Euskarazko komunikabideen arteko elkarlana sustatzea, publiko berriengana iristea, edukiak eta baliabideak partekatzea eta digitalizazio prozesuak garatzea. Horiek dira Sarebide izeneko komunikazio proiektuaren xede nagusiak. BERRIAk gidatutako egitasmoa da, bidelagun dituela beste bost hedabide: Euskal Irratiak, Kanaldude, Hamaika Telebista, Elhuyar eta Euskalerria Irratia. «Mugaz gaindiko lankidetza teknologikorako sare bat» osatu nahi dute hedabideok, teknologia berrien bidetik, euskarazko edukiak are gehiago zabaltze aldera. Asmo handiko proiektua da, eta Nafarroa-Euskadi-Akitania Berria euroeskualdearen finantzaketa jasoko du, Europako Batasunaren Interreg POCTEFA lankidetza programaren funtsen bidez.
Zehazki, sei proiektu finantzatuko dituzte deialdi horren barruan: Hezhi, Sarebide eta Eusguneak, euskararen alorrean; Lanean, mugaz gaindiko enpleguari dagokiona; eta garraio jasangarriari lotutako bi: Mugaziklo eta Tranfermugi. Guztira, 23 milioi euroko aurrekontua dute proiektuok, eta horietatik, 14,8 milioi finantzatuko dira Europako funtsekin.
Euroeskualdea osatzen duten erakundeek gaur egin dute proiektuen aurkezpena, Iruñean, Nafarroako Gobernuaren egoitzan eginiko agerraldi batean. Bertan izan dira Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko lehendakariordea eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilaria; Mathieu Berge, Akitania Berriko kontseilaria, Euroeskualdeko, Mugaz Gaindiko Lankidetzako eta Portu eta Aireportuetako ordezkaria; Mikel Anton, Eusko Jaurlaritzako Europako Gaietarako zuzendaria; Han Vo, Euskal Hirigune Elkargoko Mugaz Gaindiko, Europako eta Nazioarteko Lankidetzarako ordezkaria; Iker Goiria, Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren aholkularia; eta Jean-Pierre Mirande, Pirinio Atlantikoetako Departamentu Kontseiluak Nafarroarekin dituen Harremanetarako ordezkaria.
Euskarazko plataforma berriak
Bergek eman ditu Sarebide komunikazio proiektuaren gaineko azalpenak: «Asmoa da sare bat sortzea, Iparraldeko, Nafarroako eta Euskadiko euskarazko hedabideak bateratzeko eta izan ditzaketen oztopoak gainditzeko. Baliabideak eskaini nahi dizkiegu, teknologia berrien bitartez, datuak eta informazioa parteka ditzaten». Egitasmoaren xedea da sarea osatuko duten sei hedabideen «eraldaketa digitala» sustatzea eta «publiko berriengana iristeko teknologia txertatzea, besteak beste, adimen artifiziala». BERRIArekin batera, Euskal Irratiak, Kanaldude, Hamaika Telebista, Elhuyar eta Euskalerria Irratia hedabideek parte hartuko dute proiektuan.
datuak
14,8
P
roiektuetarako funtsak, milioi eurotan. Europako Batasunaren Interreg POCTEFA programako EGEF funtsetatik 14,8 milioi euro erabiliko dituzte euroeskualdeko proiektu estrategikoak diruz laguntzeko.
6
Sarebide partzuergoa osatuko duten hedabideak. Sei hedabideren ekimenez sortuko da Sarebide proiektua: BERRIA, Euskal Irratiak, Kanaldude, Hamaika Telebista, Elhuyar eta Euskalerria Irratia.
2,6
Sarebideren aurrekontua, milioi eurotan. Euskarazko hedabideen sarea sortzeko eta horren barruan garatuko diren proiektu digitalak aurrera eramate aldera, 2,6 milioi euroko aurrekontua ondu dute sustatzaileek. Horietatik, POCTEFA programako funtsekin finantzatuko dira 1,7 milioi inguru.
Euroeskualdeko arduradunek azaldu dutenez, hiru ardatz nagusi izanen ditu Sarebide proiektuak: bat, «mugaz gaindiko lankidetza teknologikorako sare bat» sortzea euskarazko hedabideen artean; bi, euskarazko eduki digitala hedatzeko sistema berriak garatzea; eta hiru, «adimen artifizialeko eta lengoaia naturalen prozesamenduko teknologiak» ikertzea eta horiek aplikatzea. Hiru helburu horiek gauzatze aldera, zenbait ekintza zehatz jaso dituzte proiektuan: besteak beste, hedabideen azpiegitura digitala berritzea, euskarazko ikus-entzunezkoen plataforma digital bat sortzea eta streaming bidezko musika plataforma bat garatzea, euskarazko musika zabaltzeko. Sarebide egitasmoak hiru urteko iraupena eta 2,6 milioi euroko aurrekontua izanen ditu. Horietatik, 1,7 milioi inguru finantzatuko dituzte Europako funtsekin.
