Euskarari ekina, aukera ez dadin mehatxu izan

Iribarrenek eta Amonarrizek nahi dute Korrika eta Euskaraldia izan daitezen euskararen biziberritze prozesuari bultzada emateko palanka. Nork bere eremutik konpromisoa hartzeko deia egin dute, prozesu horretan atzerapausorik eman ez dadin. Erakunde publikoei «jauziak» eskatu dizkiete hizkuntza politikan.

Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusia eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria, Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean. JON URBE / FOKU.
Julen Aperribai.
Andoain
2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun

Mezu bertsua zabaldu dute euskararen aldeko bi egitasmo sozialik handienek, Korrikak eta Euskaraldiak: berraktibatzeko garaia dela; euskararen alde ekitekoa. Alizia Iribarren AEKren koordinatzaile nagusiak eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak uste dute aurrekaririk gabeko baldintzak daudela euskararen biziberritzearen aldeko urrats esanguratsuak egiteko, baina, abagunea aprobetxatu ezean, atzera nabarmen egiteko aukera ere ikusten dute; pandemiak euskarari eta euskalgintzari emandako kolpean sakontzekoa.

Egoeraren garrantziarekiko erantzukizunez, nork bere alorretik ekiteko deiak bi bozgorailu garrantzitsu izango ditu 2022an: martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean egingo dute 22. Korrika, Amurriotik Donostiara; eta azaroaren 18tik abenduaren 2ra egingo dute hirugarren Euskaraldia. Osasun egoerak egitera behar ditzakeen moldaketak gorabehera, Iribarrenek eta Amonarrizek espero dute biak egingo dituztela. «Ezagutzen dugun Korrika berreskuratzea eta kaleak euskaltzalez betetzea» izango da Korrikaren erronka, Iribarrenen arabera. Horrekin batera, oroitarazi du egitasmoaren helburua ere badela euskaltegiak finantzatzea, eta aitortu pandemiak «hutsune nahiko nabarmena» utzi duela erakundearen aurrekontuetan. «Hasieran, banku zorpetze bidez egin genuen aurrera. Bestalde, joan den martxoan jarri genuen abian Bultza euskaltegiak, bultza euskara kanpaina, eta herritarrek oso ongi erantzun zuten».

Euskaraldiarentzat, berriz, Amonarrizek adierazi du 2022a «ariketa sozial gisa indartzeko» urtea izan dadin nahi duela. Aitortu du iazko aldiaren arrakasta nagusia «egitea bera» izan zela, eta hurrengo urtekoarekin, berriz, nabarmendu du ahobizi, belarriprest eta arigune gehiagotara iristea izango dutela erronka. Euskaltzaleen Topagunean kolpea, ekonomikoa bainoago, soziala izan dela azaldu du: «Lehen Euskaraldiak ekarri zuen energia sozial hori egonkortzeko eta egituratzeko asmo eta plangintza bat bageneukan, baina COVIDa etorri, eta dena bertan behera utzi behar izan genuen». Korrikaren eta Euskaraldiaren bultzada baliatu nahi dute orain prozesu hori berrartzeko.

Nork bere kabuz egin badu ere, ondorio bera atera dute: hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia dela. Hortik dator leloa aukeratzean izan duten sinkronizazioa: Hitzekin izango du goiburu Korrikak, eta Hitzez ekiteko garaia Euskaraldiak. Gizarteko sektore guztiak interpelatu nahi dituzte, uste baitute denei dagokiela euskararen aldeko konpromisoak hartzea. Iribarren: «Ez ditugu guztiak maila berean interpelatzen, bakoitzak bere funtzioak dituelako eta bakoitzak ekin beharko lukeelako modu edo intentsitate batean. Baina uste dut orain dela garaia; orain eman behar diogu bultzada euskarari, eta guztiok dugu emateko modua».

Bat dator Amonarriz. Uste du euskararekiko konpromisoak «norbanakoetatik erakunderik gorenetaraino» iritsi behar lukeela. Duela bi asteko Euskaraldiaren aurkezpenean ateratako argazkia jarri du adibidetzat: «Euskal Herri osoko ordezkariak geunden, sozialak eta administrazioari dagozkionak. Argazki horrek gizarte osoari erakutsi nahi dio hizkuntza biziberritzeko prozesua guztion ardura dela, eta prozesu horretan guztiok dugula tokia eta ardura». Erakunde publikoena «euskararen erabilera eta ikasketa posible izan daitezen baldintza egokiak sortzea» dela gaineratu du, ondoren herritarrek «konpromiso indibidualen bidez» hizkuntza erabil dezaten.

