Euskararen transmisioari buruzko kanta aurkeztu du Araba Euskaraz-ek

'Arbasoen su txikia' kantaren bideoklipa aurkeztu dute. Mikel Urdangarinek jarri dio musika, eta Kirmen Uribek sortu ditu hitzak. Hainbat artistak parte hartu du abestian.

maxresdefault
joxerra senar
2025eko martxoaren 28a
16:53
Entzun 00:00:0000:00:00

Hiru hilabete geratzen dira Araba Euskaraz ospatzeko. Aurten Olarizun egingo da, eta antolatzaileek espero dute milaka euskaltzale elkartuko direla Gasteiz kanpoaldeko eremu horretan. Hari begira jarrita daude buru-belarri, eta jada aurkeztu dute Arbasoen su txikia kanta. Unai Mendizabal Araba Euskaraz Kultur Elkarteko lehendakariaren arabera, euskararen transmisioa du ardatz: «Euskara gaur egunera arte ekarri duten hainbat pertsona ezagun zein herritar xumeren ekarpenari egiten dio erreferentzia».

Kantaren hitzak Kirmen Uribek sortu ditu, eta Mikel Urdangarinek jarri die musika. Gainera, hainbat artistak parte hartu dute abestian: hala nola En Tol Sarmientoko Iñigo Etxezarretak, Betagarriko Iñaki Ortiz de Villalvak, Izaki Gardenak eta Pasadena taldeetako kide Jon Basagurenek eta Libe Garcia de Kortazarrek, Iratxe Aguilera Kai Nakai taldeko kideak eta Adriana Fernandezek.

Urdangarin gaurko aurkezpenean izan da, eta, haren iritziz, «opari eder bat» izan da Uriberen hitzei musika jartzeko aukera izatea. «Gure arteko lokarriak indartzeko beste abagune on bat izan da». Bere irudiko, abestia, zerbait izatekotan, emozioa da. «Zerbait ezberdin eta ezohikoa egin nahi genuen, eta esango nuke lortu dugula». 

Ketxu Bedialauneta Bastida Ikastolako zuzendariak egin zion abestia egiteko enkargua Urdangarini. «Ziur geunden kanta handi bat egingo zuela», aipatu du. Bedialaunetaren arabera, Bastidako ikastolak egun 132 ikasle ditu, eta 90 sendiren eta 25 langileren artean ateratzen dute aurrera. «Buru-belarri gabiltza eskualde erdaldun batean, nola irakaskuntzan hala euskalgintzan, Arabar Errioxako beste bi ikastolarekin elkarlanean», aipatu du.

Hitzen esanahia

Kirmen Uribek abestiaren hitzei buruzko bideoa bidali du New Yorketik. «Kanta oso landua da. Mikel eta biok hilabete batzuk egon gara lantzen. Ez da lehenengo bertsioa, ez da lehenengo musika, ez dira lehenengo hitzak ere. Hor ibili gara joan-etorrian», azaldu du.

Uriberen arabera, bi ideia nagusitu dira Urdangarinek sortutako musikari hitzak jartzeko orduan. Batetik, Araba beti izan dela euskalduna. «Hor agertzen da Landucciren hiztegia, non agertzen diren euskarazko 6.000 hitz, Gasteizen jasotakoak». Horri loturik, Lazagarra poetaren olerki bati ere egiten dio aipamen hitzetan. Bestetik, euskarak garai zailak izan ditu. «Adibidez, zera kontatzen da, nola erromatarrak Irulegira iritsi ziren eta herria desegin zuten baina hizkuntzak bizirik iraun zuen».

(ID_14815389) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2025-03-28, Gasteiz. Araba Euskarazen 2025eko kanta eta bideokliparen aurkezpena
Araba Euskaraz-en 2025eko kantaren eta bideokliparen aurkezpena. JAZKI FONTANEDA / FOKU

Ordutik honako historia gorabeheratsua izan da, baina jarraia. «Zergatik izan da jarraia? Hitz egin delako. Egon delako norbait euskararen su txiki hori batak besteari pasatzen belaunaldiz belaunaldi», azaldu du Uribek. Hitzetan hori guztia jaso du.

Jon Santamariak egin du bideoklipa, eta hark ere ezin izan duenez agerraldian egon, bideo bat bidali du. «Ezohiko bideoklip bat da. Mutiko baten eta haren amonaren arteko lotura kontatzen du». Umore kutsua duela gaineratu du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.