Euskarazko haurtzaindegiak laguntzeko dirua biltzen hasi dira

Haur Hezkuntza osoki euskaraz egiten duten egiturak %5 dira Iparraldean, eta ez dira nahikoa gurasoen galdea betetzeko

Konkolotx elkartearen agerraldia, atzo goizean, Uztaritzen. GUILLAUME FAUVEAU.
Julene Muruaga Hiriart
Uztaritze
2023ko irailaren 20a
00:00
Entzun

Konkolotx Ipar Euskal Herriko zortzi haurtzaindegi eta haurtzain etxe euskaldunen elkarteak salatu du euskarazko Haur Hezkuntzaren egoera «larria» dela. Elkarte horren helburu nagusia da haurtzaindegietan euskarazko murgiltzea bermatzea. Baina, atzo egindako agerraldian erran zutenez, zailtasunak dituzte baliabide eskasiagatik. Izan ere, EEP Euskararen Erakunde Publikoari diru laguntza eskatu, baina ezezkoa eman zien.

Haien «aterabide bakarra», orduan, herritarren laguntza jasotzea da, dirua biltzeko kanpaina baten bidez; helburua da irailean denbora erdiz kontratatu zuten langilearen saria diruztatzea. Salatu dute diru laguntza ez ukan izanak erakusten duela lehen haurtzaroa ez dela «lehentasunezkoa».

Ipar Euskal Herrian, haurtzaindegien %5ek proposatzen dute murgiltze sistema. Ehun leku eskaintzen dituzte, baina 2023ko eskaerak eskainiriko lekuak halako bi izan ziren. «Gure haurtzaindegi eta haurtzain etxeak gainezka dira», adierazi zuen Leire Bidart Konkolotxeko kide eta haurtzainak. Adibidez, Marie Dol Miarritzeko (Lapurdi) Ohakoa haurtzaindegiko zuzendariak zehaztu zuen ikasturte honetarako 25 familiaren eskaerak baztertu behar izan zituela.

Egoera hori dela eta, gurasoek frantses hutsean edo ele bitan funtzionatzen duten haurtzaindegietara eraman behar izaten dituzte haurrak, halabeharrez, nahiz eta murgiltze sistema nahi izan. «Haurren eta familien hizkuntza eskubideak urratzen dira», gaitzetsi zuen Sebastien Castet Euskal Konfederazioko kideak.

Euskara, lehen haurtzarotik

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak erran zuenez, umeek 0 eta 3 urte artean ikasten eta barneratzen dituzte hizkuntzak, eta, ondorioz, haurtzaindegian frantsesez edo ele bitan aritzeak euskararen ikastea oztopatzen du, bai eta euskaraz aritzeko aukera ere. Jorajuriak, bestalde, adierazi zuen urtero hirurehun haur sartzen direla lehen aldiz Seaskako ama eskoletan, eta haien artean anitzek euskara ez dutela naturalki erabiltzen, Haur Hezkuntza frantsesez egin dutelako. Azaldu zuen euskarazko murgiltzea «beharrezkoa» dela lehen haurtzaroan.

Gainera, hezkuntza sektore osoan bezala, Haur Hezkuntzan ere langileak falta dira. Konkolotxek dituen arazoetako beste bat da ez dutela atzematen langile euskaldunik, proposatuak diren formakuntza eta diploma guziak frantsesez baizik ez direlako eginak. Hortaz, adierazi zuten ezinbestekoa dela langileak euskaraz trebatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.