Sarebidez gain, eleaniztasunari eta euskarari lotutako beste bi proiektu bultzatuko dituzte euroeskualdeko erakundeek: Eusguneak, «euskara ikasteko azpiegituren modernizazioa» sustatzeko; eta Hezhi, helburutzat duena «euskararen ikaskuntzan eta irakaskuntzan eleaniztasuna sustatzea eta mugaren bi aldeetako lurraldeen arteko hizkuntza oztopoak murriztea». Bergek nabarmendu du deialdi honi esker lehen aldiz erabili direla Europako funtsak «euskararen aldeko hizkuntza politikak garatzeko».
Lankidetzaren beharra
Ollo lehendakariordeak lankidetzaren beharra azpimarratu du: «Konbentzituta gaude mugaz gaindiko lankidetza eta Europaren eraikuntza eskualdeen eskutik sustatzearen garrantziaz». Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugari erreparatu nahi izan diote erakunde publikoek, «baina ez oztopo edo hesi gisa, aukera iturri gisa baizik». Nabarmendu du, halaber, onartutako proiektuen erdiek «eleaniztasunaren gaia jorratzen dutela oro har, eta euskararena bereziki».
Eusko Jaurlaritzaren izenean, Mikel Antonek Lanean, Transfermugi eta Mugaziklo proiektuen nondik norakoak aletu ditu, abiapuntutzat hartuta «mugaz gaindiko oztopoak gainditzearen garrantzia». Esplikatu duenez, «mugaz gaindiko oztopoen %20 kentzeak mugaldeko lurraldeen barne produktu gordina %2 handitzea ekar lezake». Horregatik, POCTEFA programari helduta, lankidetzari segida emateko deia egin dute ordezkari instituzional guztiek, aurtengo deialdiaz harago.
PROIEKTUAK
- Lanean. Mugaz gaindiko lan merkatuaren integrazioa hobetzeko proiektua. Xede du Nafarroa, EAE eta Akitania Berriaren artean enplegu eremu integratu bat garatzea. 2.724.000 euroko aurrekontua du, eta horietatik, 1.770.600 euro finantzatuko dituzte Europako funtsekin.
- Transfermugi. Mugaz gaindiko mugikortasun sare bat sortzeko proiektua. Mugako lurraldeetako garraio zerbitzua hobetzea eta ibilgailu pribatuaren erabilera murriztea du helburu. Euskal Trenbide Sarea da proiektuaren arduraduna. 5.950.000 euroko aurrekontua du, eta horietatik 3.867.000 finantzatuko ditu Europak.
- Mugaziklo. Gipuzkoan, Nafarroan eta Pirinio Atlantikoetan bizikleta garraioa sustatzeko egitasmoa. Bizikletentzako tarte eta ibilbide berriak sortuko dituzte hiru lurraldeek partekatzen duten eremuan. Nasuvinsa sozietate publikoa da proiektuaren burua. 5.978.700 euroko aurrekontua du, eta 3.886.189 finantzatuko ditu Europak.
- Sarebide. Euskarazko hedabideen eraldaketa digitala bultzatzeko proiektua. BERRIA egunkariak gidatuko du proiektua, taldeburu gisa. 2.594.450 euroko aurrekontua du, eta horietatik, 1.686.392 euro finantzatuko dituzte Europako funtsekin.
- Eusguneak. Euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko proiektua. Euskara ikasteko azpiegituren modernizazioa sustatzea da egitasmoaren helburua, eta, horretarako, erakunde publikoen arteko lankidetza indartuko dute. 2.560.000 euroko aurrekontua du, eta horitatik, 1.664.000 finantzatuko dituzte Europako funtsekin.
- Hezhi. Mugaz gaindiko eremuan eleaniztasuna sustatzeko proiektua. Helburutzat dauka «tokiko hizkuntzen ikaskuntzan eta irakaskuntzan eleaniztasuna sustatzea, mugaren bi aldeetako lurraldeen arteko hizkuntza oztopoak murrizteko». 3.099.600 euroko aurrekontua du, eta horietatik, 2.014.746 euro finantzatuko ditu Europak.