Euskarazko zientzia eskolen aitzindarietako bat saritu dute

Joxe Ramon Etxebarria EHUko irakasleak jaso du CAF-Elhuyar merezimenduzko sariaBerriako kazetari Xabier Martin saritu dute, Neanderthalgo gizakiaren genomaren deskodetzeaz idatzitako artikulu batengatik

Saridunak, atzo, Usurbilgo ekitaldian. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
«Zientzia eta teknologiaren kultura euskaraz hedatzeko egindako lanagatik» jaso du 2010eko CAF-Elhuyar merezimenduzko saria Joxe Ramon Etxebarria fisikari eta ingeniariak. EHUko irakasle izanagatik ere ezaguna da da Etxebarria. Aitzindaria izan zen 1970eko hamarkadan EHUko Zientzia Fakultatean eskolak euskaraz ematen, eta urteetako lana egin du zientziaren euskarazko dibulgazioan. Xabier Martin BERRIA egunkariko kazetaria, Jose Maria Rivadeneyra informatikaria, Naroa Aldanondo Biologian doktorea eta Aitzol Lasa matematikaria dira beste sarituak.

Atzo banatu zituzten sariak Usurbilen (Gipuzkoa). Xabier Martinek «ezustean» baina «oso pozik» jaso du zientzia kazetaritzari lotutako saria. Iazko maiatzaren 13an Neanderthalgo gizakiaren genomaren deskodetzeaz BERRIAn idatzi zuen Kate bereko begiak artikulua da CAF-Elhuyar sarietako epaimahaiak nabarmendu nahi izan duena. Bertan, Homo Sapiens eta Homo Neanderthalensis espezieen arteko ahaidetasuna eta harremana aztertzen ditu Martinek.

«Albiste oso garrantzitsua izan zen, eta, halako gaiekin ohikoa den moduan, gakoa norberak ondo ulertzea da lehenbizi, ondoren irakurleei azaltzeko. Horretan ahalegindu nintzen. Batzuetan asmatzen da, besteetan ez. Baina saioa beti hor dago», dio Martinek. Zientziaz euskaraz idatzi ahal izatea «plazer hutsa» dela nabarmendu du. «Kontuan hartu behar da zientziak izugarrizko eragina duela gure eguneroko bizitzan, eta hedabideen aldetik ahalegin handia egin behar dugu horri buruz informatzeko, gaiak oso zabalak eta interesgarriak baitira. Lantzen hasten zarenean harrapatu egiten zaituzte gaiek, eta ez da horren zaila ulertzen».

Dibulgazio orokorreko artikuluen saria jaso du, berriz, Jose Maria Rivadeneyra informatikariak. Interneteko banda zabalera handiagoa kontratatzeak merezi ote duen aztertzen du Rivadeneyrak Merezi ote digu banda-zabalera handitzea? artikuluan. Kontsumitzailearen lekuan jarrita egiten du, eta modu errazean.

Antxoari buruzkoa da doktore tesien alorrean saritutako artikulua. Antxoaren gorabeherak ikertu nahian da izenburua, eta Naroa Aldanondo Biologian doktoreak egina da. Aurten izango al da antxoarik? Horixe izan zen tesia hastean Aldanondok bere buruari egindako galdera, eta hori argitzeko zer ikertu duen azaltzen du artikuluan. Antxoen «kutxa beltza» ireki eta haietan gordetako informazioa deszifratu du.

Gazteek ere badute lekurik CAF-Elhuyar sarietan. Aurten Aitzol Lasa matematikariarentzat izan da gazteen narrazio ataleko saria. Narrazioan, zientzien eta letren artean izan ohi den borrokaren muturrean jarri ditu bi protagonista: Estibalitz eta Odei. Zientziak guztiz gorroto ditu Odeiek, baina Estibalitz zientzialari azkarrarekin erabat maiteminduta dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.