Ur Apalategi. Unibertsitateko irakasle titularra

«Euskarari ofizialtasuna eman ezean, hizkuntza politika seriorik ez da»

Euskal ikasketak ur tanta txiki bat dira unibertsitateen itsaso zabalean. Alta, bete-betean eragiten diete unibertsitatean gertatzen ari diren aldaketa sakonek. Haien berri eman du Ur Apalategik.

Aitor Renteria.
Baiona
2013ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herriko euskal ikasketen saila unibertsitateen arteko ikasketen sail bat da. Bost tituludun daude horietan, postu bat irabazi dutelarik: lau ikerlari-irakasle daude, bi Paue eta Aturrialdeko Unibertsitatekoak (PAU), eta bi Bordele-3 unibertsitatekoak. Azkena PRCE bat da, bigarren mailako irakasle bat, unibertsitateari hunkitua, Argia Oltzomendi. Formakuntzetan bertze hainbat irakaslek parte hartzen dute, orduka ordainduak, gai zehatzen inguruan, izan daitezen bigarren mailakoak, ikerlariak, CNRSkoak edo Hego Euskal Herritik gai batzuen inguruan eskolak ematera heldutakoak. Euskal ikasketei buruzko ikuspegi zabala eskaini dio BERRIAri Ur Apalategi PAUko unibertsitateko irakasle titularrak.

Hamabost ikasle inguru daude lehen urtean, bigarrenean bertze dozena bat, hirugarren urtean bezala. Bi master daude. Ikerketa sailean, hogei ikasle, bi urtetan banaturik. Gehitu behar zaio doktoregaien saila, hogei bat ikasle inguru gehiago. Azken horiek Iker taldean eman dute izena. Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea Iker taldean ere badago,Bordele 3 unibertsitatea bezala.

Egitura ulertzea lan zaila dela aitortu du Apalategik, eta zehaztu du erreformaren ondorioz master Meef deritzona sortu dela. CAPESera formatzen duen masterra da. Sei ikasle ditu orain, bi urtetan banaturik. Master Meef horretan formatzen dira CAPES eta CAFEP lehiaketak pasatuko dituztenak —publikoan edo pribatuan irakasle izan nahi dutenak, alegia—. Baina bigarren mailako irakasleak izateko. «Master ikasketan, nahiz eta paradoxa izan eta erabat irrazionala, logikarik gabekoa, Seaskan lehen mailan irakasle izan nahi duten irakasleak formatzen ditugu. Akordio bat dugu, oso interesgarria eta probetxugarria, bai guretzat eta bai Seaskarentzat», dio Apalategik. Seaskak bere barne formakuntza sistema dauka. Irakasleek master unibertsitarioa ukan dezaten behar du. Horretarako, hitzarmen bat egin zuten, eta PAUk formakuntza eskaintzen dio master ikerketaren ikasketen barruan.

Bestalde, master ikerketa horretan badaude ikerketak egiten dituzten ikasleak, bertzerik gabe. Azkenik, badaude ere lehen mailako irakasle izan nahi dutenak publikoan, hots, CRPE lehiaketa pasatu nahi dutenak. Paueko Master Meefean eman dute izena, eta astean behin edo birritan daude Baionan. PAUk zerbitzua ematen dio lehen mailakoari, eta osoki zuzentzen du bigarren mailakoa. Lehen mailak haututzat du euskarazkoa. Pauek zuzentzen du, alegia, Bordele 4 zenak, lehengo IUFMk. Apalategik zehaztu du Bordeleko Unibertsitate Berriaren egituran dagoela eta Bordele-3 eta PAU egitura horretatik kanpo daudela.

«Horiek, nola euskarazko irakasle izanen diren publikoan, modulu bat dute euskaraz, guk ematen dieguna Baionan. Hor ez dugu deus arautzen, eta pena da, arazoa begi bistakoa delako».Lehiaketa horretan, gaur egituratuta dagoen bezala, ez da bermatzen, inondik inora ere, aterako diren irakasleek euskara maila egokia izango dutela. Ezin da bermatu. Euskara modulua arras txikia da. Edozein sailetik etor daitezke, psikologiatik, historiatik edo dena delakotik. «Euskara mailari dagokionez, arazoak egon daitezke, alfabetizazio eskasa... Modulu bat izatea masterrean ez baita nahikoa».

Arazoa, egituran

«Ofizialtasuna da arazoa, euskararen ofizialtasun eza. Hori da euskara maila oztopatzen duen elementu nagusia. Euskara ofiziala izanik, inposatzen duzu ikasleek ukan behar duten euskara maila. Ofizialtasunik ez dagoen heinean, egiten dena kosmetika da. Makillatzen dute errealitatea, ustezko hizkuntza politika aldarrikatuz. Ez da hizkuntza politika seriorik euskarari ofizialtasuna eman gabe. Arazoa hor dago, eta politikoa da».

Berrikitan, eskola publikoetako bigarren mailan, irakasle postuak lortzeko arazoak izanen direla onartu zuen Paueko akademia ikuskariak. Irakasleen formakuntzaz arduratzen denez, harriduraz hartu du mezua Apalategik. Urteak joan eta urteak jin, sekula ez dira hautagairik gabe gelditu irakasle postuak. Postuak, berriz, ez dira kopuruan emendatzen, urtean postu bat sail publikoarentzat eta bertze bat pribatuarentzat. «Behar badituzte irakasle gehiago bigarren mailan, postu gehiago eskain ditzatela, haien esku dago».

