Euskarazko teknologia digitalak gazteen artean sustatzea: hori da Sarean Euskaraz jardunaldien helburuetako bat. Gaur goizean egin dituzte lehen saioak, Iruñeko Baluarte jauregian, eta bihar amaituko dira. Nafarroako Gobernuak eta Euskarabidea institutuak antolatutako ekinaldia da Sarean Euskaraz, eta ohar bidez azaldu dutenez, aurtengo aldia inoizko jendetsuena da: Iruñerriko bigarren hezkuntzako hamabi ikastetxek eman dute izena jardunaldietan. 1.400dik gora ikasle, guztira.
Gaurko saioan, zortzi tailer eta bi hitzaldi eskaini dizkiete neska-mutilei, eta, ohiko saioez gain, Break Out joko batean eta Egunean Behin lehiaketaren zuzeneko partida batean lehiatu ahal izan dira. Bertan izan dira Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria, eta Jabi Arakama, Euskarabidea institutuko zuzendari kudeatzailea.
Ollo lehendakariordeak azaldu duenez, «oso esanguratsua da» egitasmo honek gazteen artean duen arrakasta: «8.500 ikasle baino gehiagorengana heldu da egitasmo hau, aurtengo edizioa eta aurreko zazpiak kontuan izanik». Era berean, gogora ekarri du Europako Kontseiluak berak txalotu egin duela Sarean Euskaraz proiektuak «euskarazko teknologia berrien zabalpenaren eta euskal kultura digitala sustatzearen alde eginiko lana». Kontseilariaren esanetan, «apustu estrategikoa» da gazteen artean euskararen erabilera sustatzea eta eremu digitalean euskarazko tresnak garatzen laguntzea.
Ollok gaineratu du euskararentzako diru sailak handitu egin direla Nafarroako Gobernuaren aurtengo aurrekontuetan, gazteekin eta teknologia berriekin lotura duten gaietan batez ere, baina baita beste zenbait arlotan ere: «Igoera hori islatzen da, besteak beste, helduen euskalduntzean eta komunikabideei, gizarte erakundeei eta tokiko erakundeei euskara sustatzeko emaniko laguntzetan». Horiek sustatuta, Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak eginiko gomendioak betetzen ari direla gogorarazi du Ollok.
Hiru gune eta zortzi tailer
Gaurko eta biharko saioetan, hiru gune edo taldetan banatuko dituzte ikasleak: Ikas izeneko aretoan, zortzi tailer praktikotan trebatzeko aukera dute gazteek: Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak (DJ Makalak gidatua), Bideo mappinga; proiekzioak objektuen geometrietara doitu (Elurmaluta), Appinventor. Android telefonoetarako app-ak sortzeko oinarrizko ezagutza (Talaios kooperatibaren eskutik), Errealitate birtuala (Protomakersek eskainia), Arduino; hardware aplikazioetako hizkuntza eta aukerak (Protomakers), 3D inprimagailuak (Protomakers), Argazkilaritza mugikorrarekin, Instagram baino gehiago (Oier Fuentesek emana) eta Gamer gela (Gamerauntsia kolektiboaren eskutik).
Era izeneko aretoan, bi hitzaldi egingo dituzte, esparru digitaleko eta sare sozialetako harremanei eta arriskuei buruz: Pribatutasuna Sarean, Maider Likona ingeniari informatikoak eskainia. Sare sozialetan erabiltzaileek uzten duten arrastoaz eta horren ondorioez jardungo da Likona. Bestalde, Harremanak 3.0: like bat eman hitzaldian, Ane Ortize sexologoak esparru digitaleko harreman afektibo-sexualen eredua aztertuko du, eta arriskuak apaltzeko baliabideak azaldu.
Azkenik, Jolas aretoan, euskarazko IKTen inguruko esperientzia ludikoa eskainiko zaie ikasleei. Break Out jokoan taldeka arituko dira, eta zenbait giltzarraporekin itxitako kutxa bat zabaltzea lortu beharko dute erlojuaren kontra (Xarek gidatua). Egunean Behin jokoaren zuzeneko partida batean lehiatzea ere proposatuko diete gazteei (Codesyntax-ek antolatua).
Landa eremuan ere bai
Baluarteko esperientziari segida emate aldera, Iruñerritik kanpoko beste 500 gazterengana ere helduko da Sarean Euskaraz proiektua. Zehazki, Altsasu, Bera, Doneztebe, Leitza, Tafalla eta Lekarozko sei institututan eskainiko dituzte programaren lantegi bat edo gehiago. Orain arte, hamabost lantegi antolatu dituzte Nafarroako hamalau udalerritan.