Eskaera zuzena egin diote Maria Txibiteren gobernuari: «lehenbailehen» alda dezala 1986ko Euskararen Legea, «euskara Nafarroako Foru Komunitate osoan ofiziala izan dadin». Eskaera ez dio euskalgintzaren esparruko eragile batek egin, gainera; Nafarroako Gobernuaren barruko erakunde ofizial batek sinatu du adierazpena: Euskararen Nafar Kontseiluak.
Euskararen plangintzari eta sustapenari dagokienez, Nafarroako Gobernuaren organo aholku-emaile nagusia da Euskararen Nafar Kontseilua, eta, atzoko bilkuran, kritika zorrotza egin zion 1986tik indarrean den Euskararen Legeari eta horrek ezarritako zonifikazioari: «Zentzugabea da Nafarroako herritarren artean muga geografikoak paratzea; areago gaur, gizartean mugak gero eta lausoagoak diren honetan».
Legea idatzi zutenek ere araua «egoera aldatu ahala» moldatzeko asmoa agertu zuten testuan, baina, kontseiluko kideen esanetan, 35 urtean apenas egin den aldaketarik. Uste dute, gainera, legeak ez duela biderik ematen herritar euskaldunen hizkuntza eskubideak betetzeko. Hori dela eta, legea aldatzeko eskatu diote gobernuari, «euskaldunen baztertzea amaitu dadin eta hizkuntza eskubideak bete daitezen».
Ezezkoa dekretuari
Euskararen Nafar Kontseiluak ezezkoa eman dio Nafarroako Gobernuak onartu nahi duen merezimenduen dekretuari: kontrako 15 boto eta sei abstentzio jaso zituen arauaren zirriborroak atzoko bozketan. Litekeena da gobernuak hasierako asmoari eustea eta dekretuari bide ematea.
Arauaren helburua da administrazioaren oposizio lehiaketetanmerezimendu gisa aintzat hartuko diren ezagutzak zehaztea. Euskara, besteak beste. Hori da, hain zuzen, dekretuaren berritasunetako bat. Izan ere, eremu ez-euskaldunean, euskara jakiteak ez du punturik emanen, eta eremu mistoan, berriz, jendaurreko lanpostu bakan batzuetan soilik hartuko da aintzat. Frantsesa, ingelesa eta alemana menperatzea, berriz, merezimendutzat hartuko da..
Bestalde, Espainiako Gobernuak Europako Legebiltzarrari eskatu dio osoko bilkuretan hizkuntza gutxituak idatziz erabiltzeko. Espainiako Gobernuko Lurralde Politikako Ministro Isabel Rodriguezek azaldu du hizkuntza aniztasuna «ezinbesteko ondasuna» dela Sanchezen gobernuarentzat.
Euskararen Nafar Kontseiluak ofizialtasuna galdegin dio gobernuari
Nafarroako Gobernuaren erakunde aholku-emaileak «baztertzailetzat» jo du Euskararen Legea. Ezezkoa eman dio merezimenduen dekretuari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu