Joxe Ramon Etxebarria. Merezimenduzko CAF-Elhuyar sariduna

«Euskaraz zientziaren edozein alor landu daitekeela frogatu dugu»

GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
1970eko hamarkadatik zientziaren euskarazko dibulgazioan ari da lanean Joxe Ramon Etxebarria. Pozik jaso du merezimenduzko CAF-Elhuyar saria. Orain arteko erronkak gainditu dituztela uste du, eta xedea erabilera handitzea izan behar duela. «Hor dago hizkuntzaren etorkizuna».

Nola hartu duzu saria?

Oso pozik. Izan ere, ez da gauza konkretu bat saritzen, baizik eta proiektu bat; proiektu hori abian jarri genuenak. Zientzia eskolak eta dibulgazioa euskaraz ematen hasi ginenon lana da aitortzen dutena, eta hori ohore handia da. Nire izenean egin dute, niri egokitu zait jasotzea, baina sari hau guztiona da.

1970eko hamarkadan eskolak euskaraz ematen aitzindariak izan zineten EHUko Zientzia Fakultatean. Nola dituzu gogoan garai haiek?

Gizartean giro berezi bat zegoen, eta argi ikusi genuen bizirik iraun nahi bazuen edozein alorretarako balio behar zuela euskarak. Hala, zientziaren irakaskuntzarako eta dibulgaziorako ere balio zuela argi genuen, eta horretan hasi ginen. Batzuek esaten ziguten ezinezkoa zela. Baina guk garbi genuen euskarak beste edozein hizkuntzak adinako gaitasuna zuela, eta egin behar zena erabiltzea zela.

Zein hausnarketa egiten duzu oraingo egoeraz?

Egiten dudan hausnarketa garrantzitsuena da euskara bizirik dagoela. Frogarik garbiena da etengabe ari garela sortzen, baldintza berrietara egokitzeko. Horretan jarraitu behar dugu, eta beste esparru berriak zabaldu. Hizkuntzek garai berrietara egokitzeko gaitasuna izan behar dute.

Eta zientziaren alorrean?

Zientziari dagokienez, egungo egoera gazi-gozoa dela esango nuke. Alde batetik gozoa da, orain arteko erronkak gainditu ditugulako, eta, gainera, nota onarekin: terminologian, praktikan... Frogatu dugu beste hizkuntzetan adina landu dezakegula euskaraz zientziarenedozein esparru edo gai. Kalitaterekin egin daiteke, gainera. Gaur, adibidez, zientziari buruzko kalitate handiko lau artikulu sarituko dituzte. Adibide argigarria da hori. Gazia, berriz, erabilerari erreparatuta izango litzateke. Izan ere, alor horretan gorabeherak daude, eta, aipatu bezala, hizkuntza bat bizirik irautea nahi bada, erabili egin behar da. Hor jarri behar ditugu indarrak eta ahaleginak. Nire beste kezketako bat da oraindik ere ez dugula benetan euskarazko unibertsitate bat lortu. Alor guztietan euskaraz biziko den unibertsitate bat. Ikerkuntza alorrean, bestalde, lortu eta finkatu behar dugu ikertzaile euskaldunen talde bat. Gure neurrian, baina sendoa. Azken batean, horien eguneroko jardun eta komunikazioan euskara erabiltzea; naturaltasunez erabiltzea. Eta gero, hori enpresa mundura eraman. Izan ere, badirudi euskara ez dela erabilgarria enpresarako, negozioetarako.

Gazteak dira etorkizuna. Nola ikusten duzu erronka horiei aurre egiteko?

Gure garaian baino hobeto, baina nahiko nukeena baino motelago ikusten ditut. Baina ezin da orokortu. Izan ere, badira horretarako prest daudenak. Egin behar duguna da indar egiten jarraitu. Jendeak sinistu egin behar du euskara edozein gauzatarako izan daitekeela erabilgarri. Kasu honetan, zientziaren dibulgaziorako. Ni baikor naiz, eta konfiantza eta uste osoa dut izango direla gure lekukoa hartuko duten gazteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.