«Ustez gure belaunaldiak gainditutzat zeuzkan diskurtso eta jarrera euskarafoboak eguneroko ogi bihurtzen ari zaizkigu». Salaketa hori egin zuten atzo goizean euskalgintzako hainbat norbanakok eta beste zenbait eragilek, Donostiako epaitegiaren atarian. Bertan izan ziren, besteak beste, Gazte Euskaltzaleen Sareko, AEK-ko, Euskalgintzaren Kontseiluko, Jakineko, Euskal Herrian Euskaraz-eko eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko ordezkariak. Haien irudiko, epaileek «mailuka» erakutsi nahi dute euskaldunak noraino hel daitezkeen eta noraino ez. Hori ikusita, erantzun beharra dagoela uste dute, eta Gazte Euskaltzaleen Sareak, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko euskara taldeek eta Ikamak hezkuntzak euskaraz izan behar duela aldarrikatzeko datorren ostegunerako antolatu dituzten protestetan parte hartzera deitu dute.
Azken urteko panorama analizatuz hasi zuten ekitaldia. Maiatzean beteko da urtebete Gazte Euskaltzaleen Sareak lehen manifestazioa antolatu zuenetik, eta, atzo nabarmendu zutenez, harrezkero ere ez dira geldirik egon: «Herrietan, auzoetan eta ikastetxeetan Gazte Euskaltzaleen Sarea zabaltzen eta gazteok euskaraz bizitzeko eskubideen aldeko borrokan eragile aktibo izan beharra aldarrikatzen aritu gara». Alabaina, «beste batzuk» ere mugitu direla ikusi dute: «Orain dela ia urtebete aipatzen genuen euskaraz bizi nahi dugunon aurkako oldarraldi politikoak, juridikoak eta mediatikoak ez duela etenik izan denbora honetan».
Ikusi gehiago:Hezkuntzan euskaraz aritzeko zailtasunak dituztela salatuko dute kalean ikasleek
Uste dute «oldarraldi» horrek «gogor» jo duela euskara, «bai euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketan ahalbidetuko dituzten epaien bidez, bai eta urraketa horiek justifikatzeko diskurtsoen bidez ere». Bereziki aipatu dute Uliazpi egoitzako epaia: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen legez kanpokoa dela 34 langile publikori euskararen ezagutza eskatzea. «Epaileak eta magistratuak hizkuntza politika erreakzionarioak garatzen ari dira, eta zuzeneko erasoak egiten ari dira gure herriak —aurreko belaunaldiek— hizkuntza politikak garatzeko eskuratutako eskuduntzen aurka».
«Eraso» horiei aurre egiteko, ezinbestekotzat jo dute herritarrek erantzutea: «Erantzun bateratu bat, herri erantzun bat eskatzen du». Eta hor kokatu dituzte, besteak beste, datorren osteguneko protestak: «Hezkuntza euskaldunaren aldeko mobilizazioan, kaleak bete behar ditugu».
Hori, ordea, bidean eman behar den pauso bat baino ez da euskalgintzako eragileentzat: «Bide horretan, urrats gehiago egin beharko dira. Horregatik, erasoaren neurriko erantzuna emateko urratsak egitera deitu nahi ditugu hemendik gizarte eragileak, eragile sindikalak eta eragile politikoak eta instituzionalak».
Manifestazioei babesa
Euskalgintzak ez ezik, beste zenbait eragilek ere adierazi diete babesa hezkuntza euskaraz izatea aldarrikatuko duten protestei. Esaterako, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek mobilizazioekin bat egin dute. ELAren esanetan, euskaldunen aurkako «oldarraldi politikoa eta judiziala» dago, eta, gainera, gaitzetsi dute horri gobernuak ez zaizkiola erantzuten ari: «Gobernuek babesgabe utzi gaituzte euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatzen dugun herritarrak, horregatik inoiz baino beharrezkoagoa da herritarren aktibazioa eta mobilizazioa». LABek ere mobilizatzeko deia egin du: «Gure ildo soziopolitikoak eta ekintza sindikalekoak jendartearen eta lan munduaren euskalduntzearen alde borrokatzeko konpromisoa dauka. Horregatik, eta hezkuntzak euskalduntzean zeregin garrantzitsua duelako, gure afiliazioari dei egiten diogu martxoaren 23ko ekitaldietan parte hartzera». Euskararen aldeko aldarria ozendu du Steilasek ere: «Hezkuntza euskaraz izan behar da. Hezkuntza euskaraz izango da».