Euskarazko ekitaldiek erdaldunak «diskriminatu» egiten dituztela esan du Eguesibarko alkateak

Eguberri giroko ekitaldietan euskarazko ekitaldiek toki urria izan dutela eta, EH BIlduk galdera egin zion Xuriñe Peñas alkateari (UPN), eta hark argudio bat emanez erantzun zion

Xuripe Peñas, Eguesibarko alkatea.
arantxa iraola
2024ko urtarrilaren 4a
14:30
Entzun

Nafarroako udal zenbaitetan euskararen inguruan ideia eta politika baztertzaileak nagusitzen direla argi erakusten duen bideo bat erruz hedatzen ari da gaur. Eguesibarko EH Bilduk zabaldutako bideo bat da, udalean egindako azken udalbatzarrekoa. Koalizio abertzaleak mozio bat eraman zuen bilkurara, eta eskatu azaltzeko euskarak zergatik izan zuen presentzia urria Eguberri giroan antolatutako ekitaldietan. Xuriñe Peñas alkateak (UPN) emandako erantzuna jasota dago bideoan. Honela argudiatzen du zergatik diren euskarazko ekitaldiak urriagoak gaztelaniazkoen ondoan: «Uste dut diskriminatzen dela ekintza horretara joan ezin den eta euskaraz ez dakien jendea».

Zehaztu egin nahi izan zuen gero adierazpena. «Hara, azalduko dut», esaten du: «Euskaraz hitz egiten dutenak joaten diren ekintzetara ezin dira joan gaztelaniaz dakitenak, ez dituztelako ulertzen. Baina gazteleraz egiten ditugun ekintzetara joan daitezke bai euskaraz dakitenak eta bai gazteleraz dakitenak; eta hori hala da, errealitatea bat da. Nor diskriminatzen da?». Hasieran zehaztapena egin zuen: bera euskalduna da. «Denek dakizuen moduan».

Ondoren EH Bilduko zinegotzi Asier Mesanzak egindako hitzartzea dago jasota bideoan. Udalak Eguberrietarako egitarauren berri emateko material «elebiduna» landu duela onartzen du bertan; halaxe da, egitaraua, aski zabala, eta haur eta gaztetxoentzat pentsatutako ekitaldi askokoa, bi hizkuntzatan jasota dago: euskaraz eta gaztelaniaz. Herritarrek «edukiei» ere erreparatzen dietela nabarmendu zuen, ordea, EH Bilduko ordezkariak eta hor agerikoak direla gabeziak, euskararen kaltetan.

UPNk sei ordezkari ditu egun Eguesibarko Udalean. Atzetik, EH Bildu dago: lau ditu. PSNk hiru ditu; Geroa Baik, bi; Zurekin Nafarroak, bat. PPk ere, bat. Gainerako lau zinegotziak dira bi talde independentetakoak. Iazko maiatzaren 28an PPren aldeko botoarekin lortu zuen alkatetza UPNk. Hautagai gehiago ere izan ziren, baina, gehiengo osorik inork lortu ez, eta gehien bozkatutako zerrenda izan zelako gailendu zen UPN.

Alkate izendatu berritan, Peñasek «elkarlanerako» deia egin zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.