Steilas sindikatuko ordezkaria

Raul Lopez Ekai: «Euskarazko ereduen hazkundea eteteko sortu zen PAI»

PAI Legea «txapuza handia» izan zela dio Steilas sindikatuko kide Raul Lopezek, eta bere sindikatuak jarritako helegitea defendatu du. Salatu du PAI programak «biktima ugari» eragin dituela.

Steilaseko Raul Lopez (erdian), Nafarroako Parlamentuaren aurrean eginiko elkarretaratze batean. IÑIGO URIZ/FOKU
Steilaseko Raul Lopez (erdian), Nafarroako Parlamentuaren aurrean eginiko elkarretaratze batean. IÑIGO URIZ/FOKU
Ion Orzaiz.
2025eko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun

Steilas sindikatuko kide Raul Lopezen irudiko, PAI Legeak eta haren arrimura eginiko lan deialdiek antz handia dute naturagune babestu batean eraikitako txalet batena: «Eraiki zutenean, denek zekiten legea urratzen ari zirela». Kostaldean eraikitako etxeen kasuan bezala, gizarte eragile batek —Steilasek, kasu honetan— auzitara eraman du proiektuaren sustatzailea, eta orain, epaileek baliorik gabe utz lezakete prozedura osoa, 362 funtzionario lanpostu airean utzita. «Baina, edonola ere, norena da egoeraren erantzukizuna?», galdetu du Lopezek: «Auzia salatu duenarena, ala hasieratik legea urratu zuenarena?».

Lanpostua arriskuan duten irakasleek agerraldia egin dute parlamentuan. Salatu dute zuen helegitearen biktima direla...

Guk dioguna da irakasle horiek biktima direla, baina PAIren biktimak. Eta ez bakarrak. Izozmendi bat da, funtsean: goian daudenak dira ikusten ditugunak, baina, ur azpian, ehunka dira PAIk kalte eginikoak: egonkortze prozesutik kanpo geratu ziren ehunka irakasle, urteetan behin-behineko kontratu prekarioekin aritu direnak, ikasleak, familiak...

Steilas jarri dute kritiken jomugan, PAI Legeari errekurtsoa jartzeagatik. Zer iritzi duzue?

Steilasen PAIren aurka gaudela ez da sekretu bat, eta ez da oraingo kontua. Hasieratik adierazi dugu gure aurkakotasuna, Nafarroako gehiengo sindikal zabal batekin batera. Espainiako Estatuan ere, programa horien kontra azaldu dira sindikatuak. Ardurak bilatzen hasita, gogoratu behar dugu 2019an Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria saiatu zela Espainiako legedia aldatzen, Ingeleseko C1 titulua oposizioetan eskakizun gisa jarri ahal izateko. Ez zuen lortu, eta orduan erabaki zuen PAI Legea sortzea, Nafarroarako soilik. Horren atzean, bazegoen asmo zital bat: imajinatu etorkizunean beste gobernu bat datorrela, eta PAI kendu nahi duela; bada, ezinen du, hor izanen duelako ingeles profileko funtzionario multzo bat, eta ezinbestean eutsi beharko die, betiko. PAIri lotuta daude.

Gorenaren arabera, hori «Espainiako Konstituzioaren aurkakoa» izan liteke, ezta?

Gu ez gara batere konstituzio zaleak, baina abokatuek aholkatuta hartu genuen bide hori. Behin Auzitegi Gorenera jotzea erabakita, horixe zen argudiorik eraginkorrena: konstituzionaltasunarena. Steilasentzat, ordea, badira beste argudio asko PAIren aurka egoteko: besteak beste, ezberdintasunak eta arrakalak sortzen dituela ikasleen eta irakasleen artean, eta euskarazko hezkuntza ereduen hazkundea eteteko sortu zela, Yolanda Barcinak berak aitortu zuen bezala.

Irakasleen arteko desberdintasunak aipatu dituzu. Zeintzuk?

Funtsean, PAI Legeari esker, irakasle-funtzionario talde paralelo bat sortu dute, PAI programan soilik aritzeko. Estatus administratibo ezberdineko langileak dira, eta horrek bidea eman dezake lan baldintzak aldatzeko: ordutegia, egutegia, soldatak...

Noizko espero duzue Gorenaren ebazpena?

Ez dakigu. Hilabeteak pasa litezke epai bat jasotzerako. Edo urteak. Guk 2023ko udan aurkeztu genuen kasazio errekurtsoa, eta Gorenak 2024ko azaroan onartu zuen tramiterako. Urtebete baino gehiago eman dute auziaren izapidetzea onartzeko soilik. Dena den, gure helegitea izapidetu izana bera garrantzitsua da.

Zergatik?

Asko zorroztu direlako Auzitegi Gorenaren irizpideak. Nafarroako Auzitegi Nagusiak ezezkoa eman zion gure helegiteari, eta, normalean, auzitegi autonomikoek atzera botatako salaketek bide motza egiten dute Gorenean. Gehienak automatikoki baztertzen dituzte. Oraingo honetan, baina, tramiterako onartu dute, eta autoan adierazi dute PAI Legea «konstituzioaren aurkakoa izan daitekeelako zantzuak» atzeman dituztela. Garrantzitsua da.

Gorenak arrazoia emanen balizue, zer ondorio izanen luke horrek? PAI programa bera kolokan egon liteke?

Zail ikusten dut hori. Azken finean, PAI programa martxan izan dute urte luzez, funtzionariorik gabe. Edonola ere, kolpe politiko gogorra izanen litzateke PAIren sustatzaileentzat, eta, bereziki, Gimeno kontseilariarentzat. PAIko irakasle berriei dagokienez, gerta liteke pertsona horiek funtzionario estatusa galtzea, bai, baina Gorenak beste doktrina bat aplikatu izan du halako kasuetan: frogatutzat jotzen badu irakasle horiek fede onez eta oposizio garbi batean eskuratu zutela plaza, ez luke zertan eten pertsona horien funtzionario izaera. Steilasek ez du inoiz halakorik eskatu, eta ez dugu eskatuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.