Norabidea kezka

Unibertsitatearen egitura aldatzen ari da, eta aldaketa horrek unibertsitatearen izaera deuseztatuko ote duen kezkaturik da Apalategi, PAUko zein Bordele-3 unibertsitateko irakasleak diren bezala. «Hau ez da Baionako afera, Frantzian eta munduan gertatzen ari den gatazka baizik. Funtsean, unibertsitatearen aurpegia eta etorkizuneko izaera orain erabakitzen ari dira ondoko hamarkadetarako, eta mundu osoan». Bilakaera kezkagarria dela dio, «neoliberala». Irakaskuntzaren izaera demokratikoa dagoela jokoan. Logika batean kokatzen da Bordeleko Unibertsitate berria, eta bertzean Bordele-3 eta PAU. Azken egitura horretan egonik, erosoago sentitzen dira euskal ikasketetako irakasleak. Jean Haritxelar euskaltzainburu zenak bultzatu zituen euskal ikasketak hatsarrean, Bordeleko egituratik. Lan hari segida oparoa eman diote geroztik, bai Paueko bai Baionako egituretatik.

Frantziako Gobernuaren erreformak unibertsitateen «autonomia» bultzatuko du, izen horrekin ahalak mugatu eta egitura zentralizatuen meneko jarriko dituen arren. «Paradoxa da. Argi dago unibertsitatearen autonomia bultzatzen duen erreforma unibertsitatearen aurkako erreforma bat dela. Izan dadin [Nicolas] Sarkozyren gobernua edo [François] Hollanderena, ildo bera segitzen dute, unibertsitatea liberalizatzen». Ez du zalantzarik Apalategik. Bi unibertsitate ereduren arteko talka gertatzen ari da, eta horren erdian daude euskal ikasketak.

Berezko unibertsitatea

Eredu publikoa defenditzen ari direla dio Apalategik. Pozteko eta kezkatzeko arrazoiak dituzte. «Egoera horretan, berezko unibertsitatearen aldarrikapena urruti gelditzen da errealitatetik, batez ere lurralde elkargoaren aldarria ehortzi ondoren. Urrundu da ikuspegi hori, eta egungo eztabaida klasikoagoa da: ezker-eskuin, unibertsitatearen demokratizazioa... Bertze eztabaida abstraktuegia da gaur egun».

Euskal ikasketak adar txiki bat dira unibertsitate handien oihanean. Unibertsitateak ageri dira sailkapenetan. Shanghaiko sailkapen irizpideak, adibidez, erabat mundu anglofonoari lotuta daude. Sailkapen horretan ageri da unibertsitateen tamaina, alegia, zenbat ikasle dituzten. Tamainak, ordea, ez du bermatzen unibertsitatea egoki antolatzea. Irizpide kuantitatiboak ez badu zentzurik, kualitatiboak ere ez, Apalategik dioenez. Nobel sarien adibidea aipatu du hori argitzeko. «Denek dakigu Nobel sariak erosten direla nolabait. Baliabide handiak dituzten unibertsitateek erakartzen dituzte, beken bidez, maila onena duten ikasleak, biharko balizko Nobel sariak». Sailkapenak indartsuari indar handiagoa ematen dio, txikiak ahulago bihurtuz. «Borroka neoliberal salbaia da, ez du beste izenik».

Argitalpenak dira sailkapeneko bertze irizpide bat, eta horretan ere ikuspegi anglofonoa nagusitzen da. Ingelesez argitaratzeak puntu gehiago ematen ditu, eta frantses unibertsitateen tradizioa joera horretan «urtu» egiten dela uste du. Horren kontrako erreakzioak bat egiten du, nagusiki, eredu publikoaren ikuspegiarekin. «Tradizio faltagatik edo, Espainiako Estatuan ez dago horrelako mugimendurik, ezberdina da». Euskal ikasketak, berriz, txikiegiak dira lehia horretan sartzeko. Sartzekotan, Frantziako unibertsitateen logikarekin sartu beharko lukete, gainera.

«Shanghairen irizpideen arabera, kaltetua ez da bakarrik anglofonoa ez dena, baizik eta giza zientziak, humanitateak. Alegia, ekonomiari lotuta dauden zientziak hobesten ditu, ikuspegi neoliberaletik. Humanitateak traba dira, ez dute, ustez, barne produktu gordina altxatzen, eta ez dute deus balio». Unibertsitatea ekonomiaren zerbitzura dagoen tresna bihurtzea dago jokoan, multinazionalen zerbitzura egongo den formakuntza zentro bat, edo estatuaren zerbitzura dagoen zientifiko ekoizlea bihurtzea. Apalategiren iritziz, hautua da, eredu humanistari jarraikiz, gizartea aitzinarazteko tresna eskuzabal eta demokratikoa bermatzea.

Euskal Herriko unibertsitateen arteko harremanak eraikitzen ari direla ere jakinarazi du Apalategik. Doktoretzetan tutoretza partekatuak dituzte orain. Erran nahi baitu, doktoregaiak bi zuzendarirekin prestatzen duela tesia, bat Euskal Herriko Unibertsitatekoa izanik. Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin ere badituzte loturak. Erasmus egitasmoaren barruan ikasleak trukatzen dituztela azaldu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.