EH Bilduren «koalizio izaera» berreskuratu nahi dutela adierazi dute Eusko Alkartasuneko kritikoek. Horretarako, alderdiaren barneko biltzar bat egitea proposatu dute, «alderdia hausteko gogorik gabe». Kritikoen esanetan, koalizioak «bloke zabal, aurrerakoi eta abertzalea» izan beharko luke. Eusko Alkartasuna EH Bilduren esanetara jarri dela uste dute kritikoek, eta «egoerari buelta emateko» asmoz eskatu dute biltzarra egiteko.
Urrian ere 600 sinadura bildu zituen alderdiko sektore horrek, kongresu bat eskatzeko. Karlos Garaikoetxea lehendakaria eta Maiorga Ramirez EAko sektore krikikoaren burua izan dira Gasteizen, manifestuaren aurkezpenean. EH Bildu koalizioaren barnean EAk bizi duen «marjinazioarekin» kezkatuta agertu da sektorea, eta azaldu dute Sortu koalizioaz «jabetzen» ari dela: «Ezker abertzale historikoaren baldintzetara mugaturik dago, haren iraganak eta erradikalismo ideologikoak baldintzatuta». Hori kaltegarria dela irizten diote, ez bakarrik EArentzat, baita koalizioarentzat ere. Izan ere, Sorturi leporatu diote kontuan ez hartzea «ideologia eta kultura politiko ezberdinak» daudela, «hasi ezkerreko zentrotik eta ezker muturreraino». Azken horrekin hitzarmenak egin ditzaketela ere adierazi dute, baina harekin «nahastu» gabe.
Hainbat neurri proposatu dituzte EH Bilduren hasierako ideia hori berreskuratzeko: izendapen bakoitzerako «konpromiso programatikoak» adostu behar direla diote, eta adostu ez diren gaietan alderdi bakoitzaren «askatasuna eta independentzia» bermatu behar direla. Horrez gain, koalizioen «berezko aniztasunarekin errespetuzko arauak» eskatu eta, horri bide emateko, EH Bilduko zerrendetan alderdien ordezkaritza edo txandakako bozeramaileak aldarrikatu dituzte, besteak beste. Era berean, koalizioaren programak «oinarri abertzale eta aurrerakoi zabaleko programa adostuak» izan daitezela ere eskatu dute.