Gogora institutuak azaldu duenez, 1936ko gerran hildako gudari baten gorpuzkiak aurkitu dituzte Abadiñoko Saibigain mendian (Bizkaia). Aranzadi zientzia elkartea eta Euskal Prospekzio Taldea ari dira indusketa lan horiek egiten, iaztik, eta eremu hartan egindako hirugarren desobiratzea da gaur jakinarazi dutena.
Larunbatean aurkitu zituzten gorpuzkiak Aranzadiko kideek, Saibigaingo tontorreko hegaletako batean, «sigi-saga zulatutako lubaki baten lerrotik gertu». Hala, uste dute babesleku bat izan zitekeela eremu hura. Azaldu dutenez, hezurdura oso bat desobiratu dute, eta, harekin batera, Eusko Gudarostearen jaka eta gerriko zatiak, Astra markako pistola bat, munizioa eta objektu pertsonal batzuk —metxero bat, bi txanpon eta bi anpoila medikamentu— identifikatu dituzte.
Gogora-ren Gerra Zibilean desagertutako pertsonak bilatzeko programaren parte dira Abadiñon egiten ari diren lanak, eta gutxienez urtea amaitu bitarte iraungo dute. Hain zuzen, aurten egindako hirugarren desobiratzea da asteburukoa. Halere, lehen aldia da Urkiolako parke naturalean egiten ari diren lanetan hezurdura oso bat aurkitzen dutela. Aurrez, otsailaren 4an eta maiatzaren 11n egindako aurkikuntzetan, lagun banaren hezur zatiak topatu zituzten.
Horiek horrela, hurrengo lana DNA berreskuratzen saiatzea izango da, DNA bankuan gordeta dauden desagertuen senideen laginekin alderatu ahal izateko, gorpuzkiak identifikatzeko asmoz. Halere, azaldu dute hezurren kontserbazio egoerak baldintzatuko duela prozesua.
Gogora-k azaldu duenez, Saibigain inguruan «guda gogorrak» izan ziren 1937ko apirilaren 6tik 15era bitarte, eta jende ugari hil zen han. Izan ere, zehaztu dute gailurra, Odolaren mendia ere esaten ziotena, leku estrategikoa zela.