Euskaraz, «molestatzeko»

Nafarroako eskuina asaldatuta dabil euskarari buruzko neurketa dela eta. Ana Beltranek (PP) kargu hartu die Soziolinguistika Klusterreko kideei, euskaraz mintzatzeagatik. Bideoa albistearen amaieran.

PPko Ana Beltran Nafarroako Parlamentuan, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
«Molestatzera etorri zarete, min ematera». Ana Beltran PPko legebiltzarkideak atzo esandakoek hautsak harrotu dituzte Nafarroako Parlamentuan. Ez zen ari arerio politikoen aurka, ez zegoen parlamentuko eztabaida sutsu batean. Legebiltzarrera gonbidatutako Soziolinguistika Klusterreko kideen aurka egin zituen hitz horiek, kaleko erabileraren azken neurketaren emaitzak aletzeko saio batean. Beltranen purrustadaren motibo nagusia: ikerlariek azalpenak euskaraz eman zituztela. Euskararen erabilerari buruzko txosten baten berri euskaraz eman izanak sutu zuen PPko burua.

Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra taldeek eskatuta egin zuten batzarra. Soziolinguistika Klusterreko Imanol Larreak, Olatz Altunak eta Iñaki Martinez de Lunak azaldu zituzten uztailean argitaratutako ikerketaren emaitzak. Besteak beste, euskararen kaleko erabilera igo egin dela Nafarroan: kalean dabiltzanen %6,7 entzun dituzte euskaraz.

Aldibereko itzulpen zerbitzua du legebiltzarrak, eta parlamentari elebakar erdaldunek entzungailuetatik jarraitu ahal izan zuten adituen hitzaldia.

Adituen txanda amaituta, hitza hartu zuten parlamentuko taldeetako eledunek. Batzuk euskaraz mintzatu ziren —UPNko kide Iñaki Iriarte, kasurako—, baina PPko bozeramailearen txanda iritsita heldu zen polemika: «Errespetu falta izugarria iruditzen zait. [...] Euskara arma gisa erabiltzera etorri zarete batzorde honetara, hemen gauden gehienok ez baitakigu hizkuntza hori, eta, ondorioz, ezin dugu zuen mintzaldia ulertu. Eta eskerrak interpreteak ditugun, baina proiekzioak eta grafikoak ere euskara hutsez erakutsi izanak badu intentzionalitate argi bat». Euskaraz mintzatzea nahikoa ez, eta «Nafarroa Euskal Herriaren parte gisa» irudikatu nahi izatea leporatu zien Soziolinguistika Klusterreko ordezkariei: «Badakizue Nafarroa ez dela Hego Euskal Herria. Molestatzera etorri zarete, min ematera».

Orduan, batzordeko presidente Tere Saezek (Ahal Dugu) moztu egin zuen eztabaida, gonbidatu guztiei «errespetua» zor zaiela gogorarazita. Horrek ez zuen, baina, Beltranen polemika gogoa apaldu: «Zertara etorri zarete hona, zuen interbentzioa euskara hutsean eginez, molestatzera ez bada? Nafarroa Hego Euskal Herri gisa sailkatzen duzue euskara erabiltzen delako? Hori ez duzue zuek ere sinesten. Eta ez da egia, euskara ez baita erabiltzen, ez eremu mistoan, ezta ez-euskaldunean ere». Hori esan ostean, Beltranek aretotik alde egin zuen.

Soziolinguistika Klusterrak uztailean aurkeztu zuen kaleko erabileraren neurketa, eta joan diren asteetan sortu du harrabotsa Nafarroan. UGT sindikatuak azalpenak eskatu zituen, esanez «gobernuak esan baino txikiagoa» dela euskararen erabilera —inkesta soziolinguistikoa da gobernuarena, eta hainbat esparrutako erabilera aitortua jasotzen du; kalekoa, berriz, behaketa da, eta kalea du aztergai bakarra—. UPNk eta PPk heldu diote gaiari, eta Uxue Barkos lehendakariak azalpenak eman behar izan ditu: «Akusazio faltsuak egiten dituzue, erabilerak gora egin izanak amorratzen zaituztelako», esan zion Beltrani.

[youtube]https://youtu.be/w2AcRKyMQys[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.