Maider Beloki. Iruñeko Euskara zinegotzia

«Euskarazko lerroa zabaltzeko erabakia zuzena izan zela berretsi dute datuek»

Ion Orzaiz.
Iruñea
2016ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Haur eskolen auzian, UPNk egoera «erabat desorekatua» eta «logikarik gabekoa» utzi ziela aitortzen du Kultura eta Hizkuntza Politika saileko zinegotzi Maider Belokik (Iruñea, 1978). Horri erremedioa jartzeko beharra nabarmendu du.

Aurrematrikulazio datuek arrazoia eman diote udalari. Zer-nolako balorazioa egiten duzue?

Ez dugu ahaztu behar behin-behineko datuak direla. Behin betiko datuak ekainean izanen ditugu, eta ordura arte, tentuz ibili beharra daukagu. Hori esanda, uste dut honek berretsi egiten duela euskarazko bi haur eskola zabaltzeko erabakia zuzena izan zela. Izan ere, aspaldiko aldarrikapena da hori. 30 urteko gabeziari erantzun behar dio udalak, eta horregatik hartu genuen erabakia: euskarazko haur eskola berriak irekita, eskaintza apur bat egokitu genuen, eta hala ere, datuek frogatzen dute euskarazko eskolen eskaria are handiagoa dela.

Apirilean argitaratutako inkestaren arabera, %37 ingurukoa da euskarazko haur eskolen eskaera. Eskaintza, berriz, %27koa da. Biak berdintzera joko duzue datozen urteetan?

Pausoz pauso ibiliko gara. Aurtengoa aurrera urrats garrantzitsua izan dela uste dut, eskaintza %10etik %27ra handituta. Hori esanda, badakigu lan eskerga dugula egiteko, eta gure konpromisoa da eragile guztiekin batzartzea, tartean Nafarroako Gobernuarekin, egoera behingoz normaltze aldera. Eskaeraren eta eskaintzaren arteko harremana orekatzea da gure helburua, eta bide horretan, argi dugu beharrezkoa izanen dela pauso gehiago ematea.

Harritu al zaituzte oposizioaren erreakzio bortitzak?

Azken hiru hamarkadetan, UPNk ez dio jaramonik egin euskarazko haur hezkuntzaren aldarriari, eta egoera konpondu nahi izan dugun unean, espantuka hasi da. Baina eskaera hori karrikan zegoen aspalditik; ez da Iruñeko Udalaren ateraldi bat izan. Bi hizkuntza ofizial ditu Iruñeak, eta guk, erakunde publiko bat kudeatzen dugun neurrian, eskaria bi hizkuntza horietan bermatzera jo beharko genuke. Beraz, arazoa ez dugu guk sortu: eskubideen bermatze hutsa onartu nahi ez eta hizkuntzen arteko gatazka batera bultzatu nahi izan gaituzten horiexek piztu dute sua.

Datuak argitaratuta, diskurtsoak baretuko direla uste duzu?

Ez dut uste. 30 urtez aplikatu duten politika argia da: euskara mehatxu gisa aurkezten dute, eta estrategia hori aldatzeko trazarik ez diet antzematen. Aurreko udal gobernuak ezarritako egoera desorekatua eta neurriz kanpokoa izan zen, eta horrek ez dio erantzuten erabaki tekniko bati, jarrera politiko zehatz bati baizik.

Zuen erabakiaren ondorioz, irakasle askoren lanpostuak kolokan egon zitezkeela iradoki zuten UPNk, PSNk eta Afapnaren gisako elkarteek...

Bai, eta hori ere gezurra zela frogatu dugu. Esan dudan bezala, itxaron beharko dugu behin betiko datuak esku artean izan arte, baina gure aurreikuspenak kontrako norantzan doaz: ez dugu inor kaleratuko, eta ez hori soilik: hogei bat lanpostu berri sortuko ditugu heldu den ikasturterako.

Familia askok haserre hartu dituzte aldaketak. Ulertzen dituzue kritikak?

Bai, jakina. Normala da halako kritikak piztea, eta errespetu osoa zor diegu familiei. Horregatik, hainbat bilera egin ditugu eragile guztiekin. Publikoak eta irekiak izan dira bilerak, eta gurasoen kezkak aintzat hartu ditugu. Hartu-eman horri esker, eskolaz aldatzeko eskaerak %100ean bermatu ahal izan ditugu. Familia horiek ez dira kanpoan gelditu.

Iruñeko euskalgintzak, berriz, kanpaina handia egin zuen euskarazko haur eskolen alde...

Bai, eta txalotzeko modukoa da egin duten lan izugarria. Babes hori gabe, ezinezkoa izanen litzateke halako pausoak ematea. Eskerrak eman behar dizkiegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.