Euskara

Euskaraz ikasi nahi dutela aldarrikatzeko, dozenaka lagun bildu dira Nafarroako Parlamentuaren aurrean

Uztailaren 2an Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute LAB, Steilas eta ELA sindikatuek.

Euskarazko hezkuntzaren aldeko elkarretaratzea Nafarroako Parlamentuaren aurrean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2021eko ekainaren 24a
16:15
Entzun

Euskaraz ikasi nahi dugu. Hizkuntza eskubideak errespetatu! lelopean, dozenaka lagun bildu dira gaur goizean Nafarroako Parlamentuaren aurrean, LAB, Steilas eta ELA sindikatuek deituriko elkarretaratzean. Ostiralean, akordio programatikoaren hezkuntza arloari buruzko agerraldi batean, Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilariak esan zuen euskarazko hezkuntza eskaintza «bermatuta» dagoela. Hala ere, Oihana Goiogana ELA sindikatuko kideak azaldu du «tamalez» hori ez dela egia. Argi utzi du kontseilariak «askotan euskarafobia» erakutsi duela. Horrez gain, Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazio deialdian parte hartzeko deia egin dute. Uztailaren 2an izango da, arratsaldeko 18:30ean, eta Baluarte plazatik aterako da.

Hainbat adibide eman dituzte Nafarroan euskaraz ikasteko eskubidea bermatuta ez dagoela erakusteko. Esate baterako, Irunberrin, 2019-2020ko ikasturtean Irakaskuntza Artistikoa, Hizkuntzen Irakaskuntza, Kirolen Irakaskuntza eta Helduen Irakaskuntzan diharduten irakasleak klaseak euskaraz ematen hastekoak zirela azaldu dute sindikatuetako kideek, baina, azkenean, hurrengo ikasturtean soilik Kirolen irakaskuntza emango dute euskaraz.

Gainera, Goioganak salatu du ikasle batzuek «bazterketa bikoitza» jasaten dutela. Batxilergoa euskaraz egin nahi dutenen gatazka ekarri du gogora: Tafalla eta Zangozako eremuetan DBHko ikasleek ezin dituzte ikasketak bertan jarraitu, eta Iruñean ez diete tokirik bermatzen, matrikulazio moldean berriki egindako aldaketen ondorioz.

Ainhoa Ogaga haur eskolan dagoen ume baten amak esan du euskarazko eskaintza hiriaren iparraldera «guztiz zokoratua» dagoela, eta eskaintza sakabanatzeko eskatu du, modu horretan familiei «benetako aukera» bermatzeko.

NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan ere euskarazko eskaintza orokorrean urria dela salatu du Garazi Migeltorena ikasleak: «Ingelesa eta gaztelera euskararen gainetik jarri dituzte; beraz, argi ikusten da gure hizkuntza eskubideak zapalduak daudela oraindik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.