Euskararen transmisioa «bermatzea» helburu jarri du Jaurlaritzak

Euskararen Agenda Estrategikoa aurkeztu du, 2021-2024 aldirako. Besteak beste, gobernuak «ondo betetzat» jo du hizkuntza eskubideen babesa bermatzeko 2017an jarri zuen xedea

Iñigo Urkullu eta Euskararen Aholku Batzordeko kideak, herenegun. IREKIA.
jon olano
2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak herenegun aurkeztu zuen Euskararen Agenda Estrategikoa, 2021-2024 aldirako. Jaurlaritzak gobernu programan euskararen alorrean jasotako asmoak zehazteko dokumentua da, etalau helburu jaso dituzte datozen hiru urteetarako: herritarren artean euskararen ezagutza «handitzen jarraitzea» eta, hor barruan, «helduen ikaskuntza egitasmoa sendotzea»; euskararen erabilera ere handitzen segitzea, hizkuntz eskubideen bermean «aurrera egitea» eta «euskararen lurralde guztietan erakundeen arteko lankidetza sendotzen jarraitzea». Erabilera zabaltzeari dagokionez, Jaurlaritzaren xedea da «euskararen transmisioa bermatzea» eta aisialdian, kirolean, hedabideetan, sektore publikoan, sektore sozioekonomiko publiko zein pribatuan eta ingurune digitalean erabilera handitzea.

2017-2020 aldirako dokumentuaren jarraipena da datozen hiru urteetarako prestatutakoa, eta azken urteetako txostenaren ebaluazio bat ere jasotzen du oraingoak. 2020rako 168 jarduera prestatu zituen gobernuak, eta horien %93,4 bete zituen—2019an %91,9 eta 2018an %88,8—. Zehaztapen bat ere egin dute: ebaluazioa egiteko aintzat hartzen diren adierazle nagusiak inkesta soziolinguistikoaren bidez neurtzen dituzte, baina azken inkesta, seigarrena, 2016an egin zen azkenekoz —aurten litzateke zazpigarrena egitekoa—. Halere, dauzkan adierazleekin, Jaurlaritzak betetzat jo du aurreko legealdirako jarritako helburuetako bat: 25 urtetik beherako lau biztanletik hiru euskal hiztunak izatea: «Helburu nagusi hori ondo bete da, 25 urtetik beherakoen %81,2 baitira euskara gaitasuna dutenak».

Aldiz, ez du bete erakundeetan euskararen erabilera handitzeko xedea, eta argudiatu du COVID-19aren izurriak «lanean eta lan egiteko moduan eragin» duela. Horrez gain, herritarren hizkuntza eskubideen babesa bermatzeko helburu estrategikoa «ondo betetzat» dauka Jaurlaritzak, konponbidea izan duten Elebideko intzidentziak %94,7 izan baitira.

Adierazleak

Bada alde bat 2017-2020 aldirako txostenaren eta datozen hiru urteetarako landutakoaren artean. Aurrekoan, adierazle batzuk zehaztearekin batera, Jaurlaritzak helburu neurgarriak ezarri zituen 2020ra begira. Oraingoan, adierazleak identifikatu ditu berriro ere, eta egungo egoerari zenbakiak jarri, baina datozen hiru urteetarako helbururik finkatu gabe. Asmoa da adierazle horietan «aurrera egiten jarraitzea», eta aldagai horiek kontuan hartzea etorkizunean neurtzeko aitzinatu den edo atzera egin den. Adierazle horien artean daude euskaldun kopurua, euskararen erabilera arloka, transmisioa eta hizkuntzarekiko jarrera.

Bestalde, duela lau urteko egitasmoan, Jaurlaritzak 2020rako bermatu nahi zien herritarrei euskarazko arreta. Atal horretan, gobernuak xede gisa azaldu du «kontsumitzaileen eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko bidea egiten jarraitzea, Kontsumobiderekin lankidetzan».

Agendaren jarraipena egiteko batzorde bat eratuko dute, besteak beste Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Hezkuntza sailburuordeak, HABEko zuzendari nagusiak eta Etxepare institutuaren zuzendariak osatuta.

Diruari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak 550 milioi inguru jarriko ditu datozen hiru urteetan; aurten 130 milioiko aurrekontua izan dute euskalduntze politikek, eta gobernuaren aurreikuspena da datozen urteetan %3 haztea aurrekontu hori. Hizkuntza Politikarako atalak hartzen du diru gehien, 65 milioi, eta hezkuntza sistema euskalduntzera bideratu dira aurten beste 44 milioi.

«Baliabide handienak»

Euskararen Agenda Estrategikoaren aurkezpenaz hitz egin zuen atzo Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak. Hamaika Telebistak eginiko elkarrizketa batean, nabarmendu zuen «ahalegin handi bat» egin dutela euskaltegiekin, bereziki pribatuekin, «irakasleen lan baldintzak hobetzeko eta helduen ikasketak doakoak izan daitezen».

Gainera, nabarmendu zuen «egoera soziolinguistiko ezberdinak» daudela eta hizkuntzaren garapenak «lotura handia» daukala errealitate soziolinguistikoarekin: «Hori da abiapuntua. Gaur inoiz baino baliabide handiagoak dauzkagu, eta errealitate horietan oinarrituta eman behar diogu bultzada esku artean daukagunari».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.