Eusko Ikaskuntzak orain dela 75 urte egin zuen lehen aldiz Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko deia. Orduko hura gogoratzeko ekitaldia egin dute Baionako herriko etxean, Euskal Herria zatitzen duten hiru administrazioetako erakundeetako ordezkariekin. Euskalgintzako egituretako kideek eta ordezkari politiko eta sozial anitzek parte hartu dute. Duela 75 urte bezala, adierazpen bat aurkeztu dute, etorkizunean ere euskarak plazan, kalean eta munduan dagokion lekua izan dezan.
Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakariak aldarrikatu du euskara dela euskal lurraldeetako tokiko eta berezko hizkuntza. «Euskal herritarrek belaunaldiz belaunaldi jaso eta eman dutena, etxetik plazara». Baina oroitarazi du euskara esparru publikotik «debekatzeko arau eta erabakiak» aspaldikoak direla Espainiako eta Frantziako estatuetan. «Euskara baztertua eta debekatua izan da; jazarria eta errespeturik gabe tratatua. Eta horrek, ezinbestean, euskararen atzeraldia ekarri du: 1866. urtean, Euskal Herriko biztanleen %57 ziren euskaraz hitz egiteko gai, eta gaur egun %30 dira euskaldunak», nabarmendu du.
«Askotan, transmisioaren etetea eta etxe barneko euskararen erabilera zeharo murriztea ekarri zuen. Hitz bitan esanda, beldurra eta lotsa, euskaraz mintzatzeko eta euskaldun agertzeko»
ANA URKIZAEusko Ikaskuntzako lehendakaria
Urkizuk gogora ekarri du frankismoaren pean euskarak pairatu zuen «jazarpen garai gogorra»: eskoletan umeei ematen zizkieten zigor gogorrak, eta kalean euskaraz hitz egiten zutenei ezartzen zizkieten isunak. «Horrek guztiak, askotan, transmisioaren etetea eta etxe barneko euskararen erabilera zeharo murriztea ekarri zuen. Hitz bitan esanda, beldurra eta lotsa, euskaraz mintzatzeko eta euskaldun agertzeko».
Horregatik erabaki zuen Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna antolatzea, 1948an, Biarritzen egin zuen VII. Kongresuan. Ondoko urteko abenduaren 3an ospatu zuten lehen aldiz. Hitzez hitz, hau erran zuten adierazpenean: «Eginen da ez bakarrik Eskual herriko hiri, herri ta herrixketan, bainan ere, Eskual herritik kanpo, hurbil edo urrun, eskualdun multxoak aurkitzen diren bazter guztietan».
Adierazpen berritua
Hiru xede nabarmendu zituzten 1949an: euskaldunen bihotzetan euskararen amodioa piztea, mintzatu eta haurrei helaraz ziezaieten; egun horretan euskara zabaltzeko edo goraipatzeko bilkura zerbait muntatzea; eta eske bat egitea, euskaldun bakoitzak diru pixka bat eman dezan, haurren liburuak eta euskarazko ikasbideak agerrarazteko. «Euskaraz eta euskararen alde egiteko eguna izendatu zuten abenduaren 3a, euskaldun gisa autoafirmatzeko», esplikatu du Urkizak, «munduari esateko bazegoela euskaraz aritzen zen komunitate bat, eta euskara maite zutenei eskatzeko euskararen biziberritzearen alde lan egiteko».
Eusko Ikaskuntzako lehendakariaren hitzetan, azken 75 urteetan handituz joan da euskaraz dakitenen kopurua, eta euskarak beste esparru batzuk irabazi ditu; besteak beste, hezkuntza sisteman, esparru publikoan eta arlo sozioekonomikoan. «Bide luzea eta malkartsua izan da, baina baita emankorra ere».
Horrez gain, baieztatu du 75 urte hauetan ikasi dugula euskarak herritarron arteko saretze lana egiten duela, muga geopolitikoak ezabatzen dituela, eta herritarrak biltzeko gaitasuna duela. «Hizkuntzak duela gure herri izaera dimentsio unibertsalez janzten». Erran du euskara dela euskal gizartearen nortasun ikurra.
Hala ere, 1949an bezala euskara biziberritzeko nahia eta beharra oraindik ere bizirik daudela erran du Urkizak. «Ozen diogu harro gaudela gure hizkuntzaz eta egindako bideaz. Kontziente gara, aldi berean, urrats esanguratsuak egin behar ditugula gure hizkuntzaren benetako normalizazioa lortzeko».
Duela 75 urte bezala, Euskararen Eguna euskal herritarren ospakizunerako eguna izan dadila nahiko luke Urkizak, eta euskaldun izateko eta bizitzeko nahia azaleratu dadila. «Euskara izan dadin gure gizartearen kohesiorako elementua eta, bereziki, komunitate honen parte izango diren kide berri guztien harrera hizkuntza». Eta helburu horiek guztiak lortzeko, pauso erabakigarriak eman behar direla adierazi du:
Eusko Ikaskuntzaren eskakizuna
Euskal hizkuntza komunitatea trinkotzeko eta saretzeko jauzia ematea.
Globalizazioak, digitalizazioak eta errealitate soziodemografiko berriek dakartzaten erronkei aurre egiteko, elkarlan aktiboa sustatzea eta indartzea erakunde publiko-pribatuen eta herritarren artean.
Euskal lurralde guztietan euskaraz hitz egiteko eta euskaraz bizitzeko aukerak suspertzea eta bermatzea.
Euskarari arnasa emango dioten politika sendoak martxan jartzea, etorkizunean funtzio guztiak euskaraz betetzeko aukera emango duen berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko.
Urkizak baieztatu du duela 75 urte bezala «munduko euskaldun guztiek» entzunen dutela Eusko Ikaskuntzaren deia, eta guztiek zerbait egin nahiko dutela euskararen alde. «Eraiki ditzagun, bada, hau guztia lortzeko bide berriak; egin dezagun bidea elkarrekin. Izan ere, lehen, orain eta gero, elkartzen gaituen hori gara».
Erakundeen babesa
Ekitaldian parte hartu dute Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariordeak eta Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako hizkuntza politikarako sailburuordeak. Hirurek babesa adierazi diote Eusko Ikaskuntzaren lanari, eta azpimarratu dute hiru erakundeek elkarlanean aritu beharra dutela, eta gaur egun duten itunetik harago joan.
Euskara «larrialdi egoeran» dagoela erran du Aldasorok, «bereziki Ipar Euskal Herrian». Baina esperantza printzak badirela ere adierazi du, euskararen aldeko jarrera delako nagusi. «Galtzak bete lan ditugu». Antzera mintzatu da Ollo ere, eta hiruko itunaren alde egin du, «euskararen aldeko proiektua mugaz gaindi elkarrekin jorratzeko».
Etxegaraik, azkenik, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak berriki hizkuntza gutxituen kontra izan dituen hitzak kritikatu ditu, «absurdoak» direla erranez. «Euskara eta gaskoia defendatzea frantsesa defendatzea ere bada; gure hizkuntza defendatzea da. Hizkuntza aniztasuna aberastasuna da», adierazi du. Euskal Herrira bizitzera urtero heldu diren herritarrei begira euskara «integraziorako tresna» dela erran du.