Handiak edo txikiak. Oso euskaldunak edo bidea egiten ari direnak. Irabazi-asmodunak edo enpresa logikaz bestelakoak. Euskaraldiak askotariko enpresa, elkarte, saltoki eta ostatuak bultzatu nahi ditu izena ematera, eta, adibiderako, hiru entitate oso ezberdin solastatu dira gaurko Donostiako agerraldian. Arabako Irsearaba kooperatibak 150 langile inguru ditu, esku hartze sozialean aritzen da, eta langile gehienak erdaldunak ditu oraindik. Baionako Luma Baiona haurtzaindegiak euskara du oinarri, euskaraz aritzen dira, baina haur askoren gurasoek-eta ez dakite euskaraz. Osasuna kirol elkarteak hirurehun langile inguru ditu, itzal eta sona handia du gizartean —futbolak duen oihartzunaren ondorioz—, eta 2017tik hona, euskararen erabileran aurrerabideak egiten ari da bazkideek propio eskatuta.
Ikusi gehiago
Hiru entitateek uste dute Euskaraldia «aukera» bikaina dela aurrez ere euskararen inguruan abian dituzten dinamikak indartzeko. Irsearabaren izenean, Idoia Martinez de Lahidalgak eta Sergio Jimenezek hartu dute hitza. Azaldu dute etxeko lanak egiten hasita sartuko direla Euskaraldira. «Azken urteotan tokia eman nahi izan diogu euskarari». Euskararen inguruan langintza bat abiarazteko talde bat eratu zuten orain hiru urte kooperatiba barruan, eta Ahize aholkularitzarekin ari dira egun, euskara plana garatzen. Horregatik uste dute orain berebiziko zentzua duela Euskaraldian izena emateak. «Entitate moduan, gure lehen Euskaraldia izango da. Ilusio handiz hartu dugu», azaldu du Martinez de Lahidalgak. Dinamika horren bidez, lehen egiten dituzten hainbat gauza era sistematikoan egiten hastea da asmoa: «Lehen hitzak eta azken hitzak euskaraz egitea, adibidez, eta langileak euskaldunak direnean elkarren arteko bilerak euskaraz egingo direla bermatzea».
«Ideia da langileek jarrera aldatzea, txipa aldatzea, eta beste giro bat izatea entitatean»
IDOIA MARTINEZ DE LAHIDALGAIrsearaba kooperatibako ordezkaria
Adingabeekin-eta jarduten dute askotan kooperatiban, eta haiekin dituzten harremanetan ere euskara sarriago erabiltzea dute helburu Martinez de Lahidalgak eta haren kideek. «Izan ere, erabiltzaile gehienak haurrak dira, eta Gasteizen haurrek badakite euskaraz». Eskolan jasotzen dute askok euskara, baina Irsearaban argi dute beren jardunaren bitartez euskara beste esparru batzuetara eraman dezaketela. «Garrantzitsua da umeek ikustea beste eremu batzuetan ere euskaraz egin dezaketela, eta gurekin, beren gizarte hezitzaileekin, euskaraz egin dezaketela». Euskaraldiak arrastoa uztea nahi dute: «Ideia da langileek jarrera aldatzea, txipa aldatzea, baita erabiltzaileek ere, eta hori nabaritzea eta beste giro bat izatea entitatean».
Patxi Amulet mintzatu da Luma Baionaren izenean. «Zentzuz betea da arrunt: gure lanaren segida bat da Euskaraldia proposatzea gure familiei», azaldu du. Lehen hitzak euskaraz egiten «ausartzea» izango dute helburuetako bat, eta gurasoei euskara hurbilarazteko tailerrak eskaintzea: euskarari «beldurrik» ez izateko. «Anitzi ez zaie transmititu, eta biziki zaila da guk ez dugun hizkuntza bat transmititzea haur bati».
«Zentzuz betea da arrunt: gure lanaren segida bat da Euskaraldia proposatzea gure familiei»
PATXI AMULET Luma Baionako ordezkaria
Osasunaren izenean, komunikazio taldeko Mikel Erbitik hartu du hitza. Bideo bat helarazi du horretarako. «Guk beti esan izan dugu Osasunak euskaraz zuela izena baina izana erdalduna izan duela urte askoan». Hori aldatzeko ahaleginetan ari dira, eta esan du Euskaraldiak lagundu egiten duela bide horretan. Erakundearen barnean, ariguneak sortu nahi dituzte, eta, kanpora begira, zaleei sentiarazi nahi diete euskara «haiena» dela, eta Osasunarekin dituzten hartu-emanetan ere erabil dezaketela.