Euskararen olatu berriranzko lehen hausnarketa

Udalerri Euskaldunen Eguna ospatu dute Lesakan, eta hainbat eragile elkartu dira euskarari buruz hausnartzeko. Bertze lau udalerri izanen dira UEMAko kideen artean.

Udalerri Euskaldunen Eguna ospatu dute gaur, Lesakan. GORKA RUBIO / FOKU
Udalerri Euskaldunen Eguna ospatu dute gaur, Lesakan. GORKA RUBIO / FOKU
Isabel Jaurena.
Lesaka
2024ko maiatzaren 18a
16:00
Entzun

11 eragile, elkarte eta sare euskaltzalek hizkuntzari lotutako hamaika gai izan dituzte hizpide gaur, Lesakan (Nafarroa). Nor bere errealitatetik abiatuta, guztiek bat egin dute herritarrek parte hartzen dutela euskalgintzaren arloko ekintzetan, bai behin egiten direnetan bai Korrikan, Euskaraldian eta halakoetan ere. Halere, uste dute badagoela nolabaiteko «erresistentzia» ekintza horiek guztiak antolatzen eta pentsatzen dituzten talde eragileetako kide izateko. Hori dela eta, jada talde horietako batzuetan nabarmena zen «etsipena»  areagotzea dakar, eta, haien erranetan, agerian uzten du «diskurtso bateratu baten beharra».

Udalerri Euskaldunen Egunaren barrenean egin dute hausnarketa saioa, euskararen aldeko olatu berria sortzeko gakoak aztertzeko. Gaurkoa, baina, ez da hausnarketarako tarte soila, besta eguna ere bada. Goiz-goizetik, trikiti doinuak nagusitu dira herrian, eta gauera bitarteko egitarau zabala dute prest. Izan ere, badute zer ospatu: UEMAk 111 udalerri izanen ditu gaurtik aurrera, Bakaiku, Ituren, Lakuntza (Nafarroa) eta Zegama (Gipuzkoa) batu baitira mankomunitatera. 

Euskal Herriko hainbat eremutako talde edo sare euskaltzaleak elkartu dira Euskararen olatu berria sortzeko gakoak izenburupean: Berrobiko, Orioko eta Mutrikuko (Gipuzkoa) euskaltzaleak —herri bakoitzeko bana—, horietan ez baitago euskararen alde lan egiten duen elkarte ofizialik; Zarauzko (Gipuzkoa) Zirika elkarteko bi ordezkari; Bortzirietako (Nafarroa) Bor-bor elkarteko hiru ordezkari; Dimako (Bizkaia) Abizarie elkarteko kide bat; Hernaniko (Gipuzkoa) Dobera elkarteko bi ordezkari; Oiartzungo (Gipuzkoa) Ttur-ttur euskaltzaleen bilguneko bi kide; Azpeitiko (Gipuzkoa) Zaparraie taldeko bi kide; Gatikako (Bizkaia) Gogoz taldeko ordezkari bat; eta Arbizuko (Nafarroa) herritar bat, bertan ez baitago talde antolaturik.

Saio praktikoa izan da: bakoitzak bere herriko edo eskualdeko egoeraren diagnostikoa egin du lehenbiziko, eta tokian-tokian zer ekintza egiten diren —edo ez diren egiten— azaldu. Iñaki Iurrebasoren tesitik abiatuta, hausnarketa bat ere egin dute. Erraterako, Berrobi, Orio eta Mutrikun elkarte edo talde ofizialik ez dutela azaldu badute ere, badituzte sareak. Dena den, sinetsita daude gaurko saioa baliagarria izanen zaiela «ikasteko». 

Gehienek bezala, Zirikakoek kezka bat dute buruan bueltaka: Euskararen ezagutza gora badoa, joera hori zergatik ez da kaleko erabileran islatzen? Horri erantzuteko asmoz, parte hartzeko prozesu bat abiatu zuten 2017an, «gogogabetu» zena. Orain, «presiorik gabe» lan egiten dute, betiere hiru helburu hartuta: «Hausnartzea, gozatzea eta ekitea». 

Xede horrekin ez, baina antzeko pentsamenduarekin lan egiten dute bortziritarrek ere. Izan ere, iazko ikasturtea indartsu hasi zuten, baina ez dute lortu bortz herrietan lantalderik eratzea. Hilero ekintzak egiten dituzte, eta udako eta udazkeneko kanpainak prestatzen dabiltza orain. Horien xehetasunak, ordea, Lesakako Herriko Etxeko ganbaran geldituko dira, oraingoz bederen.

Transmisioaren garrantzia

Abizarie, Dobera, Zaparraie eta Gogoz taldeak ere martxa onean dabiltza lanean, baina onartu dute herritarren edo bazkideen laguntza falta zaiela zenbaitetan. Ttur-ttur bilgunekoek barrez eta erdi txantxetan erran dute «beti» daudela hausnarketa prozesu batean, eta orain ere hala dabiltzala. «Krisian» daudela diote, eta taldea berritzeko beharrarekin. Antzeko planteamenduarekin etorri dira Arbizutik ere, sinesten baitute euskalgintzak «astindu baten beharra» duela Sakanan. 

Bertzeen errealitatearen berri izatean, ondorioztatu dute sare gehienetan gazteak falta direla, eta beharrezkoa dela transmisio lana egitea, horrek euskalgintzara hurbilduko dituelakoan. Baina erantzukizuna ez da gazteena edo talde euskaltzaleena bakarrik: administrazioak ere badu zer hausnartu. Izan ere, haien ustez, instituzioek dute «aldaketa estrukturalak egiteko» eskumena. Dena den, horiek gertatzeko «zirikatu» behar direla uste dute: izan ere, Zaparraie elkarteak argi erran du ez direla «jatorrak izateko» sortu, «presio talde bat» direla.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.