Euskarazko hezkuntza jomugan jarri du berriro ere Nafarroako Gobernuak: eskolako liburuen kontrako neurriak iragarri ditu. «Legez kanpokotzat» jo ditu 22 liburu; euskarazkoak dira denak, Euskara eta Literatura ikasgaikoak. Argudioa, Jose Iribas Hezkuntza kontseilariaren ahotan: «Nafarroaren errealitate instituzionalera eta curriculumera ez dira egokitzen liburu horiek». Argudioa, iruditan: Euskal Herri osoa ageri duten mapak, Nafarroa barruan dela. «Doktrinatzailea da». Euskara ikasgaian ere ezin da azaldu Euskal Herria, Iruñeko gobernuaren arabera. Liburuak erretiratzeko agindu die, hortaz, ikastetxeei.
Katearen beste begi bat da atzo Nafarroako Gobernuak agertutakoa. Ez du oraingoa Euskal Herria agertzen duten liburuen aurkako jokabidea, baina azken urtean bereziki gogor ari da euskarazko hezkuntzaren aurka. Guardia Zibilaren txostena iritsi zen lehenik, esanez D ereduan lau irakasletik bat «etazalea» zela. Soka hartatik, neurriak iragarri zituen Iribasek. Irakasleen aurkakoak hartzea oso zail du —frogarik ez du Guardia Zibilaren txostenak—, eta materialen ikuskaritzan jarri du indarra.
Joan den ikasturtean eskolak jarri zituen jomugan —D eredukoak ia denak—: 28 ikastetxek legea betetzen ez zuten liburuak erabili zituztela ohartarazi zuen gobernuak, eta ikerketa sakonagoa iragarri zuen, irakasleek sortutako materialak ere zelatatzeko. Orain etorri da hurrengo urratsa, eskolako liburuen aurkako ekinbidea.
Beste jauzi bat
Gobernuak asteko bilera zuen atzo, eta ondoren jakinarazi zuen erabakia: 22 liburu erretiratzeko agindua. Ez dute argitu horrek zehazki zer esan nahi duen. Ziurra da finantzaketa publikotik at geratuko direla —liburu horiek erosteko laguntzarik ez du emango gobernuak—. Eskoletara ikuskatzaileak bidaltzeko asmoa agertu du Iribasek, baina zehaztu gabe eskola publikoetara soilik joango diren, edo itunpekoetara ere bai.
Aurrez ere hartu izan dituzte era horretako neurriak: 2008an onartu zuten liburuen laguntzei buruzko legea, eta han sartu zuten «curriculuma betetzen ez duten» materialak baztertzeko aukera. Batez ere Ingurunea alorreko ikasgaiei eragin die horrek orain arte, han erabiltzen baitituzte mapak eta —atzo ere esan zuen Iribasek: «Nafarroako geografia ezin liteke ikasi Espainiakotik at»—. Iruñeko gobernuak jauzi bat egin du orain, ordea, Euskara alorreko liburuak auzitan jarrita. Alegia, euskal kulturaren eta hizkuntzaren inguruko gaietan ere —idazleak, euskalkiak, euskararen gorabeherak...— ezin dela Euskal Herria azaldu.
Bi adibide jarri ditu kontseilariak: Euskal Herriaren mapa dagoela Euskarako liburuetan —«ez dagokion lurralde testuinguru batean kokatzen dute Nafarroa, errealitate instituzionaletik at»— eta ikurrina ere ageri dela —«adierazgarria da EAEko bandera erabiltzea, ez baitago motiborik»—.
Sei argitaletxeren liburuak dira legez kanpokotzat jo dituztenak; zein diren ez dute jakinarazi. Zain daude euskal argitaletxeak, nor ote dagoen listan. Kontseilariak, zeharka, aitortu du argitaletxe jakin batzuk ikertu dituztela. Seinalatutako liburuak 22 direlarik, zenbat aztertu ote dituzten galdetu diote: 42. Lehen Hezkuntza osoko materialak ikertu dituzte, eta proportzioan oso liburu gutxi dira. Areago, Iribasek adierazi du liburu «desegokiak» dauzkaten argitaletxeek badituztela «egokiak» ere. 42 horien artean daude, beraz. Argitaletxe batzuk soilik ikertu dituzten seinale da hori.
Hauteskunde usainean
Kutsu politikoa kendu nahi izan dio Iribasek erabakiari —«teknikariek aztertu dituzte»—, baina bistakoa da gobernuak pisu handia eman nahi diola gaiari. Nola: gobernuak foru agindu bat egingo du liburuak baztertzeko, lege maila emanez. Noiz: ustez ekainerako egin zuten ikerketa, baina ikasturtea hasi ostera arte itxaron dute; bozak maiatzean datoz. Zein mezurekin: «Ezker abertzaleko taldeak gure hezkuntza erabiltzen ari dira doktrinatzeko».
Azken asteetan horrelako adierazpenak sarri egiten ari da Hezkuntza kontseilaria. LOMCEren eta PAI ingelesez ikasteko programaren aurka ari diren eragileak hartu ditu bereziki begitan, «ezker abertzalearen taldeak» direla esanez. LOMCEri aurre egiteko gida eskuan hartuta agertu zen atzo kazetarien aurrera, liburuei buruzko agerraldia izan arren. Dena biltzeko tesia: «Esku hartu behar dugu, legea bete dadin».
Kateari begi gehiago jartzeko asmoa du kontseilariak. Zentroak ikertzen jarraituko du: «Ziur gaude eskola batzuetan liburu horiek erabiltzen ari direla». LOMCEra egokitutako materialak egin behar dira orain, eta hori baliatuko dute kontrola egiteko. Curriculuma aldatzeko ere bai: «Gehiago eta hobeto zehaztuko dugu Nafarroaren benetako identitatea».
Nafarroako hezkuntza. Liburuak jomugan
Euskarazko hezkuntza jomuga
«Errealitate instituzionala» ahotan duela, euskarazko 22 eskola liburu erretiratzeko agindu du UPNren gobernuak.Euskara ikasgaikoak dira liburu guztiak.Eskolak ikertzen jarraitzeko asmoa du Iribasek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu