Euskara

Euskarazko milaka ahots biltzeko kanpaina aurkeztu dute: Gaitu

Propio ondu dute 'gaitu.eus' webgunea nahi duen orok bere ahotsa graba dezan, eta parte hartzera deitu dute, eremu digitalean euskararen presentzia handitzen lagunduko duelakoan

Gaitu.eus-en aurkezpena, gaur goizean. MAIALEN ANDRES, FOKU
arantxa iraola
2023ko urriaren 2a
16:36
Entzun

«Egungo teknologiak testuzko eta ahozko datu masa erraldoiak eskatzen ditu, eta, euskararen presentzia eremu digitalean bermatzeko, Gaitu izeneko kanpaina jarri du martxan Eusko Jaurlaritzak, makinei eta teknologia berriei euskara irakasteko», halaxe laburtu dute gaur Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko komunikazio arduradunek zabaldu duten informazioan zer den Gaitu kanpaina. «Erronka berri bat dugu euskaldunok: makinek gure hizkuntza ulertu eta hitz egin dezaten, lehenik irakatsi egin behar diegu».

Aurkezpena Donostian egin dute, Tabakaleran. Egitasmoa babesten duten instituzioen izenean, Eusko Jauralritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria eta Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde Ana Ollo izan dira. EEP Euskararen Erakunde Publikoa ere badago kanpainaren atzean, eta agerraldian parte hartu duten agintari biek nabarmendu dute euskararen sustapenean administrazioen arteko elkarlanak berebiziko garrantzia duela. Udalen gain egongo da kanpaina sustatzeko lana, hein handi batean, eta Donostiako Udalaren izenean Euskara zinegotzi Edurne Otamendi izan da.

Batu ditzagun gure ahotsak leloa hautatu dute kanpainarako. Abenduaren 3a bitartean egitea da asmoa, eta Euskararen Egunarekin batera biribiltzea. Webgunea ezagutarazi nahi da, teknologia berrietan euskararen presentzia sustatzearen garrantziaren berri eman nahi da, eta hainbat egitasmo zehatz martxan jarri nahi dira; Donostian, esaterako, abenduaren 3aren bueltan, jendearen ahotsak grabatzeko maratoi handi bat egiteko plana dute. Eta antzeko egitasmo gehiago ere abiatuko dira.

Euskalgintzarekin elkarlanean egingo dira horietako asko, eta agerraldian izan da, adibidez, Donostiako Bagera elkarteko ordezkari Mikel Irazusta. Teknologia berrietan euskarari leku egitea ezinbestekoa dela nabarmendu du: «Euskarak ezin du izan museoko hizkuntza bat».

Software librea

Librezaleak elkartea eragile da proiektuan, eta Marko Txopiteak hartu du hitza elkartearen izenean. Ahotsak biltzeko Common voice izeneko egitasmo irekia erabiltzen ari direla nabarmendu du. Irabazi asmorik gabekoa da, kolaboratiboa eta orain «masiboa» bihurtu nahi dute. Software librearen bidez garatutako sistema baten bidez jardutearen garrantzia nabarmendu du. Izan ere, hizkuntza gutxituek aukera gehiago dituzte bide hori aukeratuta. Eta hizkuntza asko egiten ari dira hautua. Gaur eman dituzten datuen arabera, 105 hizkuntzatan hasiak dira sistema horren bidez ahots ekarpenak egiten, eta beste hainbatetan ere prestatzen ari dira.

Kanpainari buruzko informazioa zabaltzeko onduriko testuetan ere gogoratu dute hizkuntza gutxituak ez daudela enpresa teknologiko handien «asmoetan», eta hiztunen komunitateek aparteko ahalegina egin behar dutela hor toki bat egiteko, bide propioa eginez. «Milaka ahots behar ditugu, milaka grabazio ordu euskaraz». Ahots horiek zenbat eta «askotarikoagoak» izan, lortzen diren emaitzak orduan eta hobeak izango dira, Txopiteak nabarmendu duenez. Gogoratu du bide horretan ezin dela atzean geratu: «Etorkizunean, ez dugu teklaturik erabiliko. Gailuek gero eta gehiago hitz egiten dute». Eta, euskaraz trebatzeko, euskaldunen «ahotsak» behar dituzte.

Bi eginkizun

Webguneak bi eginkizun proposatzen dizkie bertan sartzen direnei. Batetik, idatzita dagoen esaldi bat irakurtzeko era izango dute, ozenki grabatzen den bitartean. Nahi adina esaldi graba daitezke. Proposatzen den beste eginkizuna da beste hiztunek grabatutako esaldiak balioztatzea. Hori ere nahi adina aldiz egin daitekeen eginkizuna da.

Parte hartzera deitu dute: «Zenbat eta ahots gehiago lortu, hobeto».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.