Eusko Ikaskuntzak Jose Ramon Etxebarriari (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1948) emango dio aurtengo Manuel Lekuona saria. Elkarteak adierazi duenez, sari honen bitartez Etxebarriari aitortu nahi diote «euskararen normalizazioan zientzietako goi mailako hezkuntzan egindako ekarpen zabala» eta «euskal kulturarekin duen konpromiso adierazgarria», baita bere obraren «dibulgazioa» ere.
Euskara eta zientzia uztartu ditu Etxebarriak bere ibilbide osoan. Industria Ingeniaritza ikasi zuen Bilboko Ingeniaritza Goi Eskolan, eta 1970eko hamarkadaren hasieran ekin zion fisika eskolak emateari unibertsitatean. UEU Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaileetako bat izan zen, doktore tesia euskaraz egin zuen lehenengoetarikoa ere izan zen, eta liburu eta artikulu ugari idatzi ditu. Euskaltzain urgazlea ere bada 2016tik.
Epaimahaiak nabarmendu du Jose Ramon Etxebarriak «euskararen normalizazioari egindako ekarpen garrantzitsua» unibertsitateko ikerketa eta irakaskuntzaren arloan, «komunitate zientifikoarentzat lexikografia ezartzea ahalbidetu baitu, komunikazio globalaren teknologia berrien laguntzaz».
1999an, Korrika 11k Etxebarria omendu zuen beste zenbait euskaltzalerekin batera, zientziaren arloa euskaraz garatzeko lana nabarmendu guran. Halaber, 2011n CAF-Elhuyar sarietan Merezimenduzko Saria jaso zuen «zientzia gizarteratzeko egindako lanagatik».
37 saridun
1983an sortu zuen Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria, eta, hain zuzen ere, Lekuona izan zen lehenengo sariduna. Geroztik, Eusko Ikaskuntzak «ibilbide esanguratsu eta balio unibertsala» duen pertsona bat nabarmendu du urtero sari horren bitartez, 37 orotara.
Iaz Xabier Amurizari eman zioten saria. Odon Apraiz, Maria Jose Azurmendi, Joan Mari Torrealdai, Montxo Armendariz eta beste zenbait ere sarituak izan dira.
Eusko Ikaskuntzak Jose Ramon Etxebarria sarituko du aurten
Manuel Lekuona saria emango diote, bere ibilbide osoko «ekarpen eta konpromisoagatik». Etxebarriak euskara eta zientzia uztartu ditu beti
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu