Euskaraz aritzeko «kondizioen» bila

Euskaldun kopurua gora doa, baina erabilera ez da hein berean handitzen; traba dira inguru erdaldunak eta hiztun askoren gaitasun apala. Horiek horrela, hizkuntza ohiturak aldatzen laguntzeko dinamikek berebiziko garrantzia hartu dute.

BERRIA
BERRIA
arantxa iraola
2025eko apirilaren 6a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskaraldia, hainbat enpresatan eta erakundetan euskararen erabilera areagotzeko abiarazi dituzten esperientzia askotarikoak, eta otsailean bertan Donostian aurkeztutako Gipuzkoa Arigune egitasmoa: euskararen erabilera modu egituratu batean erraztea eta sustatzea helburu duten dinamikak dira guztiak ere, urteotan landutakoak eta martxan jarritakoak. Izan ere, euskararen ezagutzan aurrera egin den arren, erabileraren gorakada ez da hein berekoa beti. Aldeak handiak dira herrialde edo eremu batetik bestera, eta errealitateak, askotarikoak. Euskal Herri osora begira, oro har, Inkesta Soziolinguistikoaren azken datuen arabera, euskaraz erdaraz baino gehiago egiten dutenak %10 dira gaur egun, euskaldunak %30 izan arren. Eremu euskaldunenetan ere —Gipuzkoan, kasurako—, alde nabarmena dago: %51 dira euskaldunak, baina euskaraz erdaraz baino gehiago egiten dutenak %29 dira. Hain justu, alde hori murrizteko asmoz abiarazi dituzte erabilera sustatzeko dinamikak, euskara erabiltzen laguntzeko «kondizioen» bila.

Eta, hain justu ere, Soziolinguistika Klusterrak Aldahitz ikerketa martxan du 2010etik, hizkuntza aldaketak nola gertatzen diren aztertzeko eta hori era antolatu batean nola sustatu ikusteko. Ikerketaren arduraduna Pablo Suberbiola da. Uste du aurren-aurrena onartu behar dela aldaketa horiek malkarrean gora egin behar izaten direla usu: «Planteatzen dugunean hizkuntza ohiturak aldatu nahi ditugula, horrek esan nahi du pertsonen arteko harreman batean osagai bat aldatzea; horrek deserosotasunak sortzen ditu». Hori argi esan behar dela uste du: «Ez goaz esatera: 'Lasai, hizkuntza ohiturak aldatzea erraza da'. Hori gezurra da». Besteak beste, egoera soziolinguistikoak berak dakarren «inertzia» apurtu behar delako, haize kontra beti. «Hemen egoera sozial ahulean dagoena euskara da, eta gaztelaniaren edo frantsesaren aldekoak dira aldagai pila bat: berriak, zaharrak, estrukturalak, estatukoak... Maila askotakoak».

«Ez goaz esatera: 'Lasai, hizkuntza ohiturak aldatzea erraza da'. Hori gezurra da»

PABLO SUBERBIOLAAldahitz ikerketako zuzendaria

Pello Jauregi ikertzaileak aurrez egindako azterlan batzuetatik-eta edan zuten aurrena ikerketa abian jartzeko, eta hura bidelagun izan dute egin dituzten aurrerabide askotan. Hark ondorio bat argi zuen ordurako. Suberbiolak uste du gogora ekarri beharrekoa dela: «Harreman sisteman ez bada zerbait aldatzen, berritasunen bat ez bada sartzen, berdin du pertsona batek euskara ikasi izana: askotan hizkuntza aldaketa ez da gertatuko». Horregatik, «artifizialki» antzaldatutako «sozializazio» prozesuak irudikatu eta abiarazi dituzte urteotan. Propio asmatutako egoera «arraroak» bilatu dituzte, behartuak neurri handi batean, «probokatuak». Parte hartzen dutenek, ordea, guztiak «onartu» dituzte. Urteotako guztiotako lana gogoan, Suberbiolak uste du lezio hori nabarmendu behar dela, gainerako guztien gainetik: «Borondateak ematen dizu oinarria testuinguru berri bat sortzeko. Erabaki askea bada, horrek indarra dauka».

Lanketa horri esker ohartu dira «kultura soziolinguistiko berri baten» premiaz. «Ez badago aldaketa dezentekorik kultura soziolinguistikoan —hau da, hizkuntza erabiltzeko jendearen jokamolde eta arau sozialetan—, oso zaila izango da euskararen erabilerak gora egitea», abisu eman du Suberbiolak. Adierazi du ezinbestekoa dela euskaraz «erdipurdi» moldatzen direnekin euskaraz hitz egiten hasteko bideak era egituratu batean sustatzea; norabide horretan urrats sendoak egiten ez badira, zaila izango da aurrera egitea. «Egingo dira egundoko ahaleginak, eta lortuko da gizartea elebidunduz joatea, baina elebindutze horietako gehienak ez dira erabilera errealetan gauzatuko».

«Ez badago aldaketa dezentekorik hizkuntza erabiltzeko jokamolde eta arau sozialetan, oso zaila izango da euskararen erabilerak gora egitea»

PABLO SUBERBIOLAAldahitz ikerketako zuzendaria

Bide horretan aurrera egite aldera, urteotan hainbat metodologia landu dituzte Aldahitz ikerketan, eta hainbat egitasmo zehatzetara ere eraman dira lan egiteko modu horiek. Gipuzkoa Arigune aurkeztu zutenean, esaterako, adierazi zuten ikerketan landu dituzten hiru metodologiek tokia izango dutela; kasuan-kasuan ebatzi beharko da bakoitza noiz eta nola erabili. Hona metodologia nagusiak, eta horietatik eratorritako jardunbideak:

Eusle: lan mundutik Euskaraldira

Metodologia ezagunena da, eta Euskaraldia bera ere horrexetan oinarritzen da. Ezarri ahal izateko, parte hartzen duten kide guztiek ulertu behar dute euskara, eta eusle deituek konpromisoa hartzen dute guztiekin hizkuntza horretan aritzeko. Taldeak halaxe erabakita egiten da hori, adostuta, eta eraginkorra dela ikusia dute ikertzaileek. «Hainbat ohitura aldatzen laguntzen du». Bereziki, lan munduan euskararen erabilera sustatzeko erabili izan da orain arte. «Nahi dugu». Eusle metodologian murgiltzen direnek hori irmo sentitzen badute arrakastarako bidea seguruagoa izaten dela ziurtatu du Suberbiolak. Ikusi izan dute: inoiz talde bat «erdi konpromisoz» hasten bada, kale egiteko arriskua handia izaten da. «Kontua da borondatez geure burua behartzea rol batzuekin eta arau batzuekin jardutera». Talde baten barruan, adostasunak sendoa izan behar du halako batean murgiltzeko: lautik hiruk prest egon behar dute, gutxienez. 

Eta etengabeko ebaluazioa eskatzen du. «Jarraitu nahi dugu?». Astero berretsi behar izaten dute erantzuna parte hartzen ari direnek, eta metodologia propio prestatuta dago «desaktibatzeko», «deserosotasuna» gailentzen bada edo «gogoz kontra» jardun beharra agertzen bada. Bereziki lan munduan ezagun egin bada ere, Suberbiolak argi du beste eremu askotara ere eraman daitekeela. «Gure ustez, eraman daiteke, lasaitasun osoz, adibidez, kuadrilla batera».

Eta hain justu ere, adibidez, Euskaraldia bera Eusle metodologian oinarrituta dago. Sorburuan egon zen galdera gogora ekarri du Suberbiolak. «Lan mundurako eta talde txikietarako asmatu duzuen metodologia hori posible izango litzateke kalera eramatea?». Aurrez eginak ziren tokian-tokian hainbat esperimentu hiztunak «aktibatzeko»: Lutxo Egiak Transitoak performancea egin zuen 2015ean, eta 2016an Lasarte-Orian (Gipuzkoa) eta Donostiako Egia auzoan Euskaraldiaren antzeko ariketak egin zituzten, eskala txikiagoan. Horietatik guztietatik edanda egin zen lehen Euskaraldia: 2018ko neguan. Euskal Herri osoan egin zen, babes instituzional sendoarekin eta zabalarekin: hori ere izan zen berritasuna.

