Euskararen normalizazioa sustatzeko konpromisoak hartuak zituzten 30 eragilek Aro berriari, 'klika' egitasmoa aurkeztu zutenerako. Gaur, konpromiso horiekin bat egin duen eragile kopurua zabaldu dutela iragarri dute AEK-k eta sinatzaileek, Bastidan (Araba) egin duten agerraldian. Egitasmoarekin bat egin duten eragile horien artean dira Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa eta Eusko Jaurlaritza, besteak beste.
Korrikaren esanetan, duela bi urte Hendaia (Lapurdi) eta Irun (Gipuzkoa) arteko Santiago zubian egin zen jauziaren segida da gaurko urratsa. Euskalgintzako eta instituzioetako ordezkariek elkarrekin eraman zuten lekukoa orduan, lankidetzan egin beharreko bidearen ikur.
Hartutako konpromisoak orokorrak dira, oro har. Ildo batzuk nabarmenak dira. Lankidetza ildoetan sakontzea aipatu dute ia guztiek. Kontseiluak, adibidez, zera sinatu du: "Eragile sozialen, herritarren eta eragile politikoen adostasun berria eraikitzeko prozesua garatzea". Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aipatu du horretarako oinarri gisa. Erakundeek ere azaldu dute asmoa elkarlan bidea zabaltzeko. Euskaltzaleen Topaguneak beste zabaltze bat ere aipatu du: "euskaltzaleen mugimendua hedatzeko" plan bat abiaraziko du. Erakundeei dagokienez, gehienek aipatu dute zerbitzuak euskaraz bermatzeko urratsak egitea.
Ane Pedruzo kazetariak gidatutako ekitaldian, Mertxe Mugika AEKren koordinatzaile nagusiak eta Asier Amondo KORRIKA arduradunak adierazi dute euskalgintzak elkarlan esparru berriak zabaldu dituela. Gainera, Euskaraldian izandako parte hartzea ere nabarmendu dute, baina argi daukate hori ez dela nahikoa: "Normalizazioa ez da etorriko soilik norbanakoon konpromisoetatik, baizik eta normalizazioaren ikuspegi hori gizartearen atal guztietan modu transbertsalean txertatuta". Hori dela eta, norbanakoen konpromisoez gain, engaiamendu kolektiboen beharra aldarrikatu dute: "Euskararen aroan gaude. Orain da unea hizkuntza politika integrala abiatzeko eta garatzeko".
Ekitaldiaren ondoren, bertaratutako eragile guztiek parte hartu dute Korrikaren 1.252. kilometroan.
Elkarlana irudikatuz euskalgintza eta erakundeak, Bastidan. @berria#Korrikapic.twitter.com/0bk4xJZBsu
— Garikoitz Goikoetxea (@ggoikoetxea) April 9, 2019
Aro berriari #klika
— AEK (@AEK_eus) 2019(e)ko apirilaren 9(a)
Konpromisoak sinatu ondoren herri eragile eta erakundeek bat eginda eraman dute lekukoa eskuz-esku aurrera #korrika21pic.twitter.com/XGM0MT7JJX
Korrikak aurtengo ibilbidearen erdia egin du gaur, asteartea. 22:30 inguru zirela iritsi da euskararen aldeko lasterketa 1.280. kilometrora. Alea aldizkariari egokitu zaio kilometro hori, Trebiñuko lurretan. Xanpaina irekita, suziriak piztuta eta umorez ospatu dute:
Ekuatorera iritsi da #Korrika, txanpain eta ke artean. #Klika â¦@berriaâ© pic.twitter.com/9IUtIn2vPW
— Julen Aperribai (@julenaperribai) 2019(e)ko apirilaren 9(a)
Bihar asteazkena, Bizkaira sartuko da Korrika, eta lurralde horretan ibiliko da etzi ere. Igandean, Gasteizen emango diote amaiera. Egun horretarako jai berezia antolatzen ari da AEK. Gaur bertan egin dute egitarauaren aurkezpena.