite Martinez de Albeniz Osasun Arretako buru izendatu izana. Martinez de Albenizek dimititu egin zuen 2023an, Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuan izandako krisiaren ondorioz, beste hainbat profesionalekin batera. Sagarduiren sailari egotzi zioten «goitik beherako» erabakiak inposatzea eta «era diktatorialean» kudeatzea osasun sare publikoa. Osasun Saila kudeatzeko moduan eraldaketa bat egongo dela pentsarazten du Martinez de Albeniz ardura kargu batera itzultzea erabaki izanak.

Martinezek atzera egin du, halaber, Sagardui tematutako prozesu batean: bihotz kirurgiaren unitatea Basurtutik Gurutzetara eramango zutela iragartzeak sekulako protestak eragin zituen profesionalen artean. Martinezek iragarri du ez dutela Basurtutik mugituko. Eta, gainera, akordioa lortu dute Osakidetzako zuzendaritza nagusiak eta osasun zerbitzuan ordezkaritza duten sindikatuek Osakidetzan hauteskundeak egiteko. Urkulluren hiru legealditan ez bezala, hamar urteren ostean, udazkenean izango dira hauteskundeak.

Osakidetzaren egoera da gizartean kezka handienetakoa eragiten duen gaia, eta Pradalesek lehentasunezkotzat jo du. Eraldaketa hori, baina, akordio politiko zabal baten bidez egin nahi du. Arlo horretan «herri itun bat» osatu nahi du. Irailean jarriko dute martxan ituna lortzeko mahaia, eta osatuko dute alderdietako ordezkariek, sindikatuetakoek, medikuen elkargoek, pazienteek eta unibertsitateko ordezkariek. Pradalesek martxorako sinatua nahi du ituna. Urtebeteren buruan herritarrek emaitzak sumatzen hastea nahi luke.

Bilera sorta

Jaurlaritza hau berria dela eta beste modu batzuk izan nahi lituzkeela aditzera eman duten beste hamaika keinu izan ditu Pradalesek, agintean egin duen hilabetean. Bilera guztiak Ajuriaenea jauregian egin ditu, ordezkari guztiekin. Ez bakarrik alderdiekin. Hamar urte baziren Jaurlaritzako lehendakariak ELArekin bilerarik egiten ez zuela. LAB eta CCOO hartzeaz gain, Confebask ere hartu du. Baina baita unibertsitateko errektoreak, sendagileen elkarteak eta SATSE ere. Horri guztiari gaur jarri dio ginga, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Ajuriaenean hartuta.

Hiru bider baino ez da Espainiako Gobernuko presidente bat egon Ajurianean agintaldian den artean, unean uneko lehendakariak gonbidatuta. Lehena Carlos Garaikoetxearen garaian izan zen, Adolfo Suarez orduko Espainiako gobernuburua hartu zuenean; bigarrena Patxi Lopezen legealdian izan zen, PSE-EEk lehendakaritza izan duen aldi bakarrean —ezker abertzalea legez kanporatua zegoen aroan— Jose Luis Rodriguez Zapatero orduko Espainiako gobernuburu sozialista izan baitzen Ajuriaenean; eta atzokoa da hirugarren aldia.

Eta bilera sortek aurrera segituko dute. Ez da ahaztekoa asteazkenean Bingen Zupiria Segurtasun sailburuak eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak Ertzaintzari portu eta aireportuetan eskumen gehiago emateko iragarritako neurria. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburu izendatzeko EAJrekin egindako akordioaren barnean zegoen neurri hori. Eta Maria Ubarretxena asteartean da elkartzekoa Anjel Victor Torres Lurralde Politikako Espainiako ministroarekin, autogobernua betetzeko falta diren eskumenei buruz aritzeko. Pentsatzekoa da Sanchezen eta Pradalesen artean hizpide izango dutela gaia. Baita Espainiako Auzitegi Gorenak eten izana ere Jaurlaritzak atzerriko titulazioen kudeaketa hartzeko bidea, PSOEk EAJrekin adostu zuena.

Hilabete eskasean, jarrera aldaketa baten isla izan da Pradalesen gobernuak abiatutakoa. Askotariko eragileek esan dute abegikor hartu dituela Pradalesek. Oinez egiten da, ordea, bidea.

bilera sorta

  • Ekainaren 22a Imanol Pradalesek aginte makila hartu zuen Gernikako juntetxean. 
  • Uztailaren 1a. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ahaldun nagusiekin elkartu zen.
  • Uztailaren 5a. Eudeleko ordezkariekin bilera egin zuen.
  • Uztailaren 8a. Espainiako errege Felipe VI.arekin bildu zen Zarzuela jauregian, Madrilen.
  • Uztailaren 11. Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdiekin hasi zuen bilera sorta, txikienetik hasita eta Vox baztertuta. Sumarreko ordezkariak hartu zituen Ajuriaenean.
  • Uztailaren 12a. PSE-EE eta PPko ordezkariak hartu zituen, bilera banatan.
  • Uztailaren 15a. EH Bilduko ordezkariekin elkartu zen.
  • Uztailaren 16a. EAJko ordezkariak hartu zituen. Joseba Diez Antxustegi legebiltzarreko eleduna eta Andoni Ortuzar EAJren EBBko burua, batera.
  • Uztailaren 16a. Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen arduradunak hartu zituen.

  • Uztailaren 17a. SATSE Erizainen Sindikatuko ordezkariekin batu zen Ajuriaenean.

  • Uztailaren 18a. Medikuen, farmazialarien, fisioterapeuten eta erizainen elkargoetako ordezkariekin amaitu zuen osasun sektoreko bilera sorta.

  • Uztailaren 19a. Sindikatu nagusiekin egin beharreko bilera sorta ELArekin hasi zuen.

  • Uztailaren 22a. LAB eta CCOO sindikatuak hartu zituen. Egun berean, Margaritis Schinas Europako Batzordeko presidenteordearekin elkartu zen, nazioarteko ordezkari batekin lehendakari gisa egin zuen lehen bileran.

  • Uztailaren 23a. EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko buruekin elkartu zen.

  • Uztailaren 24a. Confebaskeko burua hartu zuen.

  • Uztailaren 26a. Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuarekin batzartu da Ajuriaenean.



 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.