Eusle metodologia talde txikietan egiten denean hain sendoa den «paktua» lausoagoa da Euskaraldian; paparrean ahobizi eta belarriprest dioten eranskinak eramanda ere, ahuldu egiten da adostasun hori, urtu. «Ez dakizu zein daukazun aurrean», nabarmendu du Suberbiolak. Baina, muinean, Eusleren ezaugarriak ditu dinamikak: «Borondatezko ariketa bat da, non talde batean baldintzak sortzen diren hizkuntza aldaketa bat gertatzeko». Alde horretatik, garrantzia eman behar zaiola uste du. «Nire ustez, Euskaraldia, tresna moduan, izugarria da». Mundu zabalean erakusteko moduko «asmakizun soziala» dela garbi du. «Oso komunitate gutxiren esku dago halako ahalegin bat egitea».

(ID_14776049) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2025-03-15, Gasteiz.Euskaraldian belarriprest eta ahobiziek izena emateko epea irekiko da
Euskaraldian izena emateko deia egiteko ekitaldia, lehengo hilean, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Ulerrizketak: praktikarako lehen atea

Euslerekin ireki ezin zituzten ateak irekitzeko abiarazi zituen Klusterrak Ulerrizketa deituak. «Ikusi genuen hainbat egoeratan bazegoela jendea ahalegin handi bat egiten duena euskara ikasteko, eta hor geratzen dena tarteko maila batean», azaldu du Suberbiolak. Erabilerarako bide gutxi dituzte pertsona horiek. Asko kostatzen zaie euskaraz aritzea, eta ia inork ere ez die hitz egiten hizkuntza horretan. «Praktikan, euskaraz erdipurdi dakien bati nork egiten dio euskaraz? Salbuespenak kenduta, inork ez. Eta esaten genuen; orduan, ez du inoiz ikasiko». Hortik, Eusleren hurrengo urrats gisara heldu zen propio metodologia hau: «Ulerrizketak».

Behin metodologian murgiltzea erabakitzen badute, «ulermen aktiboa» izateko konpromisoa hartzen dute euskara maila apala dutenek, eta ingurukoei adieraztekoa zer-nola moldatzen diren euskaraz hitz egiten dietenean. Euskara maila jasoa dutenei, berriz, eskatzen zaie euskara «egokituan» jarduteko hasiberriekin: esaldi laburragoak erabiliz, behar bezala ahoskatuz... «Bi aldeek ikasi behar dute hori egiten», erantsi du Suberbiolak.

Lan munduan probatu dute hori ere, bereziki. Ez da beti erraza. «Ez dago inoiz praktikarako, hanka sartzeko eta arraro sentitzeko egoera naturalik», esplikatu du Suberbiolak. Horregatik, berriz ere, Euslen ateratako lezioak gogoan hartuta, parte hartzen duten guztien «paktua» dute helburu metodologia honetan ere: «Arrarotasun hori onartzeko, eta bide bat egiten uzteko». Metodologia honetan ere, parte hartzaileek astero berretsi behar izaten dute hizkuntza ohitura antzaldatuan jarraitu nahi duten. Ikusi dituzte aldaketak. Benetakoak: «Lortzen denean mintzatzailearen eta ulertzailearen arteko paktua egotea, haien artean euskaraz egitea posible da, eta jarraitzen badute, ulertzaileak gero eta gehiago ulertzen du, eta hasten da gero egoera gehiagotan euskara erabiltzen».

Uler-saioak: ulermenerako lehen pausoa

Aldahitzen garatu duten azken metodologia da, berriena: «Uler-saioak». Lanketa prozesuan dago oraindik, baina Gipuzkoa Arigune aurkeztu zutenean, adibidez, propio aipatu zuten hori ere. Helburua da batere euskararik ez dakitenak ulertzeko gai izatea, eta modu «esperimentalean» lantzen ari dira hainbat tokitan. Hala nahi duten erdaldunak ikasketa prozesuetara bideratzen dituzte, eta ulertzeko gaitasuna «denbora gutxian» lortzea da helburua. «Erreferentzia» moduan jarri dute ahozko ulermenean B1 maila lortzea. 120 orduan lor ote daitekeen: horixe orain aztertzen ari direna.

