Hizkuntza gutxituak

Euskaraz Euskal Herrian bizitzea aldarri Madrilen

Hizkuntza gutxituetan mintzatu ahal izateko Kongresuko araudia aldatzeko osoko bilkura egin dute. EH Bilduk eta EAJk begi onez ikusi dute, baina egoera salatu dute

Aitor Esteban diputatu jeltzalea, Joseba Agirretxea kidearekin solasean, atzoko bilkuran. J.C HILDAGO / EFE.
Aitor Garmendia Etxeberria.
Madril
2023ko irailaren 20a
00:00
Entzun

Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dutela gogoratuz hartu zuten atzo hitza Mertxe Aizpurua EH Bilduko Espainiako Kongresuko diputatuak eta Joseba Agirretxea EAJkoak, osoko bilkuran. Kongresuan euskaraz egin ahal izateko «urratsa» egin zen atzo, eta goraipatu egin zuten. Hala ere, salatu zuten Euskal Herriko herritarrek sarri ez dutela eskubide hori. Francina Armengol sozialista Kongresuko Mahaiko lehendakari izendatzeko negoziazioetan exijitu zuten ERC Esquerra Republicanak eta JxC Junts Per Catalunya alderdiek Kongresuan estatuko hizkuntza gutxituetan egin ahal izatea. Araua aldatzeko bilkura atzo izan zen, eta, lehen aldiz, diputatuek euskaraz, katalanez, galizieraz, asturieraz eta aragoieraz aritzeko aukera izan zuten, Kongresuko Mahaiaren errietarik jaso gabe.

Ikusi gehiago: «Atsekabea» du Kontseiluak Bruselara begira; «kezka» Madrilen

«Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dugu. Hau izan da, eta jarraitzen du izaten euskaldunon helburua»; hitz horiekin hasi zuen bere hitzaldia Aizpuruak. «Euskaraz, lehen aldiz, moztua izateko beldurrik gabe», erantsi zuen Agirretxeak bere solasaldian.

Bihar onartuko dute Kongresuko araudiaren lege erreforma. Diputatuei baimena emango die jarduteko «autonomia erkidegoren batean ofizialtasuna aitortua duen edozein hizkuntzatan». Halere, Kongresuko Mahaiak aurreko astean onartutako ebazpenari esker, atzo bertan erabili ahal izan zituzten jada orain arte arauz erabili ezin ziren hizkuntzak.

«Buenos días, bon dia, boas días, egun on» esanez, erdi brometan, agurtu zuten elkar kazetariek Kongresuaren kanpoaldean. Hemizikloaren barruan, modu beretsuan ekin zioten. Entzungailu bana zuten diputatuek mahaian. Sarreran eta bilkura aretora sartzeko ateetan ere gailu ugari zeuden kazetariek erabili ahal izateko. Guztira, 650 entzungailu. Gainera, sei itzultzaile aritu ziren lanean, hemizikloko pantailetan diputatuen hitzak gazteleraz agertuko zirela bermatzeko. Diputatuek ez zituzten askorik erabili entzungailuak euskarazko lehen hitzak entzun arte. Orduan, ozen entzun zen entzungailuen oihartzuna.

Aizpuruak adierazi zuen Madrilen euskaraz egin ahal izatea urrats «sinbolikoa» dela, baina zer azalerazten duen ekarri nahi izan zuen gogora: «Estatuak ukatzen duen errealitate bat ukatzen du: estaturik gabeko nazio bat gara, eta hori begi bistan geratzen da gaur». Esan zuen euskarak komunitatea sortzen duela eta horregatik jazarria izan dela: «Asko izan dira hamarkada luzeetan jasandako erasoak». Eta oraindik badirela esan zuen. Gogora ekarri zituen, besteak beste, Justizia administrazioak EAEko Udal Legearen aurka udaberrian emandako epaia, Nafarroako zenbait eremutan euskarak duen ofizialtasun falta eta Ipar Euskal Herri osoan hizkuntzak duen lege-babes falta: «Asko dago lortzeko oraindik. Madrilen bai, baina guk Euskal Herrian nahi dugu euskaraz mintzatu». Salatu zuen euskaraz aritzeko eskubidea urratua dutela milaka euskal herritarrek, eta estatuei eskubide horiek bermatzea eta errespetatzea dagokiela. Agirretxeak, lehenik, eskerrak eman zizkien euskararen alde «garai zailagoetan» lan egin zuten guztiei. Ondoren, Aizpuruaren ideiari heldu zion: «Penagarria da, sarritan, beren herrian euskal hiztunen eskubideak zapalduta daudela ikustea». UPNri zuzendu zitzaion: «UPN da Nafarroako kulturaren aurka egiten duen alderdi bakarra». Esan zuen lurraldea banatzen dutenak ez direla hizkuntzak, UPN bera dela. «Harresiak» jartzen ditu: «Era batean hitz egiten dutenak eta beste hizkuntza batean hitz egitera behartuta daudenak banatuz».

Senper ere euskaraz

Jose Ramon Gomez Besteiro PSOEko diputatu galiziarra izan zen hitza hartu zuen lehena: galizieraz hasi zuen mintzaldia. Segituan entzun ziren kexuak eta, jarraian, eserlekutik altxatu eta atera egin ziren Voxeko 33 diputatuak. «Alde egin duten horiek dira garai batean ikasgeletatik kanporatzen gintuztenak eta euskara erabiltzeagatik zigortzen gintuztenak», esanez ekin zion Agirretxeak hitzaldiari, gazteleraz. Aizpuruak ere gazteleraz egin zuen hitzaldiaren zati bat. PSOE, Sumar, ERC, EH Bildu, EAJ eta BNG alderdiek aurkeztu zuten Kongresuko araudia aldatzeko lege erreformaren proposamena. Alderdi horietako guztietako diputatuek beren hizkuntzetan hartu zuten atzo hitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.