Euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzeko eskatu dute EH Bilduk eta Geroa Baik

Politika orokorrari buruzko eztabaidako bigarren egunean, autogobernuaz, klima aldaketaz, osasungintzaz eta etxebizitzaz hitz egin dute taldeek. Gorroto mezuen aurka egin beharra azpimarratu dute gehienek.

(ID_14431000) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2024-11-14, EH Bilduko Laura Aznal, politika orokorreko eztabaidaren saioan, Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU
EH Bilduko Laura Aznal, atzoko saioan, Nafarroako Parlamentuan. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2024ko azaroaren 15a
14:00
Entzun

Politika orokorrari buruzko eztabaidako bigarren egunean, EH Bilduk eta Geroa Baik autogobernuan sakondu beharra azpimarratu dute, bakoitzak bere proposamenak eginez. Batetik, EH Bilduk proposatu du erabakitzeko ahalmena aitortzea eta euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora hedatzea. Bestetik, Geroa Baik galdegin du egungo autogobernua osorik garatzea eta Foru Hobekuntzaren barneko eskumenak eta euskararen eskubideak berritzea. «Ausarta» izateko deia egin dio PSNri, baina hark entzungor egin du. Izan ere, bi ebazpenak atzera bota dituzte: UPNk, PSNk, PPk eta Voxek kontra egin dute, eta Zurekin Nafarroa abstenitu egin da. Autogobernuan eta euskaran aurrera egiteko orduan, horixe da Nafarroako Parlamentuan nagusi den gehiengoa.

Bigarren egunak balio izan du alderdi bakoitzaren lehentasunak mahai gainean jartzeko, eta besteen jarrerak ikusteko. Taldeek 29 ebazpen aurkeztu dituzte, bezperan jorratutako gai nagusiei segida emanez. Hala, klima aldaketa, osasungitza, etxebizitza, berdintasuna eta eskuin muturraren polarizazioari aurre egiteko beharra izan dira eztabaidagai.

UPNk, kasurako, sei puntuko agiria aurkeztu du elkarbizitza eta demokrazia arriskuan jartzen dituzten mehatxuen inguruan. Bere mintzaldian, Marta Alvarez parlamentariak adierazi du «mehatxurik handiena EH Bildu» dela, «ez baitu barkamenik eskatu, eta ETAren indarkeria ez baitu gaitzesten». Koalizio abertzaleko Eneka Maizek erantzun dio haien ebazpena «koktel nahasgarri bat» dela, eta aurpegiratu dio «horrelako gai mingarrien merkantilizazioa eta erabilera alderdikoia» egitea.

Beste ardatz bat

Txibiteren bezperako mezuaren ildotik, PSNk proposatu du legebiltzarrak gaitzetsi eta borroka dezala gorroto mezuen erabilera politikoa. Zurekin Nafarroa-ko Miguel Garridok hausnartu du beste ardatz politiko bat sortzen ari dela arrazoiaren eta arrazoirik ezaren artean, zientziaren eta negazismoaren artean, edo itxaropenaren eta gorrotoaren artean. Haren irudiko, zerikusia du gizartean besteak ulertzeko ikuspegiarekin: «Zeintzuk dira besteak? Iraganera itzularazi nahi gaituztenek kontraposizio gisa ulertzen dute bestea, gizona emakumearen aurka, herria politikaren aurka...».

EH Bilduk proposatu du aurrera jarraitzea gobernantza feministan eta berdintasun politiketan, gizarte eragileen eta mugimendu feministaren eskutik. UPNko Angel Ansak aurpegiratu dio «gezurrezkoa» dela jarrera hori, eta «kanpaina matxistak sustatzea» leporatu dio koalizio abertzaleari, Cristina Ibarrola Iruñeko alkate ohiaren, Marta Ruiz de Alda Lizarrako alkatearen eta Yolanda Barcina lehendakari ohiaren aurkakoak.

UPNk talka egin du Geroa Bairekin ere. Jarrera euskarafoborik ez duela azaldu du Marta Alvarezek, eta azpimarratu UPNri esker sortu zirela lehen ikastolak Nafarroan. Geroa Baiko Mikel Asiainek oroitarazi dio lehen ikastola 1965ean sortu zela, eta ikastolen federazioa 1970eko hamarkada erdialdera. «Urte luzez, lege aldetik linbo batean izan zituen ikastola asko, hori bai, hori UPNk egin zuen». Era berean, gogoratu du UPNk baimena ukatu ziola Euskalerria irratiari bere agintaldi osoan.

Onartutako ebazpenek aurrera begirako lanak zehaztu dizkio parlamentariei, hala nola langile publikoen estatutua berritzeko prozesuari ekitea egutegi bat zehaztuz; despopulazioaren lege bat onartzea eta 5.000 biztanle baino gutxiagoko herrietarako etxebizitza plan bat zehaztea; trantsizio energetikoko neurriekin jarraitzea; osasun legea berritzea, lehen arreta indartzea eta osasungintzako lan eskaintza publikoak onartzea; eta etxebizitzaren merkatuaren egoera jarraitzeko behatokia sortzea.

Foru hobekuntzaren aldaketa azaroaren 21ean onartuko da

Asteazkenean, PPk eta Voxek betoa ezarri zioten Espainiako Senatuan Foru Hobekuntzan trafiko eskumena hitzez hitz jasotzeko aldaketari. Hala, bigarren aldiz, moldaketa hori Kongresura itzuliko da, eta bertan burutuko da prozesu guztia. Izan ere, otsailean Espainiako Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen Nafarroari trafiko eskumena itzultzeko prozesua, eta transferentzia hori berraktibatzeko Foru Hobekuntza aldatzeko prozesuari ekin zion Nafarroako Gobernuak. Irailean lehen itzulian Kongresuko gehiengoak aurrera atera zuenez, datorren astean onartzea espero da. Felix Taberna gobernuko presidentea pozik azaldu da Kongresuak azkar erantzun duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.