Ikerketa

Euskarazko tesiak saritu dituzte EHUk eta Euskaltzaindiak

VIII. Koldo Mitxelena saria jaso dute Iñigo Arrazolak, Eneko Iradierrek, Manu Araolazak, Maitane Basasorok eta Beñat Garaiok.

Bost saridunak, EHUko eta Euskaltzaindiko arduradunekin, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2023ko otsailaren 1a
17:42
Entzun

VIII. Koldo Mitxelena sariak eman dizkiete gaur euskarazko tesirik onenen egileei Bilbon. 2020 eta 2022 artean, 86 tesi egin ziren euskaraz, eta 44 aurkeztu zituzten EHUk eta Euskaltzaindiak antolatutako sariketara. Bost sari eman dituzte, ezagutza arloen arabera: Iñigo Arrazolak jaso du Zientzien arlokoa; Eneko Iradierrek Ingeniaritza eta Arkitekturakoa; Manu Araolazak Osasun Zientzietakoa; Maitane Basasorok Gizarte eta Lege eremukoa; eta Beñat Garaiok Arte eta Giza Zientzietakoa.

Ikusi gehiago:Beñat Garaio Mendizabal, doktorea: «Ikasleen artean, euskararekiko jarrerak oso onak dira»

Saridunei esker ona adierazi die Andres Urrutia euskaltzainburuak: «Zientifikotasunetik egindako esfortzua ez ezik, zuen konpromisoa ere azpimarratu behar da, euskara aukeratu duzuelako». Gogora ekarri du garai batean esaten zela euskaraz ezin zela zientziarik egin, eta orain bestelakoa dela errealitatea: «Hizkuntza ardatz inportantea da ezagutzaren transmisioan».

Ildo berean mintzatu da Eva Ferreira EHU Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea: «Lehen arrotz zituen esparruetara zabaldu da gure hizkuntza». Euskara erabilera esparru «aurreratuetara» iritsi izana txalotu du: «Aurreratu hitza erabiltzen dugu, ez garrantzitsuagoak direlako, baizik eta esparru horietan hizkuntzak baliabide aberats eta konplexuagoak erabili behar dituelako». Nabarmendu du, gainera, euskarazko doktorego tesien %80tik gora EHUn egin direla: «Euskarazko ikerketa osasuntsu dago EHUn. Zientzia euskaraz ikasten eta irakasten da; are gehiago, zientzia euskaraz egiten da».

Hauek dira saritutako ikasleak eta tesiak:

- Iñigo Arrazola Maiztegi, Zientzien arloan: Argi-materia elkarrekintzen diseinua teknologia kuantikoetarako.

- Eneko Iradier Gil, Ingeniaritza eta Arkitekturaren arloan: Potentzia domeinuko NOMA 5G sareetarako eta haratago.

- Manu Arazolaza Lasa, Osasun Zientzien arloan: Morfinak DNAren metilazioan duen eragin epigenetikoaren azterketa, bigarren belaunaldiko sekuentziazio teknikak erabiliz.

- Maitane Basasoro Ziganda, Gizarte eta Lege Zientzien arloan: Ikasleen parte-hartzea eskola demokratikoak eraikitzeko giltzarri. Irakasleen begirada berritu batetik abiatutako Antzuola Herri Eskolako hezkuntza proiektua.

- Beñat Garaio Mendizabal, Artearen eta Giza Zientzien arloan: Euskara eleaniztasunean irakasten duten eskolak aztergai: D ereduko Gasteizko bi eskolaren indarguneak identifikatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.