Euskharan kultur elkarteak jakinarazi du 2025eko Gasteizko udal aurrekontuen eztabaidaren harira bilera ugari egin dituztela alderdi politiko eta udal agintariekin, horietan beren jardunbidearen defentsa egin dutela, baina, hala ere, Gasteizko Udalak «bertan behera» utzi duela itundua zuten lankidetza hitzarmena. Udal erakundeari egotzi dio hitzarmena «abisurik eman gabe» eten izana, eta aurreratu du horrek ondorio larriak izango dituela: «Egoera honek desagertzeko bidean jartzen du elkartea, ezinbestean».
1998tik ari dira euskarazko aisialdia sustatzen Euskharan elkarteko kideak, eta Amaia zentroa kudeatzen dute. Aditzera eman dutenez, 25.000 euroko laguntza zuten hitzartua, eta diru sarrera hori gabe, iluna da geroa. «Elkarte txikia gara, eta udalaren sostengu sendorik gabe, ezingo dugu aurrera jarraitu», azaldu dute propio albistearen berri emateko plazaratu duten prentsa oharrean. Kultur elkarteko lehendakari Oihane Perea Perez de Mendiolak izenpetu du testua. Bertan, elkartearen jardunaren garrantzia nabarmendu dute, eta azaldu dute «herritarrek auzoan euskararekin dituzten premietan oinarriturik» bideratzen dutela.
Horregatik, ituna bertan behera uzteko erabakia atzera botatzeko eskatu dute. «Aurrekontuak onartzeko akordioa erdiesten ari den klase politikoari gogora ekarri nahi diogu errespetuzko eta duintasunezko tratua merezi dugula euskalgintzako eragileok», esan dute. «Errespetu minimo bat zor digute hirian euskara biziberritzeko lanean ari garen eragile sozialei eta herritarrei». Izan ere, Amaia zentroan egiten dituzten jardunbideen garrantzia gogora ekarri dute: edadekoentzako euskara ikastaroak, mintzapraktika saioak, haurrentzako aisialdi ekintzak, begiraleen trebakuntza... «Baina denak kolokan daude une honetan». Hitzarmenik ez dutela izango jakin dutenetik ziurgabetasun erabatekoan ari direla azaldu dute. «Zer gertatuko da egun esku artean dauzkagun hamabi ikastaroekin?». Eta erantsi dute udal ordezkariekin eta talde politikoekin izan dituzten hartu-emanetan jaso dituzten azalpenetan oraindik ere galdera handiagoak sortu zaizkiela, gainera.
«Udal ordezkarien azalpenen arabera, egun indarrean dauden hitzarmenak pixkanaka ezabatzea da udalaren asmoa», azaldu dute. Horren ondorioei neurria hartu ezinik dabiltza, zalantzaz josita: «Zein da da erabaki horren arrazoia eta zergatik ez du inork inolako azalpenik eman orain arte? Zer alternatiba planteatzen dute? Zergatik hasi Euskharan elkartearen hitzarmena errotik desagerrarazten?». Beren jarduna Eusko Jaurlaritzaren Aroa planaren lan ildoen barruan dagoela gogoratu dute, euskararen hizkuntza gaitasuna ahalbidetuko duten gune «ludikoak» eratzearen garrantzia nabarmentzen dela han, eta Aranbizkarra auzoan duten jarduna ihartzen utzita galdu egingo dela, hain justu ere, tankera horretako espazio bat.
Kontraesanak
Paradoxa agerikoa ikusten dute udal ordezkarien hitzen eta ekintzen artean. Iazko urriaren 19an Gasteiz euskararen hiria izeneko jaialdia egin zela gogoratu dute, eta ekinbide haren aurkezpenean ordezkari politikoek esandakoak gogora ekarri behar direla. «Jaialdia iragartzeko adierazpenetan esandakoen arabera, gobernuan dauden alderdien eta EH Bilduren asmoa zen euskarak gure hirian izandako bilakaeraren eta eragileok egindako lanaren aitortza egitea eta horri balioa ematea», gogoratu dute. «Gasteizko euskalgintza ere bertan izan zen, bere indar eta ilusioarekin, baina, omendu eta gutxira, gure bizirautea kolokan jartzen dute batere azalpenik eman gabe». Horrek aparteko arrangura eragin die. «Ez da zilegi gauza bat aldarrikatu eta bi hilabete beranduago kontrakoa egitea».