Eusko Jaurlaritzak Gernikako Estatutua osatzea du urte politiko berrirako «lehentasuna»

Estatutu berri bat adosteko lanak alderdiek egin behar dituztela uste du Ibone Bengoetxea lehendakariordeak, eta Jaurlaritzaren eginbeharra dela akordio hori babestea.

Ibone Bengoetxea eta Imanol Pradales, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Ibone Bengoetxea eta Imanol Pradales, artxiboko irudi batean. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko abuztuaren 16a
15:10
Entzun

Urte politikoaren hasierarekin batera politikariek heldu beharreko gaietako bat izan da autogobernuarena. Gernikako Estatutua betetzeko geratzen diren eskumenen transferentzia eta estatutu berri bat adosteko negoziazioak izango dira agenda politikoaren ardatzetako bi. Horien artean, lehena da Eusko Jaurlaritzaren «lehentasuna», Ibone Bengoetxea lehendakariordeak azaldu duenez.

Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, gobernuak autogobernuaren inguruan egin beharreko urratsen norabidea zehaztuta geratu zen EAJk eta PSE-EEk adostutako gobernu programan. Hala, adierazi du euren asmoa Gernikako Estatutua betetzeko pausoak lehenbailehen ematea dela. «Oraindik 29 transferentzia daude egiteko. Lehentasuna hori da», zehaztu du Euskadi Irratian egindako elkarrizketan.

Bide horretan, Bengoetxeak gogoratu du Maria Ubarretxena Autogobernu sailburua jada bildu dela Angel Victor Torres Espainiako Lurralde Politikarako ministroarekin. Uztailaren 29an egin zuten bilera hura, eta bi aldeek adostu zuten aurreko legealdian martxan jarritako Lankidetzarako Bitariko Batzordearen bilera bat egitea urria amaitu baino lehen. Aurrez, baina, irailetik aurrera lanean beharko lukete bilkura hura prestatzeko lantaldeek.

Mahai gainean sei eskumen daude, eta jada martxan zeuden Iñigo Urkullu lehendakariaren agintaldia amaitu aurretik: kostaldearen kudeaketa, migratzaileen lan baimenak, itsas salbamendua, meteorologia, lan arloko osasuna eta segurtasuna, eta zinematografia babesteko funtsa. Hala, Bengoetxeak uste du datozen hilabeteetan «aurrerapauso bat» emango dela horien inguruko negoziazioetan. Horretarako konpromisoa azaldu du, eta gehitu du Espainiako Gobernuak ere konpromiso bera hartu zuela.

«Alderdiei dagokie»

Estatutu berri baten inguruko eztabaidari dagokionez, berriz, Bengoetxeak alderdien gain utzi nahi izan du afera hori, argudiatuta hala adostu zutela EAJk eta PSE-EEk gobernu akordioan: «Gure akordioak esaten du argi eta garbi estatus berri horren itunari aurre egiteko erantzukizuna nori dagokion. Alderdiei dagokie».

Halere, adierazi du afera horrek, osasungintzaren ingurukoak bezala, «akordio zabal bat» behar duela, eta, horretarako, alderdiekin hitz egiteko eta horiek esateko dituztenak entzuteko prest azaldu da, ondoren haiek erabaki dezaketena «babesteko». EAJren eta PSE-EEren botoak soilik dituen akordio baten alde egingo ote luketen galdetuta, Bengoetxeak berretsi du euren asmoa «akordio zabalak» lortzea dela: «Hain garrantzitsua den itun batek akordio oso zabalak izan behar ditu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.