Urte gutxi atzera eginda, ezinezkoa zatekeen sintonia sumatzen dute biek herri ekimeneko euskalgintzaren eta instituzioen artean. «Oso garai zail eta gatazkatsuetatik gatoz. Elkarlan bideak beti egon dira, baina uste dut gaur egun, bai eragile sozial eta administratiboen artean, baina baita euskalgintzaren barruan ere, badagoela giro egoki bat gauzak egiteko», dio Amonarrizek. Horren kontzientzia hartu beharraz mintzatu da, «kapital garrantzitsu hori» zaintzeaz eta jakiteaz «zer daukagun lortzeke eta zer daukagun arriskuan».

Nola eman, ordea, aurrerapausoak kontsentsua apurtu gabe? «Jauziak» aipatu ditu Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak, eta nabarmendu administrazioak egin behar dituela batez ere jauzi horiek: «Aukera hau aprobetxatzeaz ari garenean, esan nahi dugu aurrerapauso sendoak eman behar direla, eta oraindik ere bide luzea daukagu esparru askotan. Hezkuntzan, komunikabideetan eta alor sozioekonomikoan jauzi handiak egin beharra dago».

Bada akuilu zorrotzik urratsak eraginkor bihur daitezen bultzatzeko. Izan ere, Iribarrenek nabarmendu du euskalgintzako eragileak bat datozela «hizkuntza politika berri bat» eskatzean. Horren erakusle da, haren arabera, hizkuntza politiketan eragiteko Batuz aldatu adostasun soziala, Euskalgintzaren Kontseiluak sustatu eta Euskal Herriko hainbat arlotako 99 eragilek izenpetutakoa. «Hizkuntza politika eraginkorrago bat behar dugu. Erabileran atzera egitea ez da gure gustukoa, baina jendeari ez badiozu euskaraz aritzeko gunerik ematen, hein batean, normala ere bada. Euskararentzako gune seguru eta eroso horiek ezin dira berez sortu; hori ere bada hizkuntza politika».

Giro hotza kanpoan

Urratsak geroratu gabe, lehenbailehen, egiteko beharra ere nabarmendu dute Amonarrizek eta Iribarrenek. Herritarren bizitzak nola, euskararen alde azken urteetan egindako urratsak zaurgarri egin ditu pandemiak, Amonarrizek ohartarazi duenez: «Erakutsi digu sendotzat eta egonkortzat geneuzkan aurrerapen batzuk zaurgarriak ere badirela, eta atzera egiteko arriskua erreala dela».

Hizkuntza gutxituen kontrako diskurtsoak areagotzen ari ote diren ere bada kezka iturri aspaldian. Amonarrizek uste du «berritik gutxi» dutela. Dioenez, Nafarroan ez gainerako lurraldeetan «ez dago herritarren aldetik kontrako diskurtso esanguratsurik». Aldiz, ohar egin du hizkuntza minorizatuen normalizazioaren kontrako estrategiak Espainian epaileen bidez bideratzen ari direla: «Euskararen aurkako estrategiaren judizializazio bat dago, Espainiako Estatuan politikaren judizializazioa dagoen neurri bertsuan. Horrek ikaragarri zailtzen digu hemengo biziberritze prozesua».

Iribarrenek euskararen aldekotasunaren kontrako erreakziotzat ikusten ditu halako mugimenduak. «Aldeko uholde bat izanik, beste modu batean garatu behar dituzte kontrako diskurtsoa eta estrategia. Orain epaileen eskutik etorri da, eta etorriko delakoan nago», azaldu du. Uste du halakoei «elkarlanean» egin beharko zaiela aurre. Baita Amonarrizek ere. Are, kontuan izanik arazo hori areagotu litekeela; «esaterako, Espainiako Estatuan gobernu aldaketa egongo balitz».

Iribarreren irudiko, sozialki, halakoei buelta emateko balio behar lukete Euskaraldiak eta Korrikak: «Herritarrei tresnak eman behar dizkiegu aktiba daitezen eta emozioak kalera atera ditzaten». Bi egitasmoen zain egon gabe, gaurdanik horretan hasteko gonbitea egin du Amonarrizek: Korrika eta Euskaraldi batzordeetan parte hartuz, besteak beste. «Sekulako aukera daukagu 2022an hizkuntza biziberritzeari bultzada sendo bat emateko. Guzti-guztien beharra izango dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.