Egun 250-300 enpresa daude Euskal Herrian euskara plan batekin lanean. Bai Euskarari Ziurtagiriko zuzendari Rober Gutierrezek (Gasteiz, 1970) eman du datua.«Enpresak ari dira pixkanaka konturatzen euskarak leihakorrago izaten laguntzen diela. Baina, gero, ez dago beren lehentasunen artean. Hori da aldatu behar dena», nabarmendu du Gutierrezek. Egun beren produktuak eta zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituzten enpresen arteko elkarlana handitzea izango ditu xede urriaren 2an Donostiako Kursaal jauregian egingo den Enpresarean azokak. Bai Euskarari Ziurtagiriak antolatu du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Donostiako Udalaren eta Kutxaren laguntzaz. «Krisia aukera gisa baliatu behar dugu», esan du Gutierrezek.
Zein helbururekin antolatu duzue Enpresarean azoka?
Bi helbururekin antolatu dugu azoka. Batetik, beren zerbitzu eta produktuak euskaraz eskaintzen dituzten enpresen erakusleiho izatea nahi dugu. Bestetik, enpresa horiek harremanetan jarri nahi ditugu, haien arteko elkarlana sustatu. Izena emateko epea zabalik dago oraindik. Gaur arte [atzo] 60 enpresak eman dute izena. Dena den, azoka abiapuntua baino ez da. Internetez [www.enpresarean.org] ezagutza eta elkarlan horrekin jarraitu nahi dugu.
Zein enpresa mota dira azokan izango direnak?
Denetik dago. Baina egia da zerbitzuen alorrean lanean ari diren enpresa txikiak direla euskararen erabileran urrats gehien egiten ari direnak. Enpresa handietan zailagoa da hori.
Zein egitarau prestatu duzue?
Batetik, erakusmahaiak egongo dira. Hamabost bat enpresak jarriko dituzte. Bestalde, bi areto egongo dira enpresek beren eskaintza azaltzeko. Enpresen arteko hitzordu azkarrak ere antolatuko ditugu, elkar ezagutu eta batera lan egiten hastea posible den ikusteko.
Behin eta berriz nabarmendu duzue lan alorrean euskara erabiltzeak balio erantsia duela. Enpresak jabetzen al dira horretaz?
Mundu globalizatu honetan, enpresek gero eta gehiago begiratzen dute kanpora. Baina non dauden ere jabetu behar dute, eta errealitate horretara egokitu. Euskarak are lehiakorrago egiten dituela jabetu behar dute. Enpresak konturatzen ari dira horretaz, gero eta gehiago, gainera. Baina, gero, ez dago beren lehentasunen eta kezken artean. Hori da aldatu behar dena.
Krisiaren ondorioz enpresen euskalduntzean eman diren edo eman daitezkeen pausoetan atzera egin daitekeen beldur zarete?
Argi dago krisiak baduela eragina horretan. Azokarekin justu kontrakoa lortu nahi dugu. Krisia aukera gisa baliatu nahi dugu. Erakutsi nahi dugu posible dela euskarazko produktu eta zerbitzu erakargarriak sortzea, eta unea izan daitekeela horien inguruan enpresa proiektu berriak abian jartzeko elkarlanean.
Enpresen arteko elkarlan hori posible da?
Zergatik ez? Guk horretan lagundu nahi diegu, betiere bereizgarri gisa euskara hartuta. Krisi garai honetan, indarrak batu behar ditugu, are gehiago gurea bezalako herri txiki batean. Guk badugu hori azaltzeko hitz bat: lehialkartasuna. Hori da sustatu behar duguna.
Nola ikusten dituzu lan mundua euskalduntzeko ematen ari diren pausoak?
Une honetan 250-300 bat enpresa daude Euskal Herrian euskara plan baten inguruan lanean, gehienak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin, berriz, 1.500 bat enpresa ari dira euskalduntzeko urratsak egiten. Dena oso mantso doa. Metodologia aldetik eman dira pausoak. Duela urte batzuk ez bezala, euskara planak egiteko oinarriak baditugu gaur egun. Orain enpresek konturatu behar dute kudeatu beharreko beste alor bat dela hizkuntza; azken batean, zaindu egin behar dutela beren produktuak zein hizkuntzatan eskaintzen dituzten.
Zein iritzi duzu administrazioak enpresa mundua euskalduntzeko egiten ari diren lanaz?
Uste dut alor sozioekonomikoaren euskalduntzea ez dela soilik administrazioari dagokion zerbait. Beste hainbat eragile daude hor sartuta: enpresak, sindikatuak, euskararen inguruan lanean ari garen elkarte eta taldeak... Mahai baten bueltan eseri behar dugu, eta denen artean dinamika eta xede batzuk zehaztu. Bakoitza bere aldetik joanda ez dugu ezer lortuko. Hezkuntzan lan handia egin da euskalduntzeko, baina ikasleak lan mundura iristean zailtasun gehiago dituzte euskara erabiltzeko. Hori aldatu behar dugu.
Rober Gutierrez. Bai Euskarari Ziurtagiriko zuzendaria
«Euskaraz lan egiten duten enpresen arteko elkarlana sustatu nahi du azokak»
Enpresarean azoka egingo dute urriaren 2an Donostiako Kursaalean. Zerbitzuak euskaraz eskaintzen dituzten enpresen agertoki izango da azoka, Bai Euskarari Ziurtagiriko buru Rober Gutierrezen arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu