Euskara

Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatuko dute hilaren 29an Iruñean

Hezkuntza departamentuak Mendigorriko guraso taldeari D ereduko irakaskuntza ukatzea eta Iruñean Navarra Sumaren udal gobernuak haur eskoletarako iragarri dituen erabakiak kritikatu dituzte. Manifestazio batera deitu dute, egoera hori salatzeko.

Iruñeko Alde Zaharrean egin den agerraldia. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2020ko otsailaren 21a
18:47
Entzun

«Ez gaude prest gure eskubideetan atzera egiteko». Josu Goñik, Mendigorriko gurasoen izenean, eta Itziar Zabalzak, Iruñeko haur eskoletako gurasoen izenean, Nafarroan euskaraz ikasteko egun dauden oztopoak salatu dituzte. «Barkaezina» iruditzen zaie erakunde publikoek ez bermatzea euskarazko irakaskuntza nafar guztiei: «Haien lana da egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren aldeko neurriak hartzea, herritarrei gehiago jakiteko aukera eskaintzea». Horregatik, egoera hori kritikatu eta euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko, manifestazio bat antolatu dute hilaren 29an, 17:00ean, Iruñean. Golem zinema aretoetatik abiatuko da.

Haur zein gurasoz inguraturik, Zabalzak eta Goñik azken asteotako erabakien berri eman dute. Alde batetik, Iruñean, Enrique Maiak iragarri berri du atzera egingo duela Joseba Asironen agintaldian hartu ziren erabakietan. 2015 aurretik ere, bi haur eskola baino ez zeuden —Arrotxapean eta Txantrean—, eta, Joseba Asiron alkate zelarik, eskaintza beste bi haur eskolatara eta auzotara zabaldu zen, eta «egoera arindu».

Haatik, orain, Navarra Sumaren udal gobernuak «erdira baino gutxiagora» murriztuko du eskaintza: eskola bakarra egongo da euskaraz, eta beste batek, euskaraz ez ezik, gazteleraz eta ingelesez ere izango du eskaintza. Azaldu dutenez, egoera horrek Antsoainen ere eragingo du. Herrian ez da euskarazko eskaintzarik inoiz izan, eta hautu horren aldeko gurasoek Iruñera jo behar izan dute: «Hemendik aurrera zailago izanen dute berez injustua den hori egitea».

Haur eskolez harago, Mendigorrian guraso talde batek herrian D eredua ezartzea eskatu du, baina gobernuko Hezkuntza departamentuak ez du aintzat hartu eskaera. «Ez omen da nahikoa, aurrera begira aukera argiak izan arren». Gurasoek gogora ekarri dute, aitzitik, Castejonen bertako ikastetxe publikoak PAI kentzeko eskaera ere atzera bota duela, eta departamentuak ez duela D ereduaren aldeko kanpainarik egin.

Bi kasuoz gain, gurasoek gogora ekarri dute eremu euskaldunean ere eragozpenak daudela. Sakanan, adibidez, arazoak daude Lanbide Heziketa euskaraz ikasi ahal izateko. Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere «egoera kezkagarria» da, «euskaraz ikasi nahi duten ikasle askok beste unibertsitate batzuetara joan behar izaten dutelako».

Hezkuntza eremutik gaindi, «euskarafobiak aurrera jarraitzen du». Euskarazko hedabideei laguntzak kendu zaizkie Iruñeko Udalean; euskararen ordenantzan atzerapauso agerikoak eman dira; eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsi zentsura ezarri die Maiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.