Osasun sistema publikoen ahultzeari buruzko kezka agerikoa da. Eusko Jaurlaritzak berak sustatuta prozesu zabal bat abian da itun bat hitzartzeko, eta horren bidez Osakidetzan urteotan metatu diren arazoei aurre egiteko bideak zehazteko. Euskalgintzaren Kontseiluak, propio gaiari buruz argitaratu duen mezu batean, adierazi du euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatzeko bideek ere «erdigunean» egon behar dutela prozesu hori taxuz garatze aldera. Izan ere, gaiaren gaineko kezka badago, arazoa orokorra delako, eta Euskal Herri osoan agerikoa: egun, euskarazko artarik ez dute bermatua paziente euskaldunek, eta euskaraz lan egin ezinik ari dira osasun arloko profesional asko.
Ipar Euskal Herrian, euskarak ez du legez esparrurik, ez da hizkuntza ofiziala, eta, beraz, ez da herritarren eskubide gisa onartua. Osasungintzan ere nabaria da hori: oso zaila da euskarazko mediku arta jasotzea. Sistema publiko-pribatua izanik, pazienteak erabakitzen du zer medikurengana joan, baina ez da erraz atzematen. Badira sendagile euskaldunak, baina ez daude medikuntza arlo guzietan, eta beti ez dira etxetik gertu izaten. Azken urteetan, mediku eta osasun langile euskaldunen artean saretze lan bat egiten hasi dira elkarlanean aritzeko, eta osasun egitura batzuetan ekinbideak abiatu izan dituzte osasun langile euskaldunak publikoari begira identifikagarri izateko —txapa bat jantzita, adibidez—. EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin partaidetzan, urratsak egin izan dituzte ospitale publikoan eta klinika pribatu batzuetan seinale elebidunak jartzeko ere.
Nafarroan, berriz, eremuaren arabera aitortuak daude pazienteen hizkuntza eskubideak. Zatika. Mendialdean, 1986ko Euskararen Legeak eremu euskaldun gisa izendatutakoan, euskara ofiziala da, eta hango osasun etxeetako lanpostuei ezartzen zaizkie hizkuntza eskakizunak. Hala ere, erdaldun elebakarrekin bete ohi dira postuetako asko; bereziki, aldi baterako badira. Eremu misto eta ez-euskaldun delakoetan, berriz —osasun zerbitzu nagusiak biltzen dituzten eremuetan, alegia—, gobernuak apenas duen betebeharrik. Hori nolabait konpontze aldera, zerbitzu orokorrak kontzeptua indartu zuen Uxue Barkosen gobernuak: edozein eremu linguistikotan egonda ere herritar guztiei arta eskaintzen dietenak eta, beraz, gutxieneko hizkuntza irizpideak bete behar dituztenak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, baina, bertan behera utzi zituen dekretu horren zenbait artikulu, eta horrek bete-betean eragin dio azken urteetako Osasunbideko lanpostu eskaintzari. Maria Txibiteren gobernuak merezimenduen dekretua onartuko du aurki, hain zuzen, Osasunbideko deialdietan euskarak izan beharreko pisua arautzeko. Arau berriak, baina, berritasun gutxi ekarriko ditu: aurrerantzean, euskara jakiteak balorazio txikia izanen du eremu mistoko deialdietan; Nafarroako hegoaldean, ezta hori ere: 0 puntu jasoko dituzte hautagaiek euskaraz jakiteagatik.
Karlos Ibarguren medikua da OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko lehendakaria. Ororen buruan, erakundeko agintari gorenen «lidergo» sendo baten falta ikusten du Osakidetzan. Mediku intentsibista da Donostiako Ospitalean. Erietxe barruan, hango korridoreetan, erne ibiltzeko ohartarazpena egin du. Izan ere, gaztelaniaren gailentzearen adibideak agerikoak dira. Megafonia bidez zabaltzen diren mezu asko, esaterako, gaztelaniaz dira, eta kartel eta abisuetan euskararen presentziarik gabeko adibideak badira. Bide bat egin du Osakidetzak euskararen erabilera normalizatzeko, arlorako hirugarren plana dago egun indarrean, 2028ra bitarteko helburuekin, baina, Ibargurenen arabera, herabeegiak dira han jasotako eskakizunak, eta, gainera, aipatu dituen etsenpluek erakusten duten eran, usu ez dira «betetzen».
Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka bat dator: planen bidez jasotakoak ere ez dira konplitzen zenbaitetan. Osakidetza da arloan aurreratuen dagoen osasun sistema, baina han ere ohikoak dira urraketen gaineko abisuak: «Ez-betetzeen gaineko kexak urtero jasotzen ditugu». Adibideak askotarikoak direla esan du. «Oraindik orain, telefono arreta ematerakoan-eta ere aurkitu izan ditugu behar bezala bermatu ez diren zerbitzuak». Agiriak ere, baimen informatuak-eta adibidez, kexa iturri dira: izan ere, «euskarazko dokumenturik» ez du eskaintzen zenbaitetan Osakidetzak. Eta osasun arta euskaraz jaso ezinak ere eragiten ditu kexak. «Esaterako, izan ditugu kasuak arreta psikoonkologikoa eskatu, euskarazko harremana jaso nahi dela adierazi, eta erantzuna izatea zerbitzu hori nahi bada gaztelaniaz jaso behar dela».
Berez, aipatutako urraketa horiek guztiak saihestu beharrekoak lirateke, egun ezarrita dauden irizpideen arabera. BERRIAk gaiari buruzko argibideak eskatu ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean, baina ez du horretarako solaskiderik izan.
Hizkuntza eskakizunak
Hizkuntza eskakizunak usu izaten dira hizpide funtzio publikoan euskarak izan behar duen tokiaz jardutean. Osakidetzak, hirugarren euskara planean, aurrekoetan egin duen gisan, irizpide soziolinguistikoen araberako sistema bat du ezarria langileen euskalduntzea bideratzeko. Horiek horrela, eremu soziolinguistikoen arabera, euskaldun kopurua urritu ahala apaldu egiten dira eskakizunak. Lehen mailako arretan, adibidez, eremu erdaldunenetan, umeei begirako zerbitzuetan ere, pediatrian adibidez, hizkuntza eskakizunen derrigortasun data postuen erdiek bakarrik dute. Helduen zerbitzuetan oraindik apalagoa da gutxieneko eskakizuna: %40koa. Eta ospitaleetako artan koska bat behera egiten dute ezarritako irizpideek: %10era murriztu daitezke.
Muga horiek gaindituko dituen sistema baten beharra ikusten dute euskalgintzako eragileek. «Zer da normaltasuna? Profesionalak elebidunak izatea. Gero, horren barruan hitz egin dezakegu malgutasunaz», esan du Ibargurenek. Bat dator Gaubeka eskean: izan ere, langileek euskararen ezagutzarik ez izateak sistema osoa «baldintzatzen» du. Eremu soziolinguistikoen araberako antolaketak, gainera, hizkuntza eskubideak eremu geografiko jakin batzuetan bakarrik bermatzea dakarrela gogoratu du, eta hori ez datorrela bat eguneroko bizitzako martxarekin. Adibide bat jarri du: «Bizi naiteke eremu euskaldun batean, baina lan egin dezaket Bilbon. Eta Bilbon banoa larrialdi batera, hor ja nire eskubideak gutxiago bermatuko dira».
«Eredu ideala profesional elebidunak dira. Hor ez du balio planteatzeak: 'Inposizioa da'»
KARLOS IBARGURENOsasungoa Euskalduntzeko Erakundeko lehendakaria
Hala ere, kexuak badira hainbat langileren artean, eta berriki plazara ere atera dira, gainera: hizkuntza eskakizunak apaltzearen alde. «Malgutasuna» aipatu du Ibargurenek, eta hor ate asko zabal daitezkeela esan du: «Epeetan, eta tituluei ematen zaien garrantzian, adibidez». Baina aurrera egiteko asmoarekin aztertu behar dira beti bide horiek: «Borondate bat behar da, normalizazioaren aldeko borondate bat, eta hor eredu ideala profesional elebidunak dira. Hor ez du balio planteatzeak: 'Inposizioa da'».
«Lehentasunezko» hizkuntza
Osakidetzaren hirugarren hizkuntza planean garatzen ari den neurrietako bat izan da pazienteen lehentasunezko hizkuntzaren erregistroa. Honela jasota dago: «Paziente bakoitzaren datu pertsonaletan, Osakidetzarekin ahoz komunikatzeko lehenesten duen hizkuntza jaso behar da. Plangintzaldi honetan, Osakidetzako paziente guztiek eduki beharko dute beren lehentasunezko hizkuntza erregistratuta». Betetzen ari da hori. Osakidetzak berriki jakinarazi du pazienteen %84ri egin diela jada hizkuntza hautuari buruzko galdera. %17 inguruk lehenetsi dute euskara: 300.000 inguru dira. e letra daukan ikur urdin bat agertzen da paziente horien fitxetan. Behin eskabide hori eginda ere, ordea, gero arta euskaraz emateko zailtasunak ohikoak direla esan du Gaubekak. «Jendeak zenbaitetan sentitzen du berdin dela arta euskaraz nahi duela eskatzea, ez diotela bermatuko».
Euskara lehenetsi nahi duten pazienteen erregistroa abiaraztearekin batera, profesional elebidunen identifikazioa ere bada planaren helburuetako bat, eta zerbitzu elebidunena. Era horretan, paziente euskaldunei zuzenduriko «zirkuituak» dira hizkuntza eskubideak bermatzeko mahai gainean jarri diren bideetako bat. Euskalgintzako eragileek uste dute «aldi baterako» neurri bat izan daitezkeela zirkuitu horiek, euskararen ezagutza orokortu bitartean garatu bitarteko bide bat, beste hainbaten artean. Ibarguren: «Zirkuituak antola ditzakegu? Interpreteak erabil ditzakegu? Bai, baina bitarteko bat dira».
«Profesionalei begira, neurriak hartu behar dira euskaraz lan egin dezaten; baliabide aldetik, eta betebehar aldetik»
AGURNE GAUBEKAHizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria
Eta oinarrietara ere jo behar da, profesional euskaldunak trebatzera. Eta gero horiei euskaraz lan egiteko benetako aukerak ematera. Osakidetzak jasoak ditu horretarako asmo eta helburuak, baina hor ere aurrerabideak egin behar direla esan du Gaubekak. «Gaur egun, nahiz eta hizkuntza eskakizunak izan, Osakidetzak aukera ematen die profesionalei gaztelaniaz egiteko: ez egiteko euskaraz», azaldu du. Hortik eskaria: «Profesionalei begira, neurriak hartu behar dira euskaraz lan egin dezaten; baliabide aldetik, eta betebehar aldetik». Eta horretarako laguntza egokia eman behar da. Medikuen adibidea jarri du Gaubekak. «Egun, euskara erabili nahi duen medikuari pisu bikoitz bat jartzen zaio gainean; bat da bere kabuz egin beharra, militantzia hori, eta bestea da segurtasun klinikoa». Izan ere, osasunari buruzko erabakiek aparteko zuhurtzia eskatzen dute, eta ulertzekoa da sarri ezinegona: «Nolatan bermatuko duzu segurtasun klinikoa Osakidetzak bermatzen badu euskaraz ez dakiten profesionalak egotea?».
DATUAK
%17Euskara lehenetsi dutenak. Pazienteen %84ri egin die Osakidetzak hizkuntza hautuari buruzko galdera. %17 inguruk lehenetsi dute euskara: 300.000 inguru dira. e letra daukan ikur urdin bat agertzen da paziente horien fitxetan.