Iruñeko ikastetxeren batera joatea ala herritik gertuago ikasteko gaztelerazko eredura igarotzea. Behin Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasketak amaituta, bi aukera dauzkate Batxilergoa egin nahi duten Pirinio, Zangoza eta Irunberri inguruko (Nafarroa) 16 urteko ikasleek. Aukeratu behar ez izatea nahi dute, ordea, etxetik gertuago Batxilergoko ikasketak ere euskaraz eskaintzea. Pirinioko zazpi ikastetxeetako, Aoizko ikastetxeko eta Irunberriko eta Zangozako ikastoletako gurasoek eskaera argia egin dute: Pirinioetako Batzarrean jakinarazi zuten inkesta baten arabera, familien %76,5 Irunberrin D ereduko Batxilergoko ikastetxe bat eraikitzearen alde daude.
Baliteke gero eta gertuago egotea. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak BERRIAri adierazi dionez, proiektua garatzen ari dira, eta, horretarako, Piriniotako Mahaiak eskariaren inguruan bidalitako ikerketa aztertzen ari dira. Departamentuaren esanetan, informazio hori «ezinbestekoa» da Pirinioetako ikasleentzako institutuaren eta Batxilergoko ikasketen eredua zehazteko. Gainera, gogorarazi dutenez, EH Bildurekin adostuta daukate institutura 450.000 euro bideratzea.
Egun, 25 kilometro pasatxo ditu Erenia Biguriak Erretatik (Nafarroa) Iruñera, eta 45 Lucia Orradrek Domeñotik (Nafarroa). Egunero autoz egiten du joan-etorria lehenengoak; halabeharrez, Iruñera bizitzera joan da bigarrena. Txikitatik egin dituzte kilometroak eta kilometroak ikastetxera joateko, baina ez Batxilergora arte adina. Batak zein besteak Irunberrin egin zituzten Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza, Arangoiti ikastolan; handik Iruñeko San Fermin ikastolara joan zen Biguria, DBH eta Batxilergoa egitera; Orradre, berriz, Zangozako ikastolara DBHra eta Atarrabiako Paz de Ziganda ikastolara (Nafarroa) Batxilergora.
06:00etan esnatu, aitarekin autoz Irunberrira joan, han 07:00etako autobusa hartu, 7:30ean Iruñera iritsi, Atarrabiara autobusez joan eta 08:30ean ikastolan sartu. Eta buelta: 15:30ean autobusa hartu, etxera 16:30 aldera iritsi, bazkaldu eta ikasten jarri. Horixe Orradreren Batxilergoaren hasierako hilabeteetako egunen laburpena. Erantsi du: «Guk 15:30ean bukatzen dugu, eta autobusa 15:30ean dago. Orduan, lehenago atera behar ginen, eta 40 minutuan eskolak galtzen genituen, autobus geltokira iristeko eta autobusa hartzeko».
Bizitzera ere Iruñera
Horrela ez jarraitzeagatik, hilabete batzuen buruan, Iruñera bizitzera joan zen Orradre, 17 urte zeuzkala. Anaiarekin batera bizi da harrezkero, amonaren pisuan; zaharberritu egin behar izan dute. Domeñoko etxearen falta sumatzen du, ordea: «Egun guztian amaren tuperrekin eta bazkaria etxetik ekartzen ibiltzen naiz. Etxean hobeto nago».
Biguria Iruñera autoan bueltaka ibili da 12 urte zituenetik: «DBH eta Batxilergoa Iruñean egin ditut. Zortea izan dugu ikastolaz aldatu ginenean amak justu Iruñean hartu zuelako lana, eta, orduan, ordutegiak antzekoak zirenez, amak eramaten ninduen gehienetan, kotxez». Baina denek ez dute haren «zortea»: «Baditut lagunak herritik Iruñera bizitzera joan direnak anai-arreba zaharragoekin edo bakarrik, eta pisu bat hartu dute beste kide batzuekin, Batxilergoa Iruñean egiteko. Hain goiz etxetik joan behar izatea kolpe handia izaten da».
Etxea, autoa edo autobusa izan, ez da nolanahiko zama ekonomikoa. «Gasolinaren aldetik... Gu egunero kotxez joan behar gara, eta, gainera, ez badigute autobusik jartzen...», esan du Biguriak. Erregaiaren prezioa nabarmendu du Orradrek ere, baita Iruñean bizi beharrak dakartzan gastuak ere: «Ikasle egoitzetan daudenek ere dezente sumatu behar dute».
Baina, ondorio ekonomikoakalde batera utzita, uzten du bestelako ondoriorik ere gazteek ikastera hiriburura joan beharrak: herri txikiak pixkanaka hustea. Hala azaldu du Orradrek: «Hemen [Iruñean] egiten dituzu lagunak, eta asteburuetan ere Iruñean geratzen zara, haiekin egoteko. Nire kasuan, herrira joaten naiz, baina, agian, gazte batzuk ez dira joaten, lagunak hemen egiten badituzte». Biguriak, pandemiaren ostean, «bulkada bat» sumatzen du herri txikietara bizitzera joateko, baina horretarako herriak baliabidez hornitu behar direlakoan dago: «Ez badituzu ematen baliabideak han mantentzeko, ez du ezertarako balio».
Orradreren eta Biguriaren bideari jarraituko dio irailetik aurrera Natalia Lopesek: DBH amaituta, Irunberritik Iruñera joango da ikastera. Egunero 80 kilometro inguruko joan-etorriak ditu aurretik, Lanbide Heziketa euskaraz egiteko. Autoz ibiltzeko asmoa dauka: «Gaizki datorkit, Irunberrin bizi naizelako eta autobusa Zangozan hartu beharko nukeelako. Nire amak eraman beharko nau Iruñeraino».
Irunberrikoa, begi onez
Bizitakoak bizi ondoren, hiru elkarrizketatuek begi onez ikusten dute Irunberrin D ereduko Batxilergoko institutua eraikitzeko proiektua. Orradrek laburbildu ditu izango lituzketen abantailak: «Jende gehiago geratuko litzateke herrietan, eta ekonomikoki ere lagunduko luke». Euskararentzat ere, mesedegarri: «Euskara sustatzen ere lagunduko luke, jendea Zangozara joaten delako Batxilergoa gazteleraz egitera».
Euskaraz ikasteko eskola falta
Pirinio, Irunberri eta Zangoza ingurutik Iruñera joan behar dute Batxilergoa euskaraz egiteko. Irunberrin D ereduan egiteko ikastetxea irekitzea aztertzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu