Eusko Legebiltzarrera joan da gaur Euskalgintzaren Kontseilua, eta idazkari nagusi Idurre Eskisabelek eskaera gutun bat helarazi die legebiltzarkide guztiei: EAEko Hezkuntza Lege berriak euskarazko ikaseredua orokortzea, horixe eskea. Eskearen inguruan dagoen babes soziala nabarmentze aldera, jakinarazi du Kontseiluak 20.348 herritarren sostengua jaso duela eske horren alde egin duen kanpainan.
Aparteko esanahia dute eskea egiteko hautatu duten tokiak eta egunak. Izan ere, azken txanpan dago EAEko Hezkuntza Legearen proiektuaren gaineko zuzenketak onartzeko prozesua. Bihar izango da azken bilkura, eta onartzeko bidean izango da, hain justu, puntu arazotsuenetariko bat: EAJk eta PSE-EEk, hizkuntza ereduak aipatuz eta Euskararen Legeak ezarritako markoari ere erreferentzia eginez, legearen zioen adierazpenean egindako zuzenketa. Kritika ozenak eragin ditu hainbat sektoretan, eta Kontseiluak berriro ezinegona berretsi nahi izan du gaur.
Ingelesa, euskara eta gaztelania irakas hizkuntza izateko zuzenketa bat ere badago mahai gainean, eta, oro har, horiek eragindako «kezka larria» gogoratu du gaur Kontseiluak. Idurre Eskisabel idazkari nagusiak ohartarazi du milaka haur eta gazteri euskararen ezagutza nahikoa lortzea ukatzen dieten ereduak «oztopo handia» direla euskararen normalizazioan aurrera egiteko, eta, ondorioz, gizarte kohesioan eta bizikidetzan sakontzeko.
Ikusi gehiago
Kontseilua kezkatuta dago, halaber, zuzenketa horrek bidea eman dezakeelako berez eremu sozialean eta politikoan egin beharko litzatekeen hizkuntza ereduei buruzko eztabaida hori epaitegietara eramateko. «Eta badakigu egungo oldarraldi judizialaren testuinguruan aukera horrek zer esan nahi duen». Duela bi aste oldarraldiaren aurka Bilboko kaleetan bildutako jendetza gogora ekarri du Eskisabelek.
Kontseiluak «hurbiletik eta arreta bereziarekin» segitu du Hezkuntza Legearen proiektuak legebiltzarrean izan duen prozesu guztia, eta euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta etorkizuneko ikasle guztiei euskalduntzeko eskubidea bermatzeko neurriak proposatu ditu, betiere hezkuntza arloko eragile, sindikatu eta adituekin elkarlanean. Hala, 33 zuzenketa zehatz egin zizkion legeari, eta horien xedea oroitarazi dute gaur: «Ikasleen hizkuntza segregazioa eragiten duten gaur egungo eredu zaharkituak gainditzea, eta euskara ardatz duen eredu orokortu eta inklusiboa ezartzea».
Ez da bide hasi berria: lanketa osoa egin du Kontseiluak eskearen inguruan. Iazko abenduan hezkuntza, kultura eta euskararen munduko 211 adituk eta profesionalek proposamen bat plazaratu zuten, eta, horretan, lege berriak bete beharreko hiru irizpide zehaztu zituzten: euskarazko ikaseredua orokortzea, euskal kultura ardatz izango duen curriculuma, eta hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea.
Irizpide horiek oinarritzat hartuta hasi zuen Kontseiluak ikas komunitatearen arloan sinadura bilketa zabala. Irailean jarri zuten martxan. Kontseiluak honako hauek izan ditu bidelagun prozesu horretan: Ikastolen Elkartea, EHIGE, HEIZE eta Hik Hasi hezkuntza eragileak, eta Steilas, LAB eta ELA sindikatuak.
Eta horrexegatik berritu nahi izan dute gaur eskea, lortutako sinadura guztien babesarekin: «Legebiltzarkideei helarazteko eskaera zehatza erregistratu dugu: aintzat har dezatela ikasle euskaldun eleaniztunak sortzeko ezinbestekoa dela bide horretan arrakastatsuena izan den eredutik abiatzea, hau da, euskara ikas eta irakats hizkuntza duen eredutik. Finean, Hezkuntza Legea ikasle guztiek euskaraz jabetzeko duten eskubidearen berme izan dadila, eta, justizia sozialaren eta gizarte kohesioaren alde eginez, eman diezaiela euskara gehiago gutxien dutenei».
Hogei milatik gora herritarren babesak ematen duen «indarra» legebiltzarrean islatua egotea da Kontseiluaren nahia. «Itxaropen izpi bat» da azken txanpan den Hezkuntza Lege proiektuak euskararen normalizazioan «atzerapausorik» eman ez dezan, Eskisabelen hitzetan.
ELA: «Ez onartu lege hau»
Kontseiluak Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin baino ordu erdi lehenago, ELA sindikatuak Hezkuntza Legearen aurkako protesta egin du ganberako atarian, eta zera eskatu die legea eztabaidatzen ari diren alderdiei: ez dezatela Hezkuntza Legea babestu. Izan ere, Miren Zubizarreta ELAko Hezkuntza arduradunak salatu duenez, lege proiektuak «orokorkeriak» besterik ez ditu jasotzen, helburua baita «egungo hezkuntza sistemaren muina betikotzea».
Hizkuntza ereduei buruzko eztabaida ere horren adibide dela uste du Zubizarretak: «Alderdiek aspaldi egin diote uko bi hizkuntza ofizialak ezagutzeko aukera ematen duen hizkuntza eredua orokortzeari, euskarazko murgiltze ereduari, alegia».
Horren ordez, egungo hizkuntza ereduekin jarraitzeko aukera ematen duen zuzenketa onartu dutela deitoratu du ELAko ordezkariak: «Are gehiago, D ereduan euskararen presentzia murriztu dezakete gazteleraren eta ingelesaren alde. Orain dela hilabete batzuk ezagutu genuen lege proiektuan horrela zen, eta, orain, EAJk eta PSEk onartutako hizkuntza ereduen inguruko zuzenketak hori agerian utzi besterik ez du egin: lege horrek ez du ikasleak elebidunak izatea ahalbidetuko».
Era berean, ELAk salatu du legeak ez duela bide emango euskal curriculuma garatzeari, ez duela «trantsiziorik» bideratuko eskola publiko burujabe baten bidean, eta ez diola «galgarik» jarriko hezkuntza sistemaren merkantilizazioari. «Kalitatezko hezkuntza izateko, ezinbestekoak da lan baldintza eta baliabide egokiak jasotzea, eta horri ere uko egin dio legeak», ziurtatu du Zubizarretak.