Oro har, egun euskaltegietan erabiltzen diren metodologien bidez 800 bat ordu behar izaten dira euskara osorik ikasteko. Hori ez da baleko bidea euskara ikasteko prest dauden guztientzat. «Bada jende asko euskaraz ez dakiena, beharbada euskaraz jakin nahi lukeena, baina ez dauzkana 800 ordu euskara ikasteko, edo ez dagoena prest ordu horiek horretan emateko». Hots, lehen sarbide bat behar dute: oinarrizkoagoa. Horientzat pentsatuta daude uler-saioak. «Beste metodologietara ahalik eta azkarrena eta ahalik eta energia gutxiena erabilita iristeko bide zidor bat dira», azaldu du Suberbiolak. Trebetasun bakar batean jartzen da indarra: «Ahozko ulermenean».

Lehen emaitzen zain daude, ikasketa prozesu horietatik igaro direnekin zer harreman mota ehundu ahal izango diren ikusteko. Airean dago oraindik galdera: «Posible izango da horiei euskara errazean hitz egiten hastea?».

Ariguneak: «bermeak» euskaldunentzat

Ariguneak Euskaraldiarekin-eta egin dira ezagun, baina beste eremu askotan ere erabili izan direla zehaztu du Suberbiolak. «Arigune bat da, azkenean, euskara erabil daitekeen eremu bat». Eta erabil daiteke «bermeekin». Izan ere, estres linguistikoa, elebidunek sarri aurrean duten solaskideak euskara ulertzeko duen gaitasunaren inguruan izaten duten zalantza, desagertu egiten da esparru horietan: bermatuta dago ulermena, eta bermatuta dago, baita ere, euskararen aldeko jarrera bat dutela bertan dauden guztiek.

Suberbiolak abisua eman du, hala ere: euskararen aldeko jarrera ez da aski, hor egoteko borondate «esplizitua» ezinbestekoa baita ariguneetan ere. «Arigune bat enpresa bateko jende baten erabaki kontzientea eta librea baldin bada, askoz ere eraginkorragoa izango da erdi konpromisoz jarritako bat baino».

 

Euskaraldia: maiatzaren 15era begira denak

«Fruituak» ikusteko fasean daude orain Euskaraldiaren antolatzaileak. Lan isilekoak izaten dira lehen hilabeteak, baina maiatzaren 15ean da aurten Euskaraldia, ate joka dago ja eguna, eta haren inguruan sortzen ari den mugimendua gero eta indartsuago sentitzen dute. Laugarren aldiz egingo da aurten Euskaraldia, eta Goiatz Urkijo koordinatzaileak gogora ekarri du aurten, bereziki, «ilusionagarria eta herrikoia» izatea nahi dutela. Lehen aldiz egingo da udaberrian, hori izango da aldaketa nagusia, baina ariketaren «esentzian» ez da aldaketarik, eta Euskaraldiak hizkuntza ohiturak aldatzeko proposatzen dituen rolek lehengoan jarraituko dute: ahobizi edo belarriprest izateko aukera izango dute parte hartzen dutenek. Ariketak berak funtzionatzen duelako, eraginkorra delako: «Ikerketek hala diote». Lehenengo herri batzordeak hasten dira izena ematen Euskaraldian, eta hor sumatu dute aparteko dinamismoa. «Aurten ikusten ari gara egundoko mugimendua herrietan berriro». Euskal Herri «osoan» sortu dira, gainera, Euskaraldiari hauspoa emateko batzordeak. Entitateei zabaltzen zaie gero atea: enpresa, elkarte eta antzekoei. Hor ere bada aldaketa bat aurten: aurreko aldian parte hartu zuten entitate guztiek ezinbestean ariguneak sortu behar zituzten, jendeak euskaraz eroso jarduteko esparruak, baina aurten ez dute betebehar hori izango. Euskaraldiaren berri eman behar dute, parte hartzera animatu, ikusgarri egin. Eta erantzuten ari dira horiek ere: «Mugimendua nahiko handia izaten ari da». Norbanakoentzako izen ematea ireki zuten azkena, martxoaren 15ean. «Hor izen emateen olatu bat egon zen». Mahaiak-eta jartzen ari dira ordutik herri askotan jendea izena ematera animatzeko; deiak ere egingo dituzte oraindik dinamika hemen dela gogora ekartzeko, eta olatuak harrotzen jarraitzea da helburua.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.