EHE Euskal Herrian Euskaraz-ek astelehenean eman zuen albistea: goizaldean Tolosako tren geltokiko zinpeko guardia batek eraso egin zion gazte bati, mutilak hari euskaraz hitz egiteko eskatu ondotik. Irudiak ere zabaldu zituzten, eta lurrean gerarazita ikusten da gazte bat. Ez zegoen bakarrik, adiskide batekin zegoen, eta zer gertatu zen azaltzeko elkartu dira biak. Anonimoki mintzatu dira. Eman dituzte, hala ere, beraiei buruzko hainbat datu: 18 urte ditu batek, eta 19 besteak, Donostiakoak dira, eta EHEko kideak. Hitza hartu nahi dute halakoen gainean abisu emateko. Izan ere, lurrean mugitu ezinda eduki zuten gazteak ez du zalantzarik: agenteari euskaraz jarduteko eskatzeak eragin zuen portaera hura. «‘Euskaraz’ hitza entzun, eta aurre egin zidan».
Inauteriek sona handia dute Tolosan, eta, beste gazte askoren eran, han festa giroan ibili eta gero etxera bueltatu nahian zebiltzan bi gazteak; orduan gertatu zen dena. Goizaldeko ordu bata inguru zen, eta Donostiarako tren bat ateratzera zihoan, baina jendez gainezka zegoen. Hala ere, geltokiko arduradunen gomendioei kasu eginez, bagoietara hurbildu ziren gazteak. Azaldu dutenez, gerturatzeko esan zieten arduradunek, tokiren bat libre ote zen ikusteko. «Botoia sakatzen hasi ginen, atea irekitzen zen ikusteko». Zinpeko zaintzaile bat «garrasika» hurbildu zitzaien orduan, gaztelaniaz, oldarkor: «Ez al duzue ikusten itxita dagoela? Lehenago etorri behar zenuten! Orain izorra zaitezte!». Orduan gazteetako batek «lasaitzeko» eskatu zion, eta «euskaraz» egiteko.
Eske horri erantzunez, «garrasika» jarraitu zuen guardiak, eta euskararen kontra mintzatu zen. Halaxe oroitzen ditu gazteak zaintzaileak esandakoak: «Euskara? Espainian zaude, eta espainieraz hitz egingo dizut, eta zuk espainieraz erantzungo didazu. Ez bazaizu gustatzen, izorra zaitez». Ustekabea izan zen gazteentzat erantzun gogor hura. Ez zuten uste «eztabaida» huts zirudien horrek halako tankera har zezakeenik. Erantzun egin zioten gazteek: «Esan genion ez zeukala hori esateko eskubiderik».
Gero eztabaidan aritu ziren beste tarte batez, eta guztia bere horretan amaituko zela uste zuten gazteek, baina ezustea hartu zuten berriz, guardiaren portaera ikusita: zaintzaile gehiagoren laguntza eskatzen hasi zen, eta lepotik hartu eta lurrean etzanarazi zuen «euskaraz» mintzatzeko eskea egin zuen gaztea. Hark esan du ez ziola zaintzaileari buru egin. Baina estualdia pasatu zuen; guardiaren zangoa bularraldean zeukan, eta ezin zen mugitu. Altxatzeko ahalegina egiten zuen bakoitzean, agenteak «bultza» egiten zion. Minutu luzeak izan ziren. Bientzat. Adiskidea ere zur eta lur zegoen: «Ezin genuen sinetsi gertatzen ari zena». Ordurako, beste zaintzaile bat ere agertua zen tokira.
Azalpenik ez
Behin guardiak gazteari zutik jartzen utzi zionean, kontu hartu zion gazteak hari: «Zein zara zu niri lepotik heltzeko?». Ez zuten inolako azalpenik jaso. Alde egin zuten bi zaintzaileek. «Ezer gertatu ez balitz bezala, eta desagertu egin ziren». Hurrengo trena hartu arte tarte luze bat egin behar izan zuten gazteek geltokian, eta guardiak ez zitzaizkien gehiago hurbildu. Ondoren ertzain batzuk ere agertu ziren. Zinpeko zaintzaileekin hitz egin zuten, baina ez ziren gazteengana hurbildu. Renferen tren geltokian gertatu zen dena, baina tren konpainiako komunikazio arduradunek esan dute ez dakitela deus: gertaeraren gaineko erregistrorik ez dago.
Han inguruan zeuden lekuko batzuk gazteei hurbildu zitzaizkien, ikusitakoarekin harrituta, eta babesa eman zieten. Gazteek adierazi dute garrantzitsua dela gertatu zenaren berri ematea: «Euskararen aurkako erasoak egun gertatzen dira, eta jendeari jakinarazi egin behar zaio».
behatokiak «babesa» adierazi dio gazteari
Ohar bat atera du Hizkuntz Eskubideen Behatokiak Tolosako tren geltokian jazarria izan zen gazteari «babesa» erakusteko, eta zinpeko guardiaren portaera «gaitzesteko». Aurrez ere tankerako erasoak gertatu izan direla gogoratu du: 2023ko otsailean geltoki horretan bertan zaintzaile bat «jarrera oldarkor eta mespretxuzkoan» solastatu zitzaion euskaraz hitz egiteko hautua egin zuen gazte bati. Renferen tren geltokia da. Oraingo honetan, erakundea kudeatzen duten arduradunek esan dute ez dakitela deus erasoaz. Orduko hartan ere, ez zutela ezer egin gogoratu du Behatokiak. Horiek horrela, arduradun publikoei, oro har, eskatu die hizkuntza eskubideak bermatzeko neurri «zorrotz eta ausartagoak» hartzeko.