Euskararen normalizazioari buruzko diploma bat eskainiko dute Euskaltzaindiak eta Mondragon Unibertsitateak

'Euskararen Normalizazioa eta Normatibizazioa XXI. Mendean' du izena espezializazio diplomak.

Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea. JUANAN RUIZ / FOKU
Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea. JUANAN RUIZ / FOKU
2024ko uztailaren 16a
12:55
Entzun

Euskararen Normalizazioa eta Normatibizazioa XXI. Mendean espezializazio diploma aurkeztu dute Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Euskaltzaindiak, UZEI eta VICOMTECH erakundeen kolaborazioarekin. Espezializazio diploma berriak euskararen normalizazioak eta normatibizazioak XXI. mendean izan ditzaketen nondik norakorik garrantzitsuenei buruzko «prestakuntza sendoa» eman nahi du, antolatzaileek azaldu dutenez.

Diploma teoriko-praktikoa izango da, eta irakasleak Euskaltzaindiaren eguneroko egitasmoetan ari diren euskaltzainak eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak izango dira.

Egitasmoaren bitartez, Euskaltzaindiak profesional berriak erakarri eta prestatu nahi ditu, «akademiak sorreratik dituen bi sailetan jardun dezaten»: Iker Sailean eta Jagon Sailean. Iker Sailaren eginkizuna euskararen estandarizazioa XXI. mendean aztertzea da. Jagon Sailarena, berriz, euskararen erabilera soziala sustatzea da, horretan diharduten gainerako eragileekin batera lan eginez. 

Behin espezializazio diploma bukatuta, antolatzaileek diotenez, profesionalak gai izango dira arlo horietan orain arte egin den ibilbidea azaltzeko, bere testuinguru sozialean eta historikoan egoki kokatuta, baita arlo horietako etorkizuneko erronka nagusiak identifikatzeko eta horiei erantzuteko ere.

Antolaketa

Ikastaroa modalitate erdi presentzialean egingo da, eta 2024ko urriaren 1ean hasi eta 2025eko maiatzaren 23an amaituko da. Saio presentzialak astearte eta ostegun goizetan izango dira —10:00etatik 13:00etara—, gehienak Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan. Euskaltzaindiaren diru laguntzari esker, matrikula «merkeagoa» izango dela adierazi dute antolatzaileek: 3.150 eurokoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.