Urko Aristi. Tokikom-eko presidentea

«Euskarazko tokiko informazio agentzia bat bihurtu nahi dugu»

Larunbatean egindako batzar nagusian izendatu zuten Urko Aristi Tokikom elkarteko presidente, Mikel Irizarren ordez.

urtzi urkizu
2014ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Gipuzkoan jaio zen Urko Aristi (Ibarra, 1977), baina Nafarroan hazi, Arribe herrixkan. Mailope elkartean (Araitz-Betelu, Larraun eta Lekunberri) aritu da azkeneko hamabost urteetan, eta Mailopeko ordezkaria zen orain arte Tokikomeko administrazio kontseiluan. Presidente karguko betebeharrekin ez ezik, ETBko lanarekin ere jarraituko du.

Nola hartu zenuen presidente izateko eskaintza? Asko pentsatu al duzu baiezkoa eman aurretik?

Buelta pare bat eman nizkion, bai. Mikel Irizar [aurreko presidentea] oso saltzaile ona da, eta gozokia erakargarri jarri zidan proposamena egitean. Ezezkoa ematen ere ez dakigu. Nafarroi, gainera, erronkak bereziki gustatzen zaizkigu. Nafarroan, epe laburrean, erronka interesgarriak ere badaude. Egoera animatzeko modukoa da.

Mikel Irizarrek egindako bidearekin ados zaudela esan zenuen larunbateko batzarrean. Hala ere, zure ikuspuntua emango diozu sareari, ezta?

Bai. Argi dago Irizarren lana sekulakoa izan dela. Duela urte batzuk, Tokikom bezalako elkarte bat sortzeko ideia buruan genuen, baina gauzatu gabekoa zen. Bi urteotan Tokikomek hartu duen abiadura Irizarren meritua eta erantzukizuna da. Bide horri segitu egin beharko diogu. Argi dago bakoitzak bere izaera ematen diola karguari. Baina zuhaitza ederki landatuta dago. Guk ureztatu egin beharko dugu. Fruituei azukrea bota, eta konpota egingo dugu; kontu gozoak hasiko dira orain.

Azaroan, gogoeta txosten bat aurkeztu zuen Tokikomek. Zer ondorio nagusi atera dituzue aurrera begira?

Tokiko komunikabideek sekulako indarra dutela. Sektorean bertan beren tokia badute. Leku hori aldarrikatzeko sortu zen Tokikom, sektorean zein erakunde publikoekin solaskidetza sendo bat eskaintzeko asmoz. Erakunde publikoek onartu dute solaskidetza hori. Egiteko asko dago, baina, pixkanaka, Tokikom fruituak ematen hasi da. Bi solairuko etxearen eraikuntzan [behekoan, tokiko hedabideak, eta goikoan, orokorrak], bada ordua igogailuarekin hasteko, batak besteari zertan lagundu diezaiokeen ikusteko. Hedabideen behatokia ere ea martxan jartzen den.

Solairuak aipatu dituzunez, nolakoa izan behar du tokiko hedabideen eta euskarazko komunikabide orokorren arteko elkarlanak?

Gureak auzolana izan behar du. Euskarazko hedabideen artean, inor ez da bestearen konpetentzia, aldrebes baizik. Guztiok bide berean bagaude; elkarrekin batera egin beharko genuke arraunean. Txikiak handiaren laguntza beharko du beti, baina handiak ere txikiaren laguntza behar du. Handia sendoagoa izango da txikiak kontuan hartzen baditu eta koordinazio bat baldin badago. Guztiok elkar hartuta baino ez dugu egingo komunikazio proiektu sendo bat. Ahulgune asko izango dira elkarren arteko borrokan aritzen bagara.

Eta EITBrekin nolakoa izan beharko luke harremanak?

Pixkanaka-pixkanaka, errazten ari da. Esate baterako, Euskadi Irratiarekin kolaborazio itun bat dago. Telebistara zabaldu beharko genuke hori. Nire izendapenak agian horretan lagundu dezake, bi solairuak ezagututa zubi lana errazagoa izango den itxaropena baitaukat.

Tokikomeko administrazio kontseiluan aldaketak izan dira. Nolakoak?

Aldaketa garrantzitsuena da lehen zortzi kide ginela eta orain hamabi. Elkartean 27 komunikabide daudela kontuan hartuz, ia erdiek izango dute kide bat kontseiluan. Puntu estrategikoak izango diren kontuekin, lotura duten bazkideak kontseiluan izatea nahi dugu. Araban, lehen ez zegoen ordezkaririk, eta, orain agerkari bat egiteko proiektua dagoenez, interesgarria da Arabako kide bat egotea. Bilboko ordezkari bat ere izango da aurrerantzean kontseiluan.

Hain zuzen ere, Bilbon Uriola.info agerkari berria aurkeztuko dute aste honetan.

Probetan dabiltza, eta bihar egingo dute aurkezpen ofiziala. Orain arte, Bilboko bi euskara elkarte nor bere gisa zebiltzan. Elkarrekin egingo dute Uriola agerkari digitala. Komunitatea sustatu nahi dugu Tokikometik. Komunikabidea bera komunitatearekin osatu nahi dugu, eta bestelako jendeak parte hartzea.

Tokikomeko batzarrean, Nafarroako bi proiektu aipatu zenituen: telebista bat eta agerkari bat. Zertan dira?

Xaloa telebistak lizentzia lortu du Nafarroa osoan emititzeko. Proiektu hori gauzatu behar da. Lizentzia ez galtzeko, 2014an emankizunak hasi behar ditu. Asmoa litzateke horren inguruan proiektua sendotzea. Agerkari digitalei dagokienez, Bizkaian eta Gipuzkoan eskualdeka aritzeko helburua du Tokikomek. Nafarroako egoera berezia dela ikusita, bideragarriagoa ikusten da herrialde osorako izango den agerkari bat egitea. Udalbiltzarekin ere badago egitasmo bat, Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherea lotzeko. Mendialdea hartuko duen beste egitasmo bat ere bada martxan.

Integrazio posibleen diseinuan, zer pauso eman daitezke?

Hedabide bakoitza ohituta dago bere herrian edo inguruan aritzen. Eskualdekako sinergietan sinesten dugu guk. Eskualde guztiak, ondoren, motor bakarrean bilduko genituzke: Tokikom atarian. Helburua euskarazko tokiko informazio agentzia bat bihurtzea izan daiteke.

Azaroan, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikako sailburuordeak esan zuen urtez urteko laguntzak urte anitzeko deialdi bihurtzea aztertuko dutela. Zer espero duzue iragarpen horretatik?

Horretan lan egingo dugu. Iruditzen zaigu hori dela bidea, urtero dantzan eta kolokan ibili beharrean. Apustu estrategiko bat da hau, eta apustu horretan sinesten dela erakusteko modua litzateke horrelako hitzarmengintza batera pasatzea. Urtez urteko laguntzekin larri ibiltzen dira elkarteak. Laguntza egonkorrekin, epe luzerako proiektuak egin daitezke, eta ikerketak egiteko modua ere egongo litzateke. Beste sendotasun bat emango lioke proiektuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.