«Oldarraldi judizialaren» kontrako manifestazioa egingo da azaroaren 4an, Bilbon, euskararen normalizazioaren kontra igaro hilabeteotan izan diren epaiak auzitan jartze aldera. Euskalgintzaren Kontseiluak antolatu du protesta, eta atxikimendu ugari jasotzen ari da. Deialdiaren harira, atzo euskal sindikatu nagusiek eta lan munduko hainbat eragilek bat egin zuten mobilizazioarekin bat egiteko, Bilbon bertan egindako agerraldi batean. ELA, LAB, ESK, CGT/LKN, Steilas, Hiru, EHNE, Etxalde, Lanartea, Olatu Koop eta EHko Pentsiodunak eragileetako ordezkariak izan ziren, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari Idurre Eskisabelekin. Propio agerraldirako ondutako ohar batean, gogora ekarri dute «eremu sozioekonomikoa» ezinbestekoa dela hizkuntza gutxituennormalizazioan.
«Izan ere, gure bizitzaren parte handi bat lanean ematen dugu, eta beste parte handi bat inoren lanaz baliatzen. Horregatik, herritar erabiltzaile modura zerbitzua norbere hizkuntzan jasotzeko eskubidea aldarrikatu nahi du Kontseiluak, baita langile modura euskaraz lan egitekoa ere», nabarmen dute.
«Oldarraldi judizialeko» hainbat sententzia izan dira propio funtzio publikoan ari diren langileei eta enpresei euskara gaitasuna egiaztatzeko ezarritako hizkuntza eskakizunen aurka. Euskaraz lan egitea eskubidea dela gogoratu dute, ordea. «Langileek Euskal Herriko berezko hizkuntza ezagutzeko, lan jarduera eta lanbidea euskaraz garatzeko eta lan harremanak euskaraz izateko eskubidea defendatzen dugu. Finean, hizkuntza eskubideak lan eskubide ere badirelako. Aitortza hori ezinbestekoa da gure hizkuntza hautua modu librean egin ahal izateko».
Euskal Herri osorako, baina «tokian tokiko berezitasunei» ere erreparatuta, hizkuntza politika eraginkorrak eskatu dituzte. «Orain arte, haur eta gazteengan jarri izan dugu fokua», esan dute. «Ezinbesteko oinarri bat da, bai, baina ez da nahikoa. Zertarako balio du inoizko gazte belaunaldi euskaldunena izateak, lan mundua erabat erdalduna bada?». Eragiten jarraitze aldera, justizia ezin da traba izan. «Zoritxarrez, kontrako norabidean datoz azkenaldian epaitegietatik jasotako sententziak. Gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela: oldarraldi judizial bat». UEU Euskal Unibertsitateak ere bat egin du azaroaren 4rako.
Euskaraz lan egiteko eskubidearen alde batu dira sindikatuak
Euskal sindikatu nagusiek agerraldia egin dute Kontseiluarekin; azaroaren 4ko manifestazioa babestu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu