Egun garrantzitsuak dira euskarazko irakaskuntzaren aldeko eragileentzat. Berantenez, larunbat honetarako emanen du Frantziako Konstituzio Kontseiluak hizkuntza gutxituen aldeko legeari dagokion ebazpena. Apirilaren 8an onartu zuen Frantziako Asanbleak, baina promulgatzeko epea bukatu bezperan, haren kontrako helegitea aurkeztu zuten Martxan alderdiko 60 diputatuk.
Ondoko egunetan, lau mobilizaziotan parte hartzera deitu du Euskal Konfederazioak. Bihar, Seaskako kolegioetako gurasoek deitu duten mobilizazioa izanen da Brebetaren azterketa euskaraz egitearen alde: lau elkarretaratzera deitu dute, Baionan, Urruñan, Kanbon (Lapurdi) eta Larzabalen (Nafarroa Behera). Ostiralean, maiatzaren 21ean, Bernat Etxepare lizeoko ikasleak mobilizatuko dira, Baxoa euskaraz egitearen alde. Maiatzaren 26an, Donibane Garaziko Jai Alai aitzinean eginen dute protesta, sail elebiduneko kolegioetan oren parekotasuna errespetatua izan dadila eskatzeko.
Azkenik, maiatzaren 29an, Mauleko plazan bilduko dira, heldu den ikasturtean euskarazko irakaskuntza elebakarra eskaintzeko eskaera egin duten lau eskola publikori babesa erakusteko. Egun horretan, hizkuntza gutxituak dituzten Frantziako Estatuaren meneko lurralde guzietan antolatuko dituzte protestak; Ipar Euskal Herrian autobusak antolatuko dituzte herrietatik Mauleko mobilizaziora joateko. «Nahi genuke elkarretaratze hori ahalik eta zabalena izan dadin», adierazi du Marie Andree Ouret Biga Bai guraso elkarteko kideak.
Orain arte, murgiltze ereduan oinarritutako hizkuntza gutxituen irakaskuntzak ez zuen onarpen ofizialik. Seaskaren ikastolek EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin egindako hitzarmen bidez funtzionatzen dute, eta eskola publikoetako ama eskoletan ematen den euskarazko irakaskuntza elebakarra esperimentazioaren koadroan egiten da. Apirilaren 8an onartutako legea promulgatuko balitz, «murgiltze eredua» Frantziako Hezkuntza Kodean sartuko litzateke ofizialki.
«Esperimentazioaren bidez egiten zenez, akademia ikuskariak bizi erraz erraten zuen ezetz. Orain beste legitimitate bat badu», esplikatu du Ouretek. Lau eskolak egin dituzte eskaerak heldu den ikasturtean euskarazko irakaskuntza elebakarra eskaintzeko: Aiherrakoak, Arrosa eta Ortzaizekoak (Nafarroa Behera) Idauze Mendikoak eta Larrainekoak (Zuberoa). Frantziako Asanbleak hizkuntza gutxituen aldeko legea onartu bezala, eskaera gutun ofizialak bidali zizkieten guziek Pirinio Atlantikoetako akademia ikuskariari, guraso, irakasle talde eta hautetsiek izenpeturik. «Apirilaren 22an ukan zuten erantzuna, diputatuek helegitea ezarri zuten egun berean, erranez legearen promulgazioa itxaron behar zela», kontatu du Ouretek. «Legea pasako balitz ere, ministerioa kontra da; hori da ematen duten mezua. Badakigu ez dela erraza izanen, baina ez dugu barkatuko eskola horietan sailak ireki arte».
Ildo beretik jo du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak ere.« Momentuz, ez dugu pentsatzen ahal ere [Frantziako] Senatuan eta Asanblean gehiengo handiz onartutako lege bat bederatzi jakintsuk baztertzea. Ez dugu pentsatzen bederatzi pertsonak Frantziako ordezkaritza demokratikoaren kontra egin dezaketela». Horregatik, lege horren aplikazioa bideratzeko protestak antolatu dituzte oraingoz, maiatzaren 29koa bezala. Halaber, «murgiltzea» Hezkuntza Kodean sartzeak Brebeta eta Baxoa ere euskaraz egin ahal izatea bideratu beharko lukeela uste du Gorostiagak. «Irakaskuntza osoki hizkuntza gutxituan egitea bermatzen badu, logikoa da azterketa ere euskaraz pasa ahal izatea».
Oren parekotasuna
Eskola publikoetako sail elebidunetan oren parekotasuna bermatu behar dute legez, hau da, irakasgaien erdia frantsesez eta beste erdia euskaraz izan behar da. Lehen mailetan betetzen da, gutxi gorabehera, baina bigarren mailetan arazo handia dute horretara iristeko, eta etengabeko eskaera da euskarazko ikasgai gehiago eskaintzea. Irakasle postu bat euskarazko irakaskuntzarako finkatzea da hori lortzeko modua; fletxatzea deitu ohi diote horri. «Heldu den sartzerako bi aukera baziren: Angeluko (Lapurdi) Endarra kolegioan kirola eta Donibane Garaziko Zitadelako kolegioan fisika-kimika euskaraz irakasteko. Irakasle taldeak eta gurasoak ados ziren, baziren irakasleak, baina, akademia ikuskariak blokeatu du», deitoratu du Ouretek.
Garaziko kasuan, kolegioa oren parekotasunera iritsia dela ebatzi du akademia ikuskariak, nahiz eta irakasle taldeak bestelako kalkuluak egin. Angeluko kasuan, sindikatuen kexak ekiditea aipatu du. «Heldu den ikasturterako hiru kirol irakasle berri sartuko dira Pirinio Atlantikoetako akademian, eta horietako bat euskarazko irakaskuntzarako fletxatua zuen; hirutik bi fletxatzea gehiegi zela erran du», adierazi du Ouretek. Irakasle anitzen xedea da Ipar Euskal Herrira etortzea, eta, beraz, irakasle postuak euskarazko irakaskuntzarako atxikitzeak tentsioak sortzen ditu. «Irakasle sindikatuak kontra dira, desberdintze bat sortzen duelako. Argudio hori erabili du ikuskariak». Ouretek azpimarratu du orain dela aukera, irakasle postu horiek euskararentzat atxikiko ez balira urteetan ezingo baitira aldatu.
Departamenduetako eta Eskualdeetako bozak izanen dira heldu den ekainean, eta hori ere baliatuko dute hautagaiak posizioak hartzera bultzatzeko. Departamenduek dute kolegioak kudeatzeko eskumena eta Eskualdeek lizeoak kudeatzekoa. Brebeta euskaraz egitea eskatzeko biharko elkarretaratzean parte hartzeko gomita bidali diete hautagai guziei, eta Eskualdeetako bozetako hautagaiekin gisa bereko lanketa egiteko asmoa agertu du Gorostiagak, hautagaitza guziak ofizialak direnean. «Legea bozkatu aitzin ere, Frantziako hamabost eskualdetako lehendakariek aho batez eskatu zuten lege hori bozkatua izan zedin», oroitarazi du. «Hautagai guziak deituak dira haien ikusmoldea agertzera. M-29ko mobilizazio hori hexagono guzian egiten da, batzuei eta besteei hizkuntzen gaian posizionatzeko galdetzeko»
ONDOKO MOBILIZAZIOAK
Maiatzaren 19an: Brebeta euskaraz pasatzearen aldeko protestak, Urruñan, Baionan, Kanbon eta Larzabalen.
Maiatzaren 21ean: Bernat Etxepare lizeoko ikasleen protesta Baionan, Baxoa euskaraz pasatzearen alde.
Maiatzaren 26an: Irakaskuntza publikoko kolegioetan oren parekotasuna bermatzearen alde, Donibane Garazin.
Maiatzaren 29an: Murgiltze ereduaren aldeko mobilizazioa Maulen.