Alderdiak

Eusko Alkartasunak primarioak egin beharko dituela berretsi du auzitegiak

Ebazpenari ezin zaio helegiterik jarri. «Albiste ona da demokraziarentzat, Eusko Alkartasunarentzat eta EH Bildurentzat berarentzat», adierazi du Maiorga Ramirezek, ildo kritikoko buruak.

Maiora Ramirez, EAko kidetza lau urtez etengo ziotela jakin ostean egniko agerraldi batean, otsailean. VILLAR LOPEZ / EFE
2022ko irailaren 8a
13:59
Entzun

Gasteizko Lehen Auzialdiko 7. Epaitegiak arrazoia eman dio Maiorga Ramirez hautagaiari, eta agindua eman du Eusko Alkartasunako idazkari nagusia hautatzeko primarioak egiteko.

Ramirezen hautagaitza baliogabetu egin zuen alderdiko zuzendaritzak, eta Eba Blanco izendatu idazkari nagusi. Geroztik, alderdian aurrez aurre dauden bi taldeak auzitegi gerra batean murgildu dira.

Martxoaren 1ean, auzitegiek ebatzi zuten alderdiak berriz egin behar zituela primarioak. Gaur aginte makila duen Blancoren taldeak, ordea, helegitea jarri zion erabakiari. Helegitea baztertu zutenean, beste bide bat hartu zuen zuzendaritzak ebazpena bertan behera utz zezaten. Baina, oraingoan, helegiterik onartzen ez duen ebazpena plazaratu dute.

Irailaren 2ko data du azken ebazpenak, eta Maria Teresa Trinidad Santos epailearen sinadura dauka.

«Albiste ona da demokraziarentzat, Eusko Alkartasunarentzat eta EH Bildurentzat berarentzat», adierazi du Ramirezek, bere taldeak zabalduriko prentsa agiri batean. «Konponbide demokratiko bat da barne gatazkentzat, eta alderdiaren historiako ziklo ilun hau itxi du».

Aurtengo otsailean, alderdiko Nazio Batzorde Eragileak EAko kidegoa lau urtez eten zien Ramirezi, Iratxe Lopez de Aberasturiri, Mikel Goenagari, Miren Aranoari eta Esther Korresi. Batzordearen arabera, «frogatuta» geratu zen kanporaturikoek «Eskubide, Betebehar eta Diziplina Araudian arau hauste larriak eta oso larriak» egin zituztela.

2017an, EAren ohiko batzar nagusian bi ildo agertu ziren, eta Pello Urizarrena nagusitu egin zitzaion Ramirezenari. Handik aste batzuetara aukeratu zituzten Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako EAko koordinatzaile Lopez de Aberasturi, Goenaga eta Aranoa; hirurak, Ramirezen ildokoak —ildo ofizialaren esku geratu ziren Bizkaiko eta Ipar Euskal Herriko zuzendaritzak—. Harrezkero, desadostasunak nagusi izan dira alderdian: politikoki, besteak beste, EAk EH Bildun izan behar duen rola dago eztabaidagai.

Organikoki, 2019ko urrian gauzatu zuten idazkari nagusia aukeratzeko prozesua; orduan, Hauteskunde Antolaketako Batzordeak lehiatik kanpo utzi zuen Maiorga Ramirezen hautagaitza; 400 bat babes eskuratu zituen Ramirezen hautagaitzak, beharrezkoak zirenak baino gehiago, baina Hauteskunde Antolaketako Batzordeak ebatzi zuen Ramirezek ez zituela aski babes eskuratu Ipar Euskal Herrian, eta, beraz, ez zituela hautagai izateko irizpideak bete. Hori horrela, eta hautagai bakarra izanda, Eba Blanco izendatu zuten idazkari nagusi. Sektore kritikoak auzitara jo zuen, eta Gasteizko Auzitegiak behin-behinean eten zuen izendapen hori. Halere, Blanco jarduneko idazkari nagusi aukeratu zuten, prozesuak iraun bitartean. Blancok azaldu zuen epaiak ez zuela ondorio praktikorik, kongresurako prozesua martxan zegoelako jada.

Egoerak ez du hobera egin harrezkero: iazko urrian ildo kritikoak salatu zuen «jasanezina» dela alderdiaren barruan duten egoera, eta adierazi dute alderdiko ildo nagusiak «isilarazi» egin nahi dituela. Aurrez ere ildo kritikoak «ahotsik ez ematea» egotzi izan dio zuzendaritzari.

Ramirezen arabera, gaur zabalduriko ebazpenaren ostean, «garaia da boto kutxak jartzeko alkartetxeetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.