Mario Zapata. Soziologoa

«Euskararen pisuaren araberakoa da migratzaileen pertzepzioa ere»

Hizkuntza gutxituen sustapena eta aniztasun etnokulturala uztartu ditu soziologo iruindarrak bere azken ikerketan. Migratzaileek eragile sozialengandik jasotako jarrerak izan ditu aztergai.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2017ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Migratzaileak helmugara iristean, harrera funtzioa egiten duten eragileekin egin ohi dute topo, eta horien jarrerek eragina izan dezakete integrazio prozesuetan. Abiapuntu hori euskararen eremu geolinguistikora ekarrita, eragile sozialek migratzaileei transmititutako jarrerak eta ideiak ikertu ditu Mario Zapata soziologoak (Iruñea, 1966). Azterlan horrek lehen saria jaso zuen atzo, Soziolinguistika Klusterrak antolatutako IX. Hausnartu lehiaketan.

Ikerlan berri honetan, migrazioak, aniztasuna eta soziolinguistika aztertu dituzu. Noiz hasi zinen esparru horien arteko loturak ikertzen?

Niretzat, ikerlan hau urrats bat da, aspaldi hasitako lan ildo batean. 2005. urtean, euskararen normalizazioaren eta aniztasun etnokulturalaren arteko loturari buruzko ikerketa egin nuen, eta ordutik, lan ildo horri eutsi diot. Berez, sariaren atzean dagoen ikerketa akademikoa askoz zabalagoa da, horren sintesi bat baita saritu dutena.

Zeintzuk dira ikerketaren ardatz nagusiak?

Euskara biziberritzeko ereduak mahai gainean ditugu, baita aniztasun etnokulturala kudeatzeari dagozkionak ere. Baina estaturik gabeko nazioen kasuan, eredu horiek hutsune nabarmenak dituzte, eta beharrezkoa da ikuspuntu propio bat garatzea, esparru propio bat. Hori da ikerketaren abiapuntua.

Eta zein izanen litzateke ikuspuntu propio hori?

Bi elementu nabarmenduko nituzke nik: alde batetik, aniztasunaren onarpena, eta bestetik, disimetriaren aitortza. Eta zer esan nahi du horrek? Bada, gurea gutxiagotasun egoeran dagoen hizkuntza eta kultura izanik, legitimitatea eta eskubidea dugula beste hizkuntza eta kultura horiek onartzeko eta babesteko.

Ikuspuntu bikoitza erabili duzu, beraz: euskararena eta migratzaileen kulturarena.

Bai, batez ere, migratzaileek eragile sozialengandik jasotzen duten harrera aztertu dut, hizkuntzen trataeraren ikuspuntutik: euskararena nahiz beste hizkuntzena. Oro har, migratzaileen harreraren esparruan, gabezia handiak daude hizkuntzen trataerari dagokionez: euskararen inguruan, adibidez, sentsibilitatea antzeman dut eragile sozialen aldetik, baina, kasu gehienetan, ez dute sentsibilitate hori euren zereginean txertatzen. Euskalgintzako eragileek antolatutako egitasmoak kenduta, gainontzeko kasuetan, hutsaren hurrengoa da euskararen erabilera. Era berean, badago migratzaileen jatorrizko hizkuntzekiko aldekotasun bat ere, baina, kasu gehienetan, ez zaio bide ematen. Ez dago kontzientziarik, sentsibilitate hori aplikatzeko.

Zeintzuk dira migratzaileek euskarari buruz duten pertzepzioa baldintzatzen duten faktoreak?

Ikerketa honetan oso argi ikusi dut euskararen bizi indarrak asko baldintzatzen dituela migratzaileen nahiz eragileen jarrera eta pertzepzioa. Hor sartuko lirateke euskararen egoera demolinguistikoa, hizkuntzaren estatusa eta beste hainbat faktore. Finean, hizkuntzaren egoera ez da bera Iruñean, Azpeitian, Bilbon eta Leitzan, eta horrek pisu handia du harrera eskaintzen dutenen nahiz jasotzen dutenen artean. Hori oso agerikoa da Ipar Euskal Herrian. Frantziako politika nazionalaren ondorioz, euskara ez da administrazio publikoan existitzen, eta horrek eragin handia du Ipar Euskal Herriko harrera jardueretan.

Migratzaileentzat euskara ikusezin bihurtzeraino...

Hala da, bai. Euskarak duen indarraren eta pisuaren araberakoa izanen da migratzaileek hizkuntzari buruz duten jarrera ere. Pertsona batek ikusten duenean hizkuntza bat benetan garrantzitsua dela, harekiko jarrera positiboa garatuko du berehala. Eta ez hori bakarrik: aurrerago, hizkuntza horri buruz izanen duen pertzepzioa ere baldintzatuko du. Ikerketa honetan oso ohikoak izan dira euskararen kontrakoak ez, baina aldekoak ere ez ziren jarrerak. Beste batzuetan, bestalde, paternalismoz jokatu izan dute eragileek: «Migratzaile hauen seme-alabak A eredura bideratu ditugu, hizkuntzarekin arazorik izan ez dezaten, euskara arazo erantsi bat izan ez dadin». Halakoak askotan gertatzen dira, batez ere, euskararen presentzia ahulagoa den zonaldeetan.

Eraginkorrak al dira etorkinak euskarara hurbiltzeko egitasmoak?

Euskararen trataeraren inguruan badago kezka hori, eta ez euskalgintzako eragile sozialen artean bakarrik. Arazoa da ez dutela formula egokirik asmatzen. Bestalde, kontuan izan behar dugu eragile hauetako askok larrialdi egoerak kudeatzen dituztela, eta oinarri-oinarrizko harrera laguntza eskaintzen dietela migratzaileei; hortaz, askok albo batera utzi behar izan dituzte hizkuntzaren inguruko praktikak, egoeraren larritasunak behartuta. Horren jakitun dira haiek ere, eta kezka azaldu dute behin baino gehiagotan, gogoa dutelako hizkuntzaren esparruan zerbait gehiago egiteko.

Eta nola konpondu daiteke arazo hori?

Aukera egon daiteke, elkarteen arteko rol banaketa baten bidez, osagarritasunera jotzeko. Finean, harrera integrala eskaintzea ezinezkoa da. Inork ez du gaitasunik harrera ekonomikoa, kulturala edota psikoafektiboa aldi berean eskaintzeko. Hortaz, interesgarria izan liteke eragile sozialen artean osagarritasunaren aukera